Ipar Euskal Herriko IASk ikasleen «proiektu politiko ofentsibo eta emantzipatzailea» aldarrikatu du

UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak —Baionako campusa ere barne hartzen du— «armadarekin izenpetutako kooperazio akordioa» salatu dute. Azaldu dutenez, akordio horrek modua emanen dio armadari «ikasleak masiboki errekrutatzeko».

Ipar Euskal Herriko IASren mobilizazioa, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ipar Euskal Herriko IASren mobilizazioa, gaur, Baionan. PATXI BELZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko apirilaren 2a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kapitalismoaren krisi historikoa» parean, «proletarizazio prozesu» betean, «gerla inperialistak» heldu direla eta «faxismoa gora» doala, elkarretaratzea egin dute Ipar Euskal Herriko IAS antolakundeko ikasle sozialistek, Baionako merkatuko plazan. Mundua testuinguru latzean den honetan, ezinbestekotzat jo dute «ikasle antifaxistak» karrikako borrokara batzea.

Azken hilabeteetako egoera politikoa aipatu dute, Ameriketako Estatu Batuetarik haste: «Kuban ezarritako blokeo politikoa muturreraino eramaten ari dira, eta Venezuela eta Irani eraso egiten segitzen dute». Israelgo Gobernua Palestinan egiten ari den genozidioa ere salatu dute beste behin, eta «Europa gerlara prestatzen» ari dela. Munduko eraso horiek, erran dutenez, erakusten dute «kapitalisten arteko lehia muturrera» eramaten ari direla, hots, «gerla inperialistara».

Noren mesedetan, baina? Erantzuna eman dute segidan: «Burgesiaren interesak mantentzeko, langile klasea kondenatzen ari dira. Europako herrialdeek arma industrian inbertitzen duten bitartean, zerbitzu publikoak eta prestazio sozialak murrizten dituzte». Eta Frantziako errealitateari heldu diote, haien ustez ez baita kasualitatea Frantziako Gobernuak borondatezko soldaduska plantan eman izana. Dinamika berean kokatu dute UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak —Baionako campusa ere barne hartzen du— «armadarekin izenpetutako kooperazio akordioa». Azaldu dutenez, akordio horrek modua emanen dio armadari «ikasleak masiboki errekrutatzeko».

Ideologikoa ere bada IASko militanteen kezka, «interbentzio kultural ideologikoaren bitartez belaunaldi gazteenak [gerlaren] etorkizuna onartzera eta bizitzera prestatzen» ari direlakoan. Ideologia hori «erreakzionarioa» da, eta argi dute nolako propaganda masiboa zabaltzen ari den hala sare sozialetan nola gizartearen esparru orotan. Horrela, «gero eta ikasle gehiagok ideia faxistak normalizatzen dituzte».

Bestalde, kontsideratu dute faxismoa, ezinbestez, «baztertzailea» dela eta «matxismoa, arrazakeria eta muturreko nazionalismoa» dituela oinarri. Hala, argiki erran dute ikasleen «proiektu politiko ofentsibo eta emantzipatzailea» ezinbestekoa zaiola borroka antifaxistari. Eta deia egin dute: «Ikastetxez ikastetxe kontzientzia antifaxista hedatu eta faxismoaren kontra antolatu behar dugu. Ikasle antifaxistak karrikara!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA