Gerra zikinari buruz galdetzea "iraganeko mamuak xaxatzea" dela erantzun atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideari, honek Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak azaroaren 7an El Pais egunkarian egindako adierazpenen inguruko iritziaz galdetu zionean. Iraganeko "mamuak" oraindik ere jendearen oroimenean daudela erakutsi dute gaur Bilbon. Izan ere, Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko kide ohiak omendu dituzte ezker abertzaleak eta haien senideek. Biak tiroz hil zituzten: aurrena duela 26 urte Bilbon, bigarrena duela 21 Madrilen, biak ere gaurko egunez.
Goizeko hamaiketan, Errekaldeko plazan, Muguruzaren monolitoan lore eskaintza egin dute. Hamabietan, berriz, Ametzola parkean, Brouarden monolitoan. 18:00etan Casilla kiroldegian Izan zirelako gara. Irabaziko dugu! lelopean ekitaldi politikoa izango da.
Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoak eguerdian azaldu du halako omenaldiak egiten segituko dutela, eta Lopezen adierazpenak deitoratu ditu. "Berak egunero erabiltzen ditu biktimak irtenbide elkarrizketatua eta prozesu demokratikoa blokatzeko".
"Brouard eta Muguruza bezalako milaka militante abertzaleren lanak ahalbidetu du gaurko egoerara iristea", esan zuen duela bi aste Santi Brouard zenaren alaba Edurnek.
Atzo Jaurlaritzako lehendakariak ez zituen Gonzalezen hitzak gaitzetsi nahi izan. EAJri eskatu zion ez dezala bilatu etekin politikorik "epaituak eta zigortuak" dauden ekintzetatik, eta, bestela, auzitegietara jo dezala.
poliTIKA
Iraganeko "mamuak" oroituz
Santi Brouard eta Josu Muguruza omendu dituzte ezker abertzaleak eta senideek Bilbon. Tiroz hil zituzten biak duela 26 eta 21 urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu