«Irekitako bidea zapuztu» nahi dutela dio Askapenak

Atxiloketekin «elkartasun lana kriminalizatzea» helburu dutela salatu dute mugimendu internazionalistetako kideek. Gaur deklaratuko dute epailearen aurrean herenegun atxilotutako zazpi lagunek. Atxilotuei elkartasuna helarazi diete hainbat gizarte eragilek, Euskal Herritik nahiz kanpotik; Mexikon, Espainiako enbaxada aurrean elkartu dira, protestan.

Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Abian den prozesuaren kontrako beste eraso bat da». Hitzokin azaldu dute Euskal Herriko mugimendu internazionalistetako kideek herenegun goizaldean Askapeneko hainbat kideren kontra izandako polizia operazioa. Zazpi lagunen atxiloketak, halaber, beste herrialdeekiko elkartasun lanaren «kriminalizazio kanpainaren barruan» sartu dituzte.

Mugimendu internazionalistetako eta gizarte eragileetako hamaika ordezkarik agerraldia egin zuten atzo Gasteizko Foru plazan, Askapeneko zazpi brigadisten atxiloketak salatzeko eta elkartasuna adierazteko. «Eta jasoko duten tratuagatik kezka adierazi nahi dugu, izan daitezkeen tortura eta tratu txarrengatik inkomunikazioa berehala bertan behera uztea eta askatzea eskatzen dugu», adierazi zuten Jon Etxebarriak eta Naiara Bernalek internazionalisten izenean.

Izan ere, gaur Auzitegi Nazionalean deklaratu artean, Walter Wendelin, Ruben Sanchez, Gabi Basañez, Itxaso Lekuona, Haritz Ganboa, David Soto eta Unai Vazquez brigadistak inkomunikatuta egon dira, Madrilen. Espainiako Barne Ministerioak ETAko kide izatea egotzi die atxilotuei, eta Askapena da, haren arabera, ETAren eta nazioarteko erakunde armatuen lotura. «Askapenaren jarduerak ETAk nazioarteko harremanen inguruan egindako diseinu estrategikoaren barnean daude», adierazi zuen Barne Ministerioak ohar baten bitartez.

Pablo Ruz epaileak agindutako operazioa Euskal Herrian abian den prozesuaren kontrako «beste eraso bat» dela salatu zuten atzoko Gasteizko agerraldian. «Espainiak konponbide politiko eta demokratikoa lortu beharrean, modu errepresiboak soilik erabiltzen ditu irekitako bidea zapuzteko». Aldi berean, nazioartean dagoen parte-hartzea eta elkartasuna Espainiarentzat «arazoa» dela nabarmendu zuten agerraldiko eledunek, berrogeita hamar bat lagunen babesarekin. «Internazionalistek beste herriekiko lantzen duten elkartasuna eta horiek Euskal Herriaren eskubideen alde egiten ari direna kriminalizatu nahi dute operazioarekin».

Hamaika eragilek bat egin zuten atzo helarazitako mezuarekin. Han izan ziren, besteak beste, ezker abertzalea, Aralar, Komite Internazionalistak, Abante konpartsa, Esait, Boltxe Kolektiboa, LAB eta Euskal Herrian Euskarazeko ordezkariak. Hainbat herrialderen babesa ere jaso zutela nabarmendu zuten; besteren artean, Argentina, Venezuela, Mexiko eta Palestinatik jaso zituzten elkartasun mezuak.

Agerraldian bildutakoek larunbat arratsaldean Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera animatu zituzten herritarrak, eta urriaren 16an Gernikan ospatuko duten Internazionalista Egunera joateko ere eskatu zieten.

Atxiloaldiko «neurriak»

Atxilotuen abokatuek eskatuta, atxiloaldirako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek hainbat neurri hartu zituela jakinarazi zuen atzo Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Hala, atxilotuek konfiantzazko medikuarekin egoteko aukera izan dute aldiro, senideei uneoro haiek non eta nola dauden esan diete, eta atxiloaldia bideokameraz grabatu dute. AAMren arabera, hala ere, neurri horiek ez dira nahikoak izan «tortura saihesteko». Horretarako, «inkomunikazioa bukatzea» ezinbestekoa dela adierazi zuen. «Aurrez, antzeko neurriak ezarri zizkieten atxilotu batzuk torturatu izan dituzte. Abokatuek ez dute oraindik inoiz lortu atxiloaldiko bideoak ikustea». TATek ere inkomunikazioa «bertan behera uzteko» eskatu du.



Atxilotuei elkartasuna helarazi diete hainbat gizarte eragilek, Euskal Herritik nahiz kanpotik; Mexikon, Espainiako enbaxada aurrean elkartu dira, protestan.

Munduko elkartasun hotsak

A. A. Gasteiz

Euskal Herrian dagoen gatazka politikoaren berri emanez, eta gatazkan diren herrialdeei elkartasuna emanez, 23 urte bete ditu aurten Askapenak. Ezaguna da erakundea Euskal Herrian eta bertatik kanpo. Hainbat gizarte eragilek sarekada salatu, eta babesa eman diete atxilotutako brigadistei, bertatik eta atzerritik ere.

Hiru garraiolari sindikatuak, esaterako, ohar baten bitartez, zazpi atxilotuak «berehala askatzeko» exijitu eta Espainiako Barne Ministerioak haien kontra zabaldutako akusazioak arbuiatu ditu. «Urte luzeetan herrien arteko elkartasuna eta herri zapalduen arteko elkar-ezagutza zabaltzen aritu den elkartea dugu Askapena, guztiz jarduera publikoa eta zibila aurrera eramanez». Hiruk, halaber, Gernikako Itunaren edukiak gogora ekarriz, Espainiako Gobernuari «aterabide demokratikorako bidean, urratsak egin ditzala» galdegin dio. «Eskubide zibil eta politiko guztiak aitortu, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartu, eta jazarpen mota guztiak desagertzeko exijitzen dugu».

Gazte Komunistak taldeak ere, beste alde batetik, atxiloketak salatu ditu eta bakea lortze aldera, «errepresioaren bidea okerra» dela adierazi du. «Bake nahiaren kontrakoa da errepresioa, eta atxiloketak Espainiako estatuaren errepresio uholdean beste pauso bat dira». Hainbat hedabidek atxilotuei «terrorista» deitu izana salatu, eta gertatutakoa «arin argitu» dadin eskatu dute.

Hondarribiko ezker abertzaleak ere, beste alde batetik, Itxaso Lekuona herritarraren eta beste sei lagunen atxiloketa salatu eta haien askatasuna aldarrikatzeko bildu zirenen kontra Ertzaintzak izan zuen «jarrera basatia» gaitzetsi du.

Nazioartearen babesa

Euskal Herritik kanpoko hainbat elkartasun mezu ere heldu zaizkie Askapeneko kideei. Bartzelonan, esate baterako, Askapenako atxilotuentzat askatasuna zioen pankarta jarri zuten Euskal Herriaren Lagunak taldekoek, herenegun gauean, Katalunia plazan. Ohar baten bitartez, halaber, brigadistei elkartasuna helarazi eta «errepresio egoera» salatu dute. «Are ozenago salatu nahi ditugu oraingoan atxiloketak, haiek direlako gatazkan den edozein herrialderen duintasunaren benetako adierazpena». Atxilotuak «berehala» askatzeko galdegin diote Espainiako Gobernuari.

Mexiko Hirian ere okupazio artistikoa egin zuten hainbat lagunek atzo, Espainiako enbaxadaren aurrean, musikarien laguntzarekin. Ohar baten bitartez, Askapenak Hego Amerikako herrialdeekin duen harremana eta egindako elkarlana azpimarratu dituzte, «behetik, justizia eta askatasunerako egin duen lana, eta elkartasuna». Gutunean adierazi moduan, Askapenak erakutsi duen elkartasuna «erabat» legezkoa da. «Horregatik, erabat gaitzesten dugu Espainiako agintari eta epaileek horrekin egin duten kriminalizazioa, gure lagunak terrorista moduan estigmatizatuz». Une honetan indarrak «elkarrizketa lortzeko lanetan»daudela gogoratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.