Ipurmasailean adar ziztada jaso du gazte batek bigarren entzierroan

Cebada Gagoko zezenek, bestela, entzierro azkarra eta garbia egin dute. 2.35 iraun du.

2009ko uztailaren 8a
09:19
Entzun
Atzokoaren oso antzeko entzierroa izan da gaurkoa, Iruñeko sanferminetako bigarrena: azkarra (2.35) eta garbia. Ez da adarkadarik izan, adar ziztada bat baizik ez. Madrilgo gazte batek jaso du, ipurmasailean, Mercaderesen, eta Virgen del Camino erietxera eraman dute artatzera.

Bestela, Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, hiru kolpatu baino ez dira izan nabarmentzeko modukoak: Mercaderesen korrikalari batek buruan hartu du min -24 urteko australiarra da; erietxera eraman dute-, Estafetan beste batek belaunean -36 urteko suitzarra, eta ospitalera eraman dute-, eta zezen-plaza inguruan batek besoan. Ezer larririk ez hirurek.

Cebada Gago ganadutegiko zezenak izan dira gaur, eta ganadutegi hori nahikoa arriskutsua izan ohi da, zezen azkarrak eta zitalak direlako, batik bat bakarrik geratzen direnean. Urteetan eman dituzte adarkadak -azkenaldian batere eman ez duten arren-. Haien pisuak badu zerikusirik: sanferminetako entzierro bakoitzean zezenek batez beste 600 kilo izaten dituzte, baina Cebada Gagoko gaurkoek 525 kilo dituzte -besteetan, antzera-. Abiaduran nabari da hori, bizitasunean...

Gaur Santo Domingoko erdialdean bi zezen erori eta atzean geratu dira. Arriskutsua zen unea, baina ez da deus pasatu, garbi korritu dute eta Mercaderes erdian harrapatu dituzte beste zezenak. Estafetan ere erori dira pare bat zezen, pixka bat atzeratuta egin dute karrera, baina ezer ez.

Entzierroak

Uztailak 7. Ganadutegia: Alcurrucen. 2.30eko iraupena. Adarkadarik ez. Zauritu larririk ez.

Uztailak 8 (gaur). Cebada Gago. 2.35. Adar ziztada bat. Zauritu larririk ez.

Uztailak 9 (bihar). El Vetorrillo.

Uztailak 10 (ostirala). Jandilla.

Uztailak 11 (larunbata). Dolores Aguirre.

Uztailak 12 (igandea). Miura.

Uztailak 13 (astelehena). Fuente Ymbro.

Uztailak 14 (asteartea). Nuñez del Cuvillo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.