Ipar Euskal Herriko eskolak itxiko dituztela iragarri du Macronek

Apirilaren 26an itzuliko dira ikasgeletara ama eskolako eta lehen mailetako ikasleak; maiatzaren 3an kolegio eta lizeoetako ikasleak. Etxeratze agindua atxikiko dute, eta herritarren joan-etorriak murriztuak izanen dira.

Herritar bat Macronen agerraldia sakelako telefono batean ikusten. SEBASTIEN NOGIER, EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 31
20:38
Entzun

Medikuntza eta hezkuntza eragileen presiopean, neurriak gogortzea erabaki du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Ipar Euskal Herriko eskolak itxi egingo dituzte ondoko hiru asteetan, haurtzaindegietatik lizeoetara, eta herritarren joan-etorriak murriztuko dituzte. Jean Castex lehen ministroa Frantziako Asanblearen eta Senatuaren aitzinean mintzatuko da bihar, Macronek iragarritako neurriak eztabaidagai jarri eta bozkatzeko.

Gaur arratsean mintzatu da Macron, eta adierazi du azken hilabeteetan hartu dituzten neurriek eragina izan badute ere birusak hedatu eta hedatu ari duela. «Kontrola galtzeko arriskuaz» abisatu du: «herrialde guzia saturatzeko arriskua dago». Ondorioz, iragarri du martxoaren 18an iragarritako neurriak Frantziako Estatuko lurralde guzira zabalduko dituztela. Hala, 19:00etako etxeratze aginduarekin segituko dute Ipar Euskal Herriko herritarrek, eta joan-etorriak ere murriztuak izanen dituzte: gehienez ere etxetik 10 kilometroko perimetroan mugitzen ahalko dira. Komertzioak itxiak izanen dira, eta telelana «sistematikoa» izanen da. Gutxienez ondoko lau asteetan iraunen dute neurri horiek.

Halaber, iragarri du heldu diren asteetan eskolak itxiko dituztela. Heldu den astean, etxetik hartuko dituzte klaseak ikasleek, eta ondoko bi asteetan oporretan izanen dira; udaberriko oporrak dira Ipar Euskal Herrian. Apirilaren 26an itzuliko dira ikasgeletara lehen mailako ikasleak; maiatzaren 3an kolegio eta lizeoetakoak.

Macronek erran du hemendik aitzina baliabideak indartzeko lan eginen dutela. Hala, ospitaleetako suspertze unitateetan 10.000 ohetara iristeko helburua finkatu du; 7.665 daude gaur egun. Txertaketa kanpaina indartzeko borondatea ere erakutsi du. Gaur egun, 8 milioi herritar baino gehiago txertatu dituzte Frantziako Estatuan.

Konfinamendurik ez

Kritika anitz jaso du Macronek azken egunetan, koronabirusaren krisiari aurre egiteko erabaki duen kudeaketagatik. Frantziako departamendu zenbaitetan intzidentzia tasa 1.000koa da, eta Parisko APHP ospitale sareak erran du ZIUak erabat «gainezka» daudela. APHPko medikuek adierazi dute konfinamendurik iragarri ezean artatu beharreko pazienteen artean «hautuak» egin beharko dituztela. Atzo, Stylo Rouges (Idazluma Gorriak) irakasle taldeak Frantziako Hezkuntza ministro Jean Michel Blanquerren kontrako salaketa bat ezarri zuen, «ikasle eta irakasleen bizia arriskuan jartzeagatik». Hala ere, Frantziako presidenteak orain arteko hautuak defendatu ditu, argudiatuta hartutako neurriekin «oreka» bat bilatzen saiatu direla.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Pirinio Atlantikoetako intzidentzia tasa 7,6 handitu da hiru eguneko tartean, 76,4tik 84ra igo baita. Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, birusaren zirkulazioa emendatzen ari da «aldaerengatik», eta erran dute «bat-bateko goratze bat» gerta daitekeela, orain arte lortutako immunizazioa apala baita Akitania Berria Eskualdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.