Ipar Euskal Herriko instituzio berria asmatu nahian

Batera-k foroa antolatu du Baionan, heldu den urteetan sortu gogo duten estatus bereziko lurralde elkargoaz gogoetatzeko. Alsaziako eta Lyongo ereduak aztertu dituzte, eta hausnartu dute nola parte harrarazi herriei eta gizarte zibilari.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko azaroaren 22a
16:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer eta nolakoa. Bi galdera horietaz gogoetatu nahi du Batera plataformak. Biltzar nagusia egin zuten maiatzean, eta erabaki Ipar Euskal Herrirako estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzeko eskaria berriz plazaratzea. Orain gogoetatzen ari dira, ikusteko instituzio berri horrek nolakoa izan behar lukeen, eta hura lortzeko zer bide hartu litekeen. Foroa antolatu dute Baionan, Alsaziako eta Lyongo ereduak aztertzeko eta talde txikitan eztabaidatzeko.

Peio Jorajuria Batera-ko kideak oroitarazi du 2012an eskatu zutela lehen aldiz estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzea. Departamendu mailako instituzio bat irudikatu zuten garai hartan, hau da, egungo Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren lekua hartuko lukeena Ipar Euskal Herriko lurraldean; eta zortzi eskumen nagusi finkatu zituzten: etxebizitza, garraioa, laborantza, turismoa, ekonomia, kultura, euskara eta mugaz gaindiko harremanak. «Orduan bazen instituzio horren aldeko gehiengo bat», oroitu du Jorajuriak.

Parisek, haatik, ezezkoa eman zuen, eta, azkenerako, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen. Aitzinapauso gisa ikusi zuten gehienek, baina Jorajuriak azpimarratu du ez zela «eskatutakoa», eta ez ziela erantzuten «Ipar Euskal Herriaren borondateari eta beharrei».

Aztertzen ari dira desio duten bilakaera instituzional hori Euskal Hirigune Elkargotik abiatzea, haren eboluzio bat aurreikusita. «2019an 27 aholku eman zituen Batera-k Euskal Elkargoaren funtzionamendua hobetzeko; batzuk kontuan hartu ziren, eta besteak ez. Elkargoa hobetu daiteke, baina tresna mugatua da: ez die sekula erantzunen 2012an egin ziren eskaerei».

Eredu bila

Frantziako Estatuko administrazioan tokiko lau erakunde mota badira, legearen arabera: herriko etxeak, mankomunitateak —herri, hirigune edo hirialde elkargoak izan daitezke, neurriaren arabera—, departamenduak eta eskualdeak. Bakoitzaren irizpideak eta eskumenak Frantziako legeak zehazten ditu, eta berdinak dira lurralde guzietan.

Alta, konstituzioaren 72. artikuluak aukera ematen du esparru horretatik ateratzen diren estatus bereziko lurralde elkargoak sortzeko. Halakoak dira Parisko eta Lyongo metropoliak, Korsika eta Alsazia. Frantziako Asanbleak lege bat onartu behar du estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzeko, eta bakoitza desberdina da. Lyongo Metropoliak hirialde elkargoaren eta departamenduaren eskumenak ditu; Korsikakoak, departamenduarenak eta eskualdearenak; Parisek, herriko etxearenak eta departamenduarenak; eta Alsaziakoak, bi departamenduren fusioa izanik, eskumen gehigarri batzuk ere baditu.

Alsaziako eredua aztertu dute, besteak beste, Baionako foroan, eta, bereziki, eragin dituen «frustrazioak». Instituzio handinahiago bat desio zuten han ere, eta gaur egungoak ez ditu asetzen herritar anitz. Departamenduaren eskumenez gain, kudeatzen dituen eskumen gehigarriak interesgarriak izan litezke Euskal Herriko ikuspegitik, hala nola mugaz gaindiko harremanena, hizkuntza eta kultura arloarena, Europako funtsen kudeaketarena... Haatik, hango instituzioaren sortzeak ez du kausitu hostopil administratiboa sinpletzea, eta bi instituzio handiren artean blokeatua dago Alsaziako Elkargo Europarra: Estrasburgoko Eurometropoliaren eta Ekialde Handia eskualdearen artean.

Renaud Payre Lyongo Metropoliko presidenteordeak instituzio berria osatzeko prozesua aipatu du, baita sortu dituzten erabaki organoak ere. Horietan izan dituzten gorabeherak ere aletu ditu. 

Erabakia eta aholkua

Euskal Hirigune Elkargoan parte hartzen duten hautetsiek herriko etxeetako ordezkari gisa parte hartzen dute; herri bakoitzak ordezkari kopuru jakin bat du, biztanle kopuruaren araberakoa. Estatus bereziko lurralde elkargo batean, sufragio unibertsalaren bidez hautatzen dira hautetsiak. Hori ere bada Batera-ren gogoeta: oreka lortzea zuzeneko sufragioaren eta herrien ordezkaritzaren artean, hostopil administratiboa sinpletzea, gobernantza orekatua izatea lurraldeari dagokionez, eta gizarte zibilaren parte hartzea bermatzea.

Puntu horiei erantzuten saiatu da Jean Pierre Massias zuzenbideko irakaslea. Eta berehala jarri du lehen muga: «estatus bereziko lurralde elkargo bat bada, ganbera bakarreko eskema ezinbestekoa da. Botere erabakitzailea hark du, eta ezin du banatu». Ganbera bat baino gehiago sortuko balira, gainerakoek aholku batzorde gisara funtzionatuko lukete.

Hiru aukera irudikatu ditu ganbera erabakitzailearen alboan herrien batzorde bat osatzeko: lehena, Ipar Euskal Herriko herri guzietako ordezkaritza bana lukeen ganbera bat; ponderazio demografiko baten arabera osatzeko aukera ere aipatu du. Bigarrena herrietako ordezkaritza bat litzateke, baina herri bakoitzeko ordezkari bana izan gabe; gaur egun hirigune elkargoaren barnean diren lurralde poloen araberako banaketa bat irudikatu liteke. Hirugarren aukera litzateke aholku batzorde gisara funtzionatuko lukeen beste ganbera horrek herrien ordezkaritza eta gizarte zibilarena nahastea. 

Massiasen erranetan, aukera edozein izanik ere, egitura horren funtzionamendua eta rola definitu beharko dira. «Kontuan hartuta ganbera horrek iritziak baizik ezin ditzakeela eman, sistema bat pentsa daiteke ganbera horren iritzia ezinbesteko bilakatu dadin erabaki batzuk hartzeko». Eta abisua ere eman du: «Ezin da izan egitura apaingarri bat. Esku hartzeko gaitasuna eman behar zaio, aurrekontu bat. Erabaki ganberak soilik jardun behar luke aholku ganberaren ondotik. Baina ez da izan behar blokeoa sor dezakeen mekanismorik ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.