12 ikaslerekin ireki dute lehen aldiz Baigorriko Ikastola berria, eta ikasturte amaierarako 14rekin amaitzea espero dute. Bertako haurrek orain arte Ortzaizera (Nafarroa Beherea) joan behar izaten zuten euskaraz ikastera, duela 20 urte abian jarri zuten ikastolak ez baitzuen funtzionatu. Baina guraso batzuen ekimenaren bitartez ikastola berria ireki dute.
Bestalde, Ipar Euskal Herrian ikasle kopuruak gorantz egin du aurten ere. Seaskan 90 ikasle gehiagok eman dute izena. Departamentu osoan 300 ikasle berri daudela kontuan hartuz, datu horrekin baikor agertu dira Ikastolen Elkartekoak. Gainera, eskola publikoetan ere sei gela elebidun gehiago ireki dituzte.
Hala ere, beste bi irakasleren postuak finantzatu beharko ditu Seaskak aurten. Seaskak Hezkuntza Ministerioari hainbat eskabide egin badizkio ere, eskaerei erantzunik ez diela ematen salatu du. Joan den uztailaren 7an Ministerioak eta Seaskak bilera bat egin zuten eta pozik atera ziren, baina heldu den irailaren 14an berriz batzartuko dira. Bestalde, 2007rako Euskararen Erakunde Publikoari diru-laguntza eskatuko diola nabarmendu du Ikastolen Elkarteak.
Hezkuntza