Baionako San Izpiritu auzoko eraikin enblematikoetarik batera sartu ziren Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistakoak (IEHKS) duela hiru aste pasa: Atalante zinema zenera. «Aktibitate politiko, kultural eta sozialak gauzatzen hasiko gara», adierazi zuten agiri batean, Atalante zaharreko ateak ireki zituzten goizean berean, irailaren 3an. Bertan ziren geroztik, txandaka gauak pasatzen. Orain, berriz, eraikina hustu dute, okupazio horrekin aldarrikatzen zuten «Baionako zentro sozialista» lortu baitute, Lesseps kaian: zenbait elkarrizketaren ondotik, Baionako Herriko Etxeak 120 metro karratuko lokala proposatu die, Zizpa gaztetxetik ez urrun; 2026ko ekainean sartuko dira.
IEHKSko kidea da Lur Renteria, eta biziki ontzat jo du Atalante zinema zenean pasatu dituzten hiru asteak. Egoitza hartu zuten egunean okupazioaren aurkezpen bilkura egin zuten sartzeko gela nagusian: 180 bat jende bildu ziren Renteriaren arabera, San Izpiritu auzokoak eta beste zenbait baiones ere bai. «Helburua zen geure burua aurkeztea auzotarrei, jakin zezaten nor garen eta zer nahi genuen egin leku horretan. Auzoko jende horri ere parte harrarazi nahi genion: abantzu programazio guzia auzokoen bidez egin da. Biziki-biziki ongi hartua izan da; jende andana bat bildu da».
Aste bat eta erdiz, ireki zuten egunetik irailaren 10eko blokeatze egunera arte, egitarau landua eskaini zieten biztanleei: gunearen hobeki prestatzeko auzolanak goiz oroz, tailerrak, mintzaldiak, irakurketak, musika... Baita Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren ildoko zenbait solasaldi politiko ere. Funtsean, hori baitzuten hatsarreko helburua, Ipar Euskal Herriko zentro sozialista Atalante zaharrean plantatzea, momentu baterako, gutienez. Haatik, zentroa bera luzerako proiektu gisa dute: Baionako Herriko Etxearekin aspalditik harremanetan sartuak ziren, eztabaidatzeko zer litzatekeen horien egoitza lortzeko bidea.

Atalante zaharrean, Lesseps kaian edo beste nonbait izan, zentro horren beharra azpimarratu du Renteriak, «Euskal Herriko beste inguruetan zentro sozialistak diren bezala, hainbat jardunetarako egokiak». Atalante zaharrak «hortarako baldintzak» bete zitzakeen IEHKSkoen ustez. Alde batetik, handia baita, eta, bestetik, erreferentziazko gunea baitzen: sortzaile filmak hedatzeaz gain, mugimendu militantearen topaleku izan da urteetan, eta mota anitzetako elkartasun gaualdiak antolatu izan dituzte. Azken urteetan, Lesseps kaira mugitua da zinema, zenbait hilabeteren buruan IEHKS instalatuko den gunetik zenbait metrora, hain zuzen.
Renteriak azaldu du nola iragan diren elkarrizketak herriko etxearekin: «Lehen topaketan argiki erran zigun ez zuela nahi gu hemen [Atalante ohian] egoterik». Hain zuzen, herriko etxeak fite adierazi zuen sobera andeaturik dela egoitza publikoari irekia izateko, eta, gainera, bidean dagoela lekua berritu eta etxebizitzak sortzeko proiektua. «Bigarren hitzorduaren ondotik, proposamena egin zigun Lesseps kaiko gune baterako»; horregatik eten zuten Atalante zaharreko egitaraua, negoziazioak «ahal bezain ongi joan zitezen». Hura zen IEHKSkoen baldintza: «Atalante zaharra ez uztea hutsik, proiekturik gabe eta auzotarren beharrei erantzun gabe».
Etxea edo zentroa?
IEHKSk okupatu zuen arte, bazuen sei urte Atalante zinema ohia hutsik zela, Lesseps kaira leku aldatu zenetik. Halere, bazen egoitza zaharra biziarazteko proiektu bat duela bost urte adostu zutena Baionako Herriko Etxeak eta Etxea elkarteak —hainbat pertsona ezagunek osatutako elkarte bat zen, eta tartean zen, besteak beste, Jean Noel Etxeberri, Txetx—; okupazioa ikusita, Etxea elkarteak agiri bat agertu zuen joan den astean. Argitu dute lehenik: «Etxeak ez du inolako iritzi negatiborik Atalante zaharraren geletan berriki egin den okupazioari buruz. Alderantziz, okupatzaileek egiten duten lana eta antolatzen dituzten animazioak kalitate handikoak iruditzen zaizkigu, eta hein handi batean bat datoz egoitza gure esku izan bagenu garatuko genituen praktika eta animazioekin».
Halere, uste dute zenbait muga ekar ditzakeela lekuaren kudeaketa mugimendu politiko baten esku izateak. 2019an prestatu zuten proiektuaren estatutuek «gobernantza irekia finkatzen zuten, Etxea elkartean parte hartu nahi duten auzoko, hiriko eta lurraldeko biztanle eta eragileei irekirik» izan zitezen. Horien ustez, beraz, gobernantza hori ezin zaio lotua izan «ezein erakunde politikori eta, are gutxiago, ezin da erakunde politiko batek gidaturik izan, edozein izanik ere erakunde hori».
Renteriari alderantzizkoa iruditzen zaio: «Ez bada antolakuntza politiko baten bidez egiten, uste dugu horrelako proiektuak ezin direla langileriari egiazki irekiak izan». Gainera, azpimarratu du Etxearen proiektua duela sei urtekoa dela eta gauza guti baizik ez direla; Etxeak, berriz, zehaztu du proiektua ez dela «sekula baztertua izan», horretaz arduratzen zen batzordea ez baita desegin. Dena den, lekuak utzi dituzte orain IEHKS-koek, eta horretarako baldintza ezarria baitzuten, agiri batean iragarri dute «bilkura publiko bat eta proiektu deialdi berri bat» eginen dituela herriko etxeak, «okupazioaren presioari esker».
Etxeak, bere aldetik, adierazi du herriko etxeak proiektu deialdi berri bat egitearen alde dela, 2019az geroztik zenbat urte iragan diren kontuan harturik. Berriz ere, proiektu mota bera aurkeztuko lukete, nahiz eguneratua: «Kafe Antzoki proiektua, herrikoia, sostengagarria eta solidarioa; hirugarren leku bat, auzoko, Baionako eta Euskal Herriko biztanleei eta dinamika herrikoi, kultural eta artistikoei irekia». Horiez gainera, horien proiektuak eraikinaren solairuetan «etxebizitza sozialak sortzeko aukera» uzteko xedea du, «lurrik artifizializatu gabe».