Biztanleria etengabe behera doalakoan kenduko dituzte irakasle postuak heldu den sartzean. Haatik, «aitzakia» besterik ez da hori, hezkuntzako intersindikalaren ustez: UNSA, FSU, SUD eta FNEC FP-FO sindikatuek bat egin dute Pirinio Atlantikoetako Departamenduan mobilizazioak antolatzeko martxoaren 10eko eta 31ko. Lehen hitzordua, beraz, heldu den asteartean emana dute, Paueko (Okzitania) Espainia plazako 2. zenbakian, Hezkuntza Ministerioaren Departamenduko Zerbitzuen Zuzendaritzaren aitzinean. Denak deitu dituzte mobilizatzera, «hala irakasleak nola gurasoak», eta, orokorrean, herritarrak oro.
Sindikatuetako kideek salatu dute Frantziako Gobernuak, biztanleriaren apaltzea baliatu orde «ikasle gutiagoko gelekin» irakasleei «arnasa emateko», peko errekarako bidean ezarri duela zerbitzu publikoa, «jadanik beteegiak» baitziren gelak, eta, orduan, orain ikasle gutiago sartuko bada ere, lehengo egoera ez baita konponduko.
Bi bilkuratan trenkatuko da zenbat postu galduko diren: batean lehen mailakoez ariko dira, eta bestean, bigarren mailakoez. Argi dute egoera ez dutela osorik aldatzen ahalko, baina espero dute postu guti batzuk atxikitzea bederen.Â
Pirinio Atlantikoetako Departamenduan oro har, 62 postu arriskuan dira, eta, Ipar Euskal Herriari dagokionez —orain arte jaso dituzten erantzunen arabera—, sindikatuek kalkulatu dute 80 eta 120 eskola artean hunkituak izanen direla. Postu bat ez baita ezinbestez leku bakarrari loturik: postu bati dagokion zeregina zenbait eskolatan banatua izan daiteke, eta, horregatik, 62 posturen kentzeak oraino eskola gehiagori eraginen lieke. Zehazki, 50 postu desagertzeko arriskuan dira, baina beste hamabi postu aldatuak izanen dira segur, ez gehiago irakasle lanen betetzeko baizik eta koordinazio lanen egiteko;, «eta haur elbarrituei laguntza ekartzeko».
Alde horretatik, intersindikalak salatu du postuak kentzeko tenorean ez dutela pentsatu geldituko diren postuen baldintzak hobetzea: ikasleen inklusioari eta ingurunearen kalitateari egin diete erreferentzia.