«Birusak ez du euskara geldituko». Hala aldarrikatu du Gilen Zaldunbide Angeluko (Lapurdi) euskaltzaleak. Mintza Lasai festibalaren antolaketan parte hartzen du urtero, eta aurten ere buru-belarri aritu da. Osasun egoera berezia izanik ere, azaldu du aurtengoa ere atxikitzea erabaki dutela, baina programazioa murriztu behar izan dutela. Berez aurreikusiak ziren 45 ekitaldietatik hogei bat baizik ez dira izanen, eta Miarritzeko (Lapurdi) Marion lakuaren inguruan egitekoa zen egun osoko egitaraua bertan behera utzi dute.
«Frustrazioa» aipatu du Viviane Ithursarri Miarritzeko euskara teknikariak, baina, hala ere, programazio «polita» osatzea lortu dutela. Astelehenetik igandera, zazpi gairen inguruan arituko dira, egun bakoitzean bat. Tailerrak, hastapenak, film emanaldiak, hitzaldiak... aurten ere denetik izanen da, hiru hirietako elkarteek proposaturik, eta osoki euskaraz. Egitarau osoa Mintza Lasai webgunean aurkitu daiteke. Ekitaldi bakoitzean segurtasun neurriak beteko dituzte, eta aitzinetik izena emateko eskatu dute, lekuak mugatuko dituztelako.
Aurten ere Miarritze eta Baionako herriko etxeen babesa jaso du Mintza Lasai festibalak. Anne Pinatel Miarritzeko hizkuntza politikarako axuantak berretsi du ondoko urteetan «euskararen garapena babesten» segituko dutela. Xabier Parrilla Baionako hizkuntza politikarako axuantak, berriz, «politika handinahiak» iragarri ditu; «Baionak euskaraz mintzatu behar du».
Osasun egoerak aurtengo festibala baldintzatu badu ere, Ithursarrik azpimarratu du jadanik heldu den urtekoari begira ari direla. X. aldia izanen da, eta erran du lan eginen dutela oraindik «ederragoa eta handiagoa» izateko.