Lo zakuak, kanpina, musika tresnak eta bizipoza. Horiexek ekartzeko eskatu diete herritarrei eta herri mugimenduetako kideei, heldu den astean —hilaren 21 eta 23 bitartean— Zubietan antolatu duten Iraultza Txikien Akanpadan parte hartzeko. Egitaru zabala prestatu dute hiru egunotan. Hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta protesta ekintzak. Besteak beste, igandean bazkalostean Zubietako gainetan eraikitzen ari diren erraustegira "buzo zurien martxa" bat antolatu dute, Gipuzkoa Zutiken eskutik. Aldez aurretik, aurreko erraustegi proiektua geratu zutenei omenaldia egingo diete.
Ostiralean hasiko dira ekintzak. Lurrikararen erdian gu berri bat? izenburuko mahainguruarekin abiatuko dute programa. Larunbat goizean herri mugimenduen eta erakundeen arteko harremanak aztertuko dituzte, eta bi tailerretan —gizonentzako bata eta emakumeentzako bestea— aztertuko dituzte "gure espazioetako" eraso matxistak. Kataluniako prozesuak euskal herrigintzarentzat dakartzan irakasgaiak ere landuko dituzte.
Aldi berean, Euskal Herrian dagoeneko martxan diren arlo ezberdinetako zenbait esperientzia ezagutzeko aukera ere izango dute: etxebizitza, elikadura, lana, energia, finantza etiko eta elkarbizitza alorretan, besteak beste. Akanpadan zehar otorduak eskainiko dituzte, eta umeentzako jolasak eta ekitaldiak ere izango dira.