HEZKUNTZA

Irakasleen aste osoko greba bertan behera utzi dute

Apirilaren 23tik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitua zuten irakasleen grebara ELAk, LABek eta Steilasek. Datorren astean biltzekoak dira Jaurlaritzarekin. Ez dute baztertu maiatz-ekainean grebara jotzea.

ELAren, LABen eta Steilasen banderak, hezkuntza arloko mobiizazio batean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 12a
08:26
Entzun

Berritasunak agertu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko lan gatazkan. Martxoaren 13an eta 14an egin zuten azken mobilizazioa, baina ez zuten adostasunik izan hiru sindikatuek. ELAk eta Steilasek lau sektoreetan deitu zuten grebara: irakasleetan, heziketa berezian, Haurreskolak partzuergoan, eta sukaldarietan eta garbitzaileetan. LABek, aldiz, irakasleen arloan soilik deitu zuen grebara, gainerako arloetan adostasuna eginda.

Urtarrilean iragarritako greba egutegiaren arabera, bi aste barru, apirilaren 23an, aste osoko greba deialdia zuten irakasleek. Bertan behera uztea erabaki dute.

Irakasleen arloko mahai sektoriala dute datorren asteazkenean, hilaren 18an. Ikusi nahi dute Hezkuntza Sailak zer planteamendu egiten dien orduan. Horren arabera, ez dute baztertu maiatzean eta ekainean mobilizazioetara jotzea. Ikastetxeetan elkarretaratzeak iragarriak dituzte ostiraletarako, eta ekainaren 12rako ere deitua dute greba.

Datorren asteko mahai sektorialak zer emango duen zain, aldarrien zerrenda berretsi dute ELAk, LABek eta Steilasek: inbertsio handiagoa hezkuntzan, irakasle gehiago eta ratio txikiagoak, behin-behinekotasuna jaistea, eta irakasleen lan baldintzak hobetzea —soldatak eta pizgarriak, besteak beste—.

Eusko Jaurlaritzak proposamen batzuk jarri ditu mahai gainean —Lehen Hezkuntzan ordezkapenak lehen egunetik egitea, adibidez—, baina, oraingoz, proposamen horiek eskas ikusi dituzte hiru sindikatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.