EHUren Donostiako Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea

Mikel Gartziarena: «Irakasleek euskarari ematen diote garrantzirik handiena hizkuntzen artean»

Gartziarenak aztergai izan du irakasleek eta irakaslegaiek zer uste dituzten hizkuntzen inguruan, eta ondorioztatu du garrantziaren arabera honela sailkatzen dituztela: euskara, gaztelera eta ingelesa.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU
JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2025eko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tarteka hezkuntza munduan ozentzen da kezka bat, ikasleen euskara mailaren ingurukoa, eta zalantza pizten da atxikimendua falta ote duten. Mikel Gartziarena (Donostia, 1992) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da, eta, orain bost urte inguru, irakasleek eta irakaslegaiek eleaniztasunaren inguruan —eta, bereziki, euskararen inguruan— zituzten usteak aztertu zituen, tesirako; orain, beste azterketa sorta bat egiten ari da, gauzak zer-nola dauden ikusteko.

Irakasleek uste al dute hezkuntzak eleaniztuna izan behar duela?

Irakasleak, oro har —bereziki EAEn—, euskara erdigunean duen eleaniztasunaren alde daude. Hizkuntza guztien artean euskarari ematen diote garrantzirik handiena, bai jardunean ari direnek, bai etorkizunean irakasle izango direnek. Duela bost urte ikusten zen irakaslegaiek garrantzi handiagoa ematen ziotela euskarari irakasleek baino; orain, jardunean ari direnek garrantzi pixka bat handiagoa ematen diote irakaslegaiek baino. 

Eta gaztelerari eta ingelesari zer garrantzi ematen diete?

Hurrenkera hau da, oro har: euskara lehenengo; gero, gaztelera; eta gero, ingelesa. Hainbatetan ingelesak lagundu dezake —ongi eginda eta euskara lehenetsita— euskarak estatus handiagoa edukitzen, atxikimendua handitzen... Baina ikusgai da zein den etorkizuna, zeren irakasle askok kezka dute zentroetan, baita D eredukoetan ere, euskarari orduak kentzen ari zaizkiolako.

Ba al dute aurreiritzirik euskararen inguruan?

Hizkuntza zaila izan daitekeela? Irakasle izango direnek sentitzen dute hizkuntza zaila dela, baina hori esaten dietelako; gauza bera gertatzen da jardunean ari direnekin. Badaude bozgorailu batzuk esaten dutenak euskara hizkuntza zaila dela. Eta hori errepikatzen dute. Eta, hein batean, normala da hori pentsatzea, zeren zer aukera dauzkate hizkuntza horretan egiteko? Hego Euskal Herrian, oro har, gaztelera da haientzat errazena, eta ingelesa eta euskara parekatuta daude; frantsesa iruditzen zaie zailena.

Irakaslegaiak jabetzen al dira egoera soziolinguistikoaz?

Bai. Jabetzen dira, baina neurri batean bakarrik. Nahi genukeen beste ez dira ohartzen egoeraz, eta laguntza behar dute... Ohartze soziolinguistikoa behar-beharrezkoa da hizkuntzari atxikitzeko, zeren haiek izango dira hizkuntzaren erreferentzia eta helduleku.  

Eta irakasleak?

Bai, eta oso kezkatuta daude. Esaten dute: «Bereziki ahozkoan behar besteko euskara mailarik gabeko ikasleak prestatzen ari gara». Trebakuntza eskatzen dute, baita ahozko jarduna sustatzea ere. Haien hizkuntza, oro har, euskara da, eta oso barneratuta daukate  euskararen transmisioko katebegirik garrantzitsuena direla. Irakaslegaiek, agian, lehenengo urtean ez hainbeste, baina gorakada bat ikusten da urtez urte. Horretarako, praktikak funtsezkoak dira.

«Irakasleen hizkuntza euskara da; oso barneratuta daukate transmisioko katebegirik garrantzitsuena direla»

Irakaslegaiak zein hizkuntzatan aritzen dira errazen?

Oro har, gazteleraz aritzen dira errazen, eta oso pareko euskararekin, bereziki Gipuzkoan. Baditugu ikasle batzuk, oro har, borondate handia dutenak hizkuntzari dagokionez, baina formakuntza behar dute, eta erakunde publiko bat garen heinean, guri dagokigu hori bermatzea eta erantzun bat ematea. 

Hego Euskal Herriko eredu guztietako irakasleen laginak jaso dituzu: A, B, D eta G eredukoenak. 

D eredua da onena, atxikimendu handiena sortzen duena, hizkuntza maila onena lortzen dutena. D ereduan, ingelesaren alde daude, baina beti jotzen dute euskara babestera: ordu bat gehiago emanez gero ingelesari, aktibatu egiten dira, eta ez dute nahi gutxien duenari kentzea: txikiena babestea nahi dute.

Galdetegi bat pasatu zenien irakaslegaiei. Hamarretik zazpik euskaraz bete zuten, eta hamarretik hiruk gazteleraz. Euskara hautatu zutenen %32k egin zuten hautua atxikimenduagatik, eta gazteleraz egin zutenen %1,6k. Datu ona da, ezta?

Hein batean bai. Aurreko ikerketan, atxikimenduarena nahiko indartsu agertzen zen, bai jarduneko irakasleen artean, bai etorkizuneko irakasleen artean, baina bigarren bueltan —begiratu behar dut sakonki zer gertatu den—, atxikimendua bigarren aukera bihurtu da, eta erraztasunagatik aukeratu dute gehienek euskaraz egitea. Gaztelania aukeratzen dutenek erraztasunagatik edo oharkabean egiten dute. Ez dakit euskararekin gertatu dena berri ona edo txarra den, hau da, euskara haien errealitatean edo ikuspegian normalizatuta dagoelako den edo tartean beste zerbait dagoen eta atxikimendua galtzen ari garen. Jardunekoei ere pasatu diet galdetegia, eta horietan atxikimenduak berdin eutsi dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.