Irati Tobar eta Endika Perez euskal presoak aske utzi dituzte, bermea ordainduta. 2011ko martxoan atxilotu zituzten biak, Lapurdin, Segiren aurkako operazio batean; beste sei lagunekin batera.
Denak kalean dira dagoeneko. Benat Lizeaga, Irati Tobar, Endika Perez, Jazint Ramirez, Aitziber Plazaola, Xalbador Ramirez, Aiala Zaldibar eta Bergoi Madernaz ziren zortzi gazteak.
Gazte independentistek iazko otsailean euroaginduaren aurka Izpuran (Nafarroa Behera) itxialdia egin zuten eta hurrengo hilabetean zehar atxilotu zituzten. Espainiaratu ondoren espetxeratu zituzten.
Frantziako Poliziak 2011ko martxoaren 30ean atxilotu zuen Tobar, Lapurdin, Donibane Lohizuneko karriketan, Lan Bulegora zihoalarik. Poliziak Tobar zihoan autoa geldiarazi zuen, eta ondoren atxilotu. Espainiak haren kontra aurkeztu zuen euroagindu eskaria dela-eta atxilotu zuten Portugaleteko (Bizkaia) gazte, Segiko militante izatea egotzita.
Aurretik, martxoaren 3an, Frantziako Poliziak Perez gazte independentista atxilotu zuen, Basusarrin (Lapurdi). Prentsaurreko baten ostean hartu zuten. Atxiloketan poliziek pistola erakutsi zuten, hautetsiak ere mehatxatuz. Perezen kasuan, autoa geldiarazi, kolpatu eta berina hautsi ondoren bortizki atera zuten bertatik.