Apirilaren 6an Olivier Veran Frantziako Osasun Ministroak iragarri zuen zahar etxeetan test azkarrak egiten hasiko zirela, langile eta pazienteak ahal bezain fite tratatzen hasteko. Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko lehendakari Jean Jacques Lasserrek Biopyrenees laboratorioarekin bat egin du detekzio azterketak bultzatzeko. Hala, osasun arloko langileak formatu dituzte test azkarrak egiteko eta gaurdanik hasiko dira kasuak topatu dituzten zahar etxeetan egiten. Datorren astetik aitzina, proba masiboak eginen dituzte zahar etxe guztietan, baina beste motatako osasun etxeetan ere bai.
Lasserrek segurtatu du Eskualdeko Osasun Agentziak finkaturiko norma berezi guztiak errespetatuko dituztela langileek probak egin, garraiatu eta aztertzeko. Beharrezkoa den babes material guztia hornituko du departamenduak. Probak egin ondoren, zahar etxeetako mediku koordinatzaileek jasoko dituzte erantzunak. Araberako erabakiak hartuko dituzte paziente eta langileak artatu, eta, birusaren hedapena murrizteko.