Irailera arte behintzat ez dute dimisioa emango Nafarroako institutuetako zuzendariek

Hil honetan baldintza gisako agiri bat helarazi nahi diote Nafarroako Gobernuari; horri lotu diote kargua ez uztea

Hezkuntzako murrizketen aurkako protesta, orain bi aste, Iruñean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Karguan jarraituko dute oraingoz Nafarroako institutu publikoetako zuzendariek. Murrizketak pairatuko dituzte eskoletan irailetik aurrera, eta Nafarroako Gobernuak atzera egin ezik dimititu egingo zutela ohartarazi zuten. Ordea, oraingoz atzera egin dute. Irailera arte behintzat ez dute kargua utziko. Hori bai, baldintzak jarriko dituztela jakinarazi dute: uztailean agiri bat taxutuko dute, ez dimititzeko kondizio izango dena.

Egoeraren larriaren adierazgarri, Iruñean jaia lehertu zen egun berean bilduta egin zuten goiz osoa Nafarroako institutuetako 60 zuzendarik baino gehiagok. Murrizketa hotsek ezinegon handia eragin baitute haien artean. Nafarroan hezkuntzan ari diren langileen ordezkaritza duten sindikatu guztiek elkar hartuta jo zuten alarma orain bi aste: 235 irakasle kanporatu eta haien lana besteen gain uzteko asmoa zuela Iruñeko gobernuak. Ohar bat bidali zien Hezkuntza Departamentuak 60 bat eskolari iragan ekainaren 20an, eta haren bitartez eman zien murrizketaren berri.

Gobernua aldatu aurretxoan egin zuten hori, Alberto Catalan zelarik Hezkuntza kontseilari. Gobernu berriak bere egin du erabakia, nahiz eta elkarrizketarako prestasuna azaldu duen. Jose Iribas kontseilaria ulerkor agertu da irakasleen haserrearekin: «Barkamena eskatu diet. Gauzak egin zitezkeen beste era batera», esan zuen zuzendarien ordezkariekin astelehenean bildu eta gero. Hizketarako prest agertu da, baina bereari eutsita: «Beharrezko neurria da, eta egokia: aurrezteko balio du eta ez du eraginik izango irakaskuntzaren kalitatean».

Langileen bizkar egingo dute murriztea. Astean orain arte baino ordubete gehiago eman beharko dute eskola eta adin handiena dutenei kendu egingo dizkiete lanaldi murriztuak. Hala, behin-behineko langile asko ez dituzte kontratatuko irailean. Sindikatuen zenbakiak apaldu ditu Iribasek: 112 irakasle gutxiago hartuko dituzte. «Ez dira kontratuak deuseztatuko; behin-behineko lanpostu gutxiago egonen dira».

ADI Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendarien elkarteko kideek asanblada zuten atzo, dimisio aukerari bide eman edo ez erabakitzeko. Bilerara bertara joan egin zen Iribas kontseilaria. Zuzendariek kargua uztea saihestu nahi zuen nondik edo handik. «Espero dut egoerak eskatzen duen mailan egotea», esan zien. Kontseilariak berretsi du kalitateari eutsiko diotela, eta ikasleak gogoan izan beharko lituzketela zuzendariek.

Berriro antolatu beharko dute

Eta oraingoz lortu du xedea Nafarroako Gobernuak: murrizketetan ez du atzera egin eta irailera arte behintzat karguan segituko dute zuzendariek. Haien elkarteko presidenteak, Javier Mangadok, esan du egoera gehiago ez korapilatzeko hartu dutela erabaki hori: «Hurrengo ikasturtea antolatuta utzi nahi izan dugu dimititzeko erabakia aurreragorako utzita». Murrizteek gorabehera handiak sortu baitizkie eskolei. Ordutegiak-eta eginda zeuzkaten, eta agindu berriaren arabera berriro taxutu beharko dituzte. Bileran eztabaidagai izan zuten ikasturte hasiera atzeratzea ere.

Irailaren 15era arte atzeratu dute dimisio aukera zuzendariek, baina baldintzatu egin dute erabakia. Uztailean baldintza gisako agiri bat helaraziko diote gobernuari. Hori aintzatestearen arabera emango dute dimisioa edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.