Iparragirreren egoera ikertzen ari da Espainiako Arartekoa

Preso eriaz informazio gehiago eskatu dio espetxe administrazioari. Epaileak abenduan ebatzi zuen Arrasateko erietxe batera eramatea

jon olano
2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ibon Iparragirre Ondarroako (Bizkaia) preso eriaren egoerari buruz, azalpenak eskatu dizkio Espainiako Arartekoak espetxe administrazioari. EH Bilduko senatari Jon Iñarrituk eginiko eskari bati erantzunez eman du horren berri Francisco Fernandez Marugan arartekoak. Abenduaren 18koa da arartekoak Iñarrituri emandako erantzuna; alegia, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok Espainiako espetxe administrazioari agindu aurrekoa Iparragirre «ahalik eta lasterrena» Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni erietxeko gune itxira bidaltzeko.

Iñarrituk eskatu zuen Arartekoak azter zezala Iparragirreren kasua, haren giza eskubideak urratu ote diren ikertzeko, eta Senatuko Mahaiak urriaren 24an bideratu zuen eskaria. Arartekoak gutunean azaltzen duenez, Iparragirre bigarren graduan zegoen preso Madrilen, Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiaren erabakiz. Hori horrela, «jasotako azken idatziaren edukia kontuan hartuta», arartekoak beharrezko jo du espetxe administrazioari informazio zabalagoa eskatzea administrazioak berak aurretik bidalitako informazioaren inguruan. Zehazki, galdetu dio zein irizpide duen Iparragirreri «osasun arrazoiengatik» baldintzapeko askatasuna emateko aukeraren inguruan. Xehetasun gehiago jasotzerakoan Iñarrituri helaraziko diola jakinaraziz amaitzen du gutuna Fernandez Maruganek.

Iparragirrek hiesa du, 3C fasean —estadiorik aurreratuenean, hain zuzen—, eta, 2010ean espetxeratu zutenetik, haren egoerak okerrera egin du etengabe. Urtebetera jakin zen gaixo zegoela, eta orduan eskatu zuen 104.2 artikulua indarrean jartzeko; hau da, larri gaixo dauden presoak baldintzapean aske geratzea ahalbidetzen duen artikulua. Aurten egin dizkioten osasun azterketen arabera, defentsak oso apal ditu, hogei inguru. Pertsona osasuntsu batek 720 eta 1.150 bitartean izan ohi du defentsen maila; 500etik behera jaisten denean, egoera kezkagarria izaten hasten da. Zortzi urte daramatza preso Iparragirrek.

Bigarren graduan

Baldintzapean aske uzteko eskaera zuen egina, baina helegitea soilik partzialki onartu zion De Castro epaileak eta bigarren graduan mantentzea erabaki zuen. Presoa Arrasatera eramateko autoan, Castro epaileak jaso egin zituen azken azterketa medikoen emaitzak. Denak bat datoz larri dagoela Iparragirre. Abenduaren 11ko data duen azken azterketaren arabera, presoa «sendaezina» da, GIB birusak eragindako kalteak «konponezinak» dira, eta edozein infekziok «presoaren bizia arriskuan» jar lezake.

Erabaki horrekin desados azaldu zen Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkartea, neurria «krudela» delakoan. Uste duAita Menni zentrora eramateko erabakiak ez dituela presoak dituen osasun beharrak asetzen. «Ibon Iparragirrek bere senideekin egon behar du eta tratamendua duintasun osoz jaso behar du». Hilabeteotan, Euskal Herriko nahiz nazioarteko hainbat plataformak eta erakundek ohartarazi dute haren egoeraz: besteak beste, Torturaren Aurkako Munduko Erakundeak gutunak bidali zizkien Castro epaileari eta Espainiako Barne Ministerioari, eta Osasun Publikoko 300 mediku inguruko talde batek adierazi zuen Iparragirreren egoera ez dela espetxearekin «bateragarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.