Irakasleekin gertatu ez bezala, ELA, LAB eta Steilas ez dira bat etorri hezkuntzaren alorreko beste sektoretarako deituta zeuden mobilizazioetan. LABek mobilizazioetarako deia bertan behera utzi zuen, Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu ostean.
ELA eta Steilas sindikatu deitzaileen esanetan, %65ekoa izan da parte hartzea sukalde eta garbiketan, %60koa heziketa berezian eta %30ekoa haur eskoletan.
Oso bestelako datuak eskaini ditu Eusko Jaurlaritzak. Unibertsitatez besteko hezkuntza publikoko ikastetxeen %87 zenbatuta, datu ofizialek diote grebarekin bat egin duten langile kopurua %26,81koa hezkuntza berezian eta %19,17koa Hezkuntza Sailaren menpeko garbiketa eta sukalde langileen artean. Aldiz, haur eskola publikoek %100 zenbatuta, grebarekin bat egin duten hezitzaile kopurua %14,04koa izan dela adierazi du gobernuak.
Jaurlaritzaren antzeko datuak eskaini ditu LABek. Haren esanetan, %20 inguruko erantzuna izan du grebak haur eskoletan eta Hezkuntza Saileko garbiketa eta sukaldaritza arloetan. Hezkuntza berezian langileen %26k egin du grebarekin bat, LABen datuen arabera. Datu horiek oinarri hartuta, ondorioztatu du sektore horietako langileek ontzat eman dituztela sindikatuak Jaurlaritzarekin lortu dituen akordioak.
Milaka langile irten dira kalera, Donostian, Bilbon eta Gastezen egin diren manifestazioetan. Soldaten igoera, langile kopurua handitzea, egonkortasuna indartzea, bajak lehen egunetik ordezkatzea, gelako ikasle kopurua jeistea eta Lomce legea ez ezartzea galdegin dute manifestariek.
Gai horiek aztertuko dituen "negoziazio mahaia" dei dezala galdegin diote sindikatu deitzaileek Jaurlaritzari. ELA eta Steilasen esanetan, lan baldintzen gaineko negoziazioa beharrezkoa da grebara deitu duten gainontzeko sektoreetan ere.
ELAko Miren Zubizarretak Bilboko manifestazioa abiatu aurretik adierazi duenez, irakasleen negoziazio mahaia ez da bildu joan den urtarrilaren 26az geroztik. "Gogobetetzen gaituzten proposamen zehatzak egiten dituzten arte, kalean jarraituko dugu. Konfrontazio aldiak irekita jarraitzen du". Hala, Zubizarretak gogorarazi du apirilean lanuzte astea deitu dutela sektoreka eta sektore guztien greba antolatuko dutela ekainaren 12rako.
LABeko Maider Izagirrek ere negoziazio mahaira deitzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Izagirrek onartu du sindikatu abertzaleen arteko harremana ez dagoela "garairik onenean"; baina atzoko eta gaurko grebaren ondoren, sindikatu deitzaieleek elkartu egin behar dutela adierazi du, "hiruren artean hurrengo urratsak zein izan behar duten" aztertzeko.
Aitor Idigoras Steilaseko ordezkariak adierazi du azken bi egunetako mobilizazioek EAJ eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saila "era zuzenean interpelatzeko" balio behar dutela.