Ertzaintzak duela lau egun atxilotu zuen Iraitz Santa Cruz Hernanin (Gipuzkoa), ETArekin zerikusia duelakoan, harrezkero inkomunikatuta dauka eta bihar eramango du Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalera.
Ertzainek, operazio berean, Manex Castro atzeman zuten martxoaren 1ean Villabonan (Gipuzkoa), eta epaileak kartzelara sartu zuen lehengo astean. Castro ere inkomunikatuta eduki zuen Ertzaintzak eta tortura jaso izana salatu zuen epaileak hartu zuenean. Mikel Garmendia ere atxilotu zuten lehengo asteazkenean Villabonan, eta epaileak kartzelan sartu zuen.
Poliziaren arabera, urtarrilaren 16an Hernanin ustez Ertzaintzaren aurka ETAk egindako atentatu saioarekin zerikusia dute atxilotuek. ETAk orduan Santa Barbara auzoan telebista hedagailuaren aurka bonba leherrarazi zuen eta han inguruan beste bi lehergailu jarri zituen -ez ziren lehertu-. Polizia iturriek esan zuten Ertzaintzaren aurka jarritako bonba-tranpak zirela.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) zioenez, beste bi gazte atxilotu nahian aritu zen Ertzaintza Hernanin: Beñat Aginagalde eta Ugaitz Errazkin. Haien etxebizitzak eta etxabe bat miatu zituzten.
Atxiloketak