Ipar Euskal Herriko irratiak postu bana galtzeko arriskuan daude Frantziako 2026ko buxetaren murrizketak direla eta

FSER Frantziako irrati libreen funtsean %44ko murrizketa izateko arriskua dago, sindikatuei jakinarazi zaienez. Ipar Euskal Herriko irratiek prentsaurrekoa egin dute mobilizazio ziklo baten iragartzeko.

Ipar Euskal Herriko irrati libreen prentsaurrekoa, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ipar Euskal Herriko irrati libreen prentsaurrekoa, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko urriaren 31
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrahaste. Iaz bezala, Ipar Euskal Herriko irrati libreak mobilizazio ziklo batean sartu dira urte hondar honetan ere, bigarren urtez segidan Frantziako buxetaren murrizketa planean aurreikusia baita FSER Frantziako irrati libreen funtsa apaltzea. Honakoan, sindikatuei iragarri diete apaltzea %44koa izanen dela: Euskal Irratientzat, adibidez, aitzinkontuaren %40 da hori, hots, murrizketa horren eraginez «estruktura bakoitzean langile bat gutiago» izanen litzateke, Teixa Ihidoi Euskal Irratien koordinatzaileak ondorioztatu duenez.

FSER funtsaren eragin eremuan orotara 770 bat irrati libre daude gaur egun, denak funts horri esker bizi direnak: berez 38 milioi eurokoa da, eta aurreikusi bezainbeste jaitsiko balitz 2026ko Frantziako aitzinkontuan, irrati libreen kasik erdiari eraginen lieke larriki, 3.000 lanpostu inguru kenduko bailituzke. Joan den urtean, lortu zuten hamar milioi euro galtzeko arriskuaren saihestea; aurten, berriz, hamasei milioi euro lirateke.

Irratiak eta demokrazia «lanjer larrian» ezarriko lituzkeen murrizketa horren salatzeko, prentsaurrekoa egin dute gaur arratsaldean Ipar Euskal Herriko irratietako ordezkariek, Baionan. Irrati euskaldunetakoak eta erdaldunetakoak bildu dira, diru funtsaren apaltzeak ber heinean hunkiko bailituzke denak: Euskal Irratien izenean Ihidoi eta Jojo Bidart mintzatu dira, eta, irrati erdaldunen izenean, berriz, Gilles Xuri, Zuberoako Mendililia irratiko langilea.

Denak ados dira murrizketaren ondorioz Ipar Euskal Herriko irrati bakoitzean gutienez postu oso bat galduko litzatekeela guti gorabehera. Bidartek ozen defendatu ditu irratien «zeregina» eta «beharra», dela tokiko informazioaren edo dela euskararen eta euskal kulturaren hedatzeko ardurari begira.

Kontraerranak

Egitarau politikoa biziki hertsia da Parisen. Frantziako lehen ministroak bata bestearen ondotik ordezkatu dituzte, eta 2026ko aurrekontua abendua bukatu gabe trenkatzekoa dute. Hain zuzen, horretan dabiltza oraintxe, tartean izanik FSER funtsaren eztabaidak. Ihidoi epeez mintzatu da: orain, kultura batzordeak 38 milioitan egoteko zuzenketa onarturik, finantzen batzordeari dagokio ondoko erabakia, azaroaren 7an; gero, azaroaren 12tik 22ra, batzorde publikoan eztabaidagai izanen da afera, aurrekontu orokorrera joan aitzin; hondarrean, Senatuak hartuko du azken erabakia.

Irratietako ordezkariek argiki erran dute hilabetea negoziatzen pasatuko dutela, auzapezekin, diputatuekin eta senatariekin elkarrizketan. Xurik azpimarratu du erantzunak anitz aldatzen direla hautetsi batetik bestera: batzuek erran diete funtsaren zama bera egonen dela aurten ere; besteek, berriz, apalduko dela baina ez iragarri bezain beste. Mezu argirik ez, ordea.

Funtsaren arazoari ez ezik egoera orokorrari so eginez, Ihidoik adierazi du ulertezina zaiela nola etengabean galdetzen zaien irratiei berritzeko, arlo digitalerako jauzia egiteko, DAB+ teknologiarekin emititzeko, eta, aldi berean, halako murrizketak inposatzen zaizkien. Erraterako, milaka euro gosta zaizkie halako aldaketak eta, dirurik ematen ez bazaie, proiektuak ez dira gehiago jasangarriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.