Gazte erakundeak

Irati Sienra (Ernaiko bozeramailea): "Guk ere jakin behar dugu beharrezko duguna sortzen"

gotzon hermosilla
2013ko uztailaren 7a
11:38
Entzun

Elkarrizketa eman duen egun berean, auzitegitik pasatu behar izan du Irati Sienra Ernai gazte erakundeko bozeramaileak (Deustua, Bizkaia, 1990), Gazte Danbada topagunean Xabier Lopez Peña euskal presoaren heriotza salatzeko egindako ekitaldien harira. Ernai erakunde sortu berria den arren, joan den martxoan aurkeztu baitzuen bere burua, dagoeneko nozitu ditu Espainiako justiziaren zangotrabak.

Zer dela-eta ondorioztatu zenuten gazte erakunde berria sortu behar zenutela?

Hainbat arrazoi zirela eta, Segik ibilbidea amaitzea erabaki zuen, eta guk ikusi genuen hor hutsune bat gelditzen zela. Gazteok, gazte gisa eta nazio zapaldu moduan, hainbat arazo ditugu, eta horiei erantzuteko erakunde baten beharra genuela ikusten genuen. Gainera, krisiak, krisi ekonomiko eta fiskal gisa saldu nahi digutenak baina gure ustez krisi sistemikoa denak, larriagotu egiten du egoera hori. Horri gehitu behar diogu gatazkaren konponbidean gazteok gure ekarpena egiteko gune bat behar genuela, baita borroka feministan eta beste hainbat borrokatan ere. Gure ekarpen eta gogoetak helarazteko, elkarrekin borrokatzeko tresna bat behar genuen, eta antolakundea hori da, tresna bat.

Batzuetan, gazte mugimenduetan zaila izaten da belaunaldi batetik besterako transmisioa ziurtatzea. Kezkatzen zaituzte horrek?

Euskal Herrian izugarrizko ohitura egon da antolatzeko, eta gazte mugimendua eta gazte antolakundeak oso indartsuak eta berritzaileak izan dira. Egia da gure aurretik lan asko egin dela eta badaudela erreferente asko kontuan hartu beharrekoak. Guk ondare hori jasotzen dugu, baina presio bat ere izan daiteke, joera dugulako oraingo gazteria eta oraingo garaia lehengoekin konparatzeko. Oso ohikoa da 80ko hamarkada mitifikatzea eta egungo kontuak gutxiestea, baina ezin gara etengabe konparatzen ibili. Guk gure bidea egin behar dugu, eta beste antolakunde batzuek aurrekoa apurtzen eta berritzen jakin zuten bezala, guk ere jakin behar dugu aurrekoetatik behar duguna hartzen eta garai berrian beharrezko duguna sortzen. Ezin gara gauza berriak sortzearen beldur izan.

Alde horretatik, zein izan daiteke Ernairen ezaugarri berezia edo berritzailea?

Oso goiz da galdera horri erantzuteko, eta ez nuke jakingo esaten zer daukan Ernaik beste erakunde batzuek izan ez dutena. Beharbada, nik ikusten dudan moduan, ezaugarri bat izan daiteke gauza asko hartzen dituela hainbat tokitatik. Erakunde feminista bat da, eta gauza asko hartu beharko ditu mugimendu feministatik; beste aldetik, erakunde autonomoa da, ez da alderdi baten gazte antolakundea; eta, gainera, borroka asko maila lokalean kokatzen ditugu. Bizi eredu berri baten eraikuntza da gure lanaren ardatza, eta orokortasun baten parte garen arren, borrokak maila lokalean kokatu behar direla ulertzen dugu. Berezitasun batek baino gehiago, nik uste dut berezitasun askok osatzen dutela Ernairen izaera.

Zeintzuk dira Ernairen lan esparru nagusiak?

Bi lerro nagusi planteatzen ditugu. Lehenengoa da bizi ereduena. Gure lana, sistema patriarkal eta kapitalistaren suntsiketa ez ezik, beste eredu baten eraikuntza ere bada. Eta eraikuntza hori norberaren baitatik hasten da. Eraldaketa sozialerako gu geu gara lehenengo aldatu beharrekoak, gure bizi ereduak sistema erreproduzitzen duelako, indibidualismoak, kontsumismoak, aisialdirako ereduak, harremanek eta abarrek. Tokiko proiektu alternatiboak sustatu nahi ditugu, gazteen beharrizanei erantzungo dietenak: gazte kooperatibak, ortu okupatuak eta abar, burujabetza eta autogestioaren oinarriak esparru guztietara eramanez. Balioen aldaketa planteatzen dugu, eta prestakuntza, internazionalismo eta feminismoari garrantzi berezia ematen diegu.

Eta bigarren ildoa?

Gatazkaren konponbidea da hori. Ezker abertzalean kokatzen dugu geure burua, eta pentsatzen dugu gazteok badugula zeresana gatazkaren konponbidean, azken finean gure herriari buruz ari garelako. Beti esaten da gazteak direla herri baten etorkizuna, baina guk sinesten dugu herri honen oraina ere bagarela eta orain gertatzen ari denaren inguruan ere gazteen hitza kontuan hartu behar dela.

Aurreko hamarkadan, jazarpenak eta legez kanporatzeko estrategiak asko baldintzatu zuten Segi gazte erakundearen jarduna. Zuek ere oztopo horrekin topo egitearen beldur al zarete?

Beldurraren itzala beti egongo da hor, baina jakin behar dugu garaitzen. Estatuek jarduera errepresiboari eusten dioten arren, garai berriak ari dira zabaltzen. Gazte erakundeen kontrako errepresioa ez da antzinako kontua, eta oraindik hainbat gazte daude epaiketaren zain. Guk hori guztia oso gertutik bizi izan dugu, eta oso zaila da beldur hori gainetik kentzea. Baina jakin behar dugu gainditzen eta modu publikoan lan egiten, ez baitugu ezer ezkutatzeko, Segik ere bere garaian ezkutatzeko ezer ez zeukan moduan. Herri eta auzoetan lan egiten dugun militanteak gara beste eredu batean sinesten dugulako, eta, beldurra baino gehiago, etor daitezkeen eraso eta auzipetzeei erantzuteko prestutasuna izan behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.