Irakasleak euskaran ere eredu izateko

Murgiltze Astea egiten ari dira EHUren Donostiako campuseko Hezkuntza Fakultatean, irakaslegaien kontzientzia linguistikoa lantzeko.

Irakaslegaiak Murgiltze Astean, atzo, EHUren Donostiako campusean. GORKA RUBIO / FOKU
Irakaslegaiak Murgiltze Astean atzo, EHUren Donostiako campusean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko eraikinetako baten ataria da, goizeko eskolak hasteko hamar bat minuturen faltan. Eskaileretan eserita, neska kuadrilla bat: «Arratsaldean pintxo-potea egingo al duzue?». Denak euskaraz. Ondoan, neska-mutil batzuk. Denak erdaraz. Asko eta asko lau urte barru ikastetxeetan egongo dira irakasle. 

Ikusten denez, askotarikoa da irakaslegaien euskara maila, baita euskararen transmisioan duten funtsezko rolaren kontzientzia ere; hori lantze aldera, aurten bigarren aldiz EHUko irakasle talde batek Murgiltze Astea antolatu du Donostiako campuseko Lehen Hezkuntzako graduko lehen mailako ikasleentzat: ikasturteko lehen astean, ez dira eskolak jasotzen ari; horren ordez, hizkuntza kontzientzia kritikoa lantzen ari dira 120 bat irakaslegai. Proiektu aitzindaria da: ez da halakorik egiten EHUren Leioako eta Gasteizko campusetan.

Elbira Zipitria eraikineko geletako batean, ikasleak taldeka banatuta daude mahaietan. Aurreko hiru egunetan aurreiritzi linguistikoez jabetzen, hizkuntzei eta hiztunei buruz pentsatzen eta irakasle direnean izango duten arduraz eta erronkez kontzientzia hartzen aritu dira, besteak beste. Orain, eduki horietan guztietan sakonduko dute. Aurrean, paper bat dute mahai bakoitzean, galdera bana idatzita: «Etorkizun hurbilean hezkuntzako eragile izango zaren heinean, zerbait pentsarazi al dizu aste honetako zerbaitek?», «hizkuntza biografien bidez besteen berri jakiteak izan al du eraginik zugan? Eta zure berri besteei ematean?»... Isilik daude batzuk, nabari da ikasturteko lehen egunak direla eta ez dutela elkar ezagutzen. Baten bat gazteleraz hizketan ere bai, beste gai batzuez, isilpean bezala. Hasi dira gaiaz hizketan beste batzuk: «Ikasleen eredu nagusietako bat gara». Ondokoak segitu: «Gu izango gara askoren erreferentziazko lehen euskaldunak». Eta: «Irakasleen rola ez da uste genuen bezain erraza».

Irakaslegaiak galdera baten inguruan hausnartzen, atzo, EHUren Donostiako campusean. GORKA RUBIO / FOKU
Irakaslegaiak galdera baten inguruan hausnartzen atzo, EHUren Donostiako campusean. GORKA RUBIO / FOKU

Aritz Albizuri eta Nagore Alkorta dira irakaslegai horietako bi. Alkortak azaldu du zertarako balio izan dien murgiltze asteak: «Erakutsi digute gure ikasleen eredu izan behar dugula euskarari dagokionez, baita euskarari garrantzi handiagoa eman behar zaiola ere, eta ikasleei argi utzi behar zaiela irakaslearekin euskaraz egin behar dutela, baita ikasgelan ere». Eredu hitza darabilte hitzetik hortzera. Albizuri: «Ez nuen inoiz pentsatu umeentzat hain eredu garrantzitsua izan gaitezkeenik, haien bizitza eta pentsaerak alda ditzakegunik, baina hala da: heziketa prozesuan, gurasoak daude, eta, haiek erabiltzen duten hizkuntzaren arabera, ohitura batzuk edukiko dituzte, baina, gurasoen ondoren, gu gaude».

Hausnartzeko balio izan die asteak biei ala biei. Albizuri: «Ez nuen honen inguruan propio pentsatu hona etortzerako, baina nik nire bizitza euskaraz egiten dut, eta badakit irakasle naizenean ere euskaraz egingo dudala, umeek euskaraz egin behar dutela nirekin». Ikasgelan ikusitako adibide bat du gogoan Alkortak: «Kiroletan, entrenatzaileek erdaraz egiten badute, umeek ere joera hartzen dute erdaraz egiteko. Eta alderantziz: ume batek joera badu erdaraz egiteko baina entrenatzaileak edo irakasleak euskaraz egitera bultzatzen badu, ohituko da».

Baserritarra eta elebakarra

Mahaiz mahai dabiltza ikasleak, eta ikasgela ertzean kartel handi batzuk daude, marrazki eta idazki batzuekin, murgiltze astean egindakoak. «Euskal hiztun onaren» ondoan, marrazkiak: gizon baserritar bat, zuhaitz bat mozten-edo; emakume gazte bat, lauburu bat lepoan eta zenbait piercing; eta beste emakume bat, ile motzekoa eta mendiko zapatilak jantzita. Eta, gero, euskal hiztun on horren ezaugarriak idatzita: «elebakarra», «euskaltegiko irakaslea», «euskara itxia du», «euskara etxean ikasi du»...

Ondoren, ariketa bera egin dute «gaztelera hiztun onaren» inguruan. Erantzunak, oso bestelakoak. Marrazkiak: mutil bat, marka oneko jertse bat jantzita; neska bat, poltsa handi bat eta Espainiako banderaren eskumuturrekoa soinean... Eta ezaugarriak: «erdaraz hitz egiten du, baina ingeles pixka bat badaki», «ingelesa eta frantsesa dakizki», «kaleko hizkera ona dauka», «gaztelania estandarrean hitz egiten du»... Asko eta asko lau urte barru ikastetxeetan egongo dira irakasle.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA