Jose Luis Calama Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi ditu behin-behinean eta fidantzarik gabe asteartean Getxoko (Bizkaia) Algorta auzoan eta Bilbon atxilotutako Iranekin Bat taldeko bi kideak, baina pasaporteak kendu dizkie, eta Espainiako mugetatik irtetea debekatu.
Epaileak kautelazko beste neurri batzuk ere ezarri dizkie atxilotuei, hala nola helbide bat eta telefono zenbaki bat ematea, behar izanez gero haiek berehala aurkitu ahal izateko. Halaber, hamabostean behin epaitegian aurkeztu beharko dute. Iranekin Bat taldeko bi kideek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinetik pasatu behar izan dute gaur, bertzeak bertze «erakunde terrorista bateko kide» izatea leporatu dielako Espainiako Poliziak.
Joan den asteartean, Espainiako Poliziaren inteligentzia eta informazio unitate zentraleko agenteek bi gizon atxilotu zituzten Bizkaian, Libanoko Hezbollah talde xiitarekin zerikusia dutelakoan, Auzitegi Nazionalak zuzendutako operazio batean. Ikerketa duela urtebete hasi zela azaldu zuten.
Bi atxilotuei bideo eta komunikatuen bidez «doktrinatze eta propaganda jarduerak» egitea egotzi diete, polizia iturriek Europa Press albiste agentziari adierazi ziotenez. Agenteek bi eraikin miatu zituzten, Bilbon eta Algortan. Atxilotu zituzten egun berean, asteartean, dozenaka pertsona bildu ziren Getxoko auzo horretako San Nikolas plazan, Aske antolakundeak deituta, atxilotuak aske utz zitzatela eskatzeko. Elkarretaratzea bukatutakoan, Bidezabal kaletik gertu miatzen ari ziren etxe ingurura joan ziren Iranekin Bat-eko kideari elkartasuna adieraztera, eta tentsioa izan zen Espainiako Poliziaren lana ahalbidetzen ari ziren Ertzaintzako 30 bat agenteen eta protestarien artean. Borrak erabilita oldartu zitzaizkien ertzainak bildutakoei.
«Koherentzia falta»
Gaur goizean ohar bat kaleratu du Iranekin Bat taldeak, eta, akusazioak «irmoki» gaitzesteaz gain, esplikatu du «seinalatze» hori egiteak ez duela «inolako zentzurik», Hezbollah erakundea «guztiz legala» baita. Are, azpimarratu du talde parlamentarioa ere badela «jatorrizko herrialdean, Libanon».
Elkarteko kideen irudiko, bi kideei leporatzen zaizkien delituek «koherentzia falta eta sendotasunik eza» erakusten dute, eta «argi» geratu zaie «eraso sionista eta inperialismo genozida salatzen duten guztiak isiltzeko eta jazartzeko asmoa» duela Poliziak.
Kideak epailearen aitzinean ziren bitartean, protesta egin dute kanpoan, elkarretaratze batean. Arratsalderako, Euskal Herrira zabaldu dute deia: prentsaurreko bat egin dute Bilbon, 17:00etan, Arriaga antzokian. «Amnistia osoa» eskatu dute, eta salatu internazionalismoa eta elkartasuna ez direla «delitu».
«Irmo gaitzesten ditugu eskubideekin ahoa betetzen duten eta errepresioa besterik eskaintzeko ez duten kazetariak, epaileak, politikariak eta segurtasun indarrak»
IRANEKIN BAT TALDEA
Arratsaldeko prentsaurrekoan, berriz, «elkartasun besarkada bat» helarazi diete Auzitegi Nazionalera eraman dituzten burkideei, baita haien familiei ere. Ildo berean, publikoki eman dizkiete eskerrak bi atxilotuei eta Iranekin Bat taldearen helburuei babesa adierazi dieten guztiei. Eta, «hemen, Mediterraneoko uretan, Gazako hondakinen azpian, Ormuzko itsasartean eta Libano hegoaldean, sionismoaren eta inperialismoaren aurka gau eta egun eskuzabaltasunez borrokan jarraitzen dutenak», gogoan izan dituzte.
Bertzeak bertze sionismoa, inperialismoa, errepresioa salatzeko eta herrien autodefentsarako eta erresistentziarako eskubidea aldarrikatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Iranekin Bat-ek, «Euskal Herrian, Palestinan, Yemenen, Libanon, Iranen eta behar den edozein lekutan».
Hedabideen «lana»
Haien ustez atxiloketen jatorria zein izan den ere esplikatu dute prentsaurrekoan: «Iranekin Bat plataformak Irango Errepublika Islamikoak Espainiako Estatuan duen misio diplomatikoari ahotsa eman nahi izan zionean hasi zen errepresio eta jazarpen basati hori», nabarmendu dute. Iranekin Bat-ek enbaxadorea gonbidatu zuen asteburu batean, Hego Euskal Herriko zenbait tokitan hitzaldi ziklo bat eman zezan. Gogorarazi dutenez, misio horrek «legezkotasun osoa du nazioarte mailan».
«Gertakari horrek adierazpen askatasuna defendatzen duten ustezko demokratak haserretu besterik ez zituen egin: baten batzuk aipatzearren, ABC, El Confidencial eta Navarra.com hedabideek artikuluak idatzi zituzten bata bestearen atzetik [Iranekin Bat] plataformaren aurka, Espainiako estatuko lobby sionistari lan zikina eginez, eta jokaleku ezin hobea sortu zuten epaileek eta poliziek beren errepresio kanpaina abiarazteko», azaldu dute.

Are, salatu dute atxiloketen ostean bertzeak bertze El Correo, RTVE eta Telecinco batu zaizkiela lehen aipatutako hedabideei, «Asierren eta Youssefen jardun politikoari zilegitasuna kentzeko». Haiek atxilotzeaz, haien etxeak miatzeaz eta haien senideei «jazartzeaz» gain, azpimarratu dute atxilotuek 72 ordu eman dituztela Espainiako Poliziak atxikita.
Algortan etxebizitza miatzen ari ziren bitartean ertzainek elkartasuna adieraztera bertaratutakoak «jipoitu» zituztela ere salatu dute: haien ustez, Loiuko (Bizkaia) aireportuan Global Sumud Flotillako kideei eman zizkieten kolpeen segida izan zen hori.
Horiek horrela, adierazi dute «irmo gaitzesten» dituztela «eskubideekin ahoa betetzen duten eta errepresioa besterik eskaintzeko ez duten kazetariak, epaileak, politikariak eta segurtasun indarrak».