Agurra
Euskaltzainburu jauna, euskaltzain jaun-andreok, Hernaniko alkatea, agintariok, senide eta lagunok, hona bildu zareten guztiok: egun on!
Euskaltzain osoa izateak, ohorearekin eta ardurarekin batera, berehalaxe dakar erabaki bat hartu beharra: non egin sarrera-hitzaldia. Nik ez dut zalantza handirik izan: Hernanin egin behar nuen, gurasoek euskara irakatsi zidaten herrian, lagunartean euskaltzaletu eta Agustin Iturriaga Institutuari eta AEKri esker alfabetatu nintzen herrian.
Gaur, idatzia lantzen 35 urte egin ditudan honi, ahoz aritzea dagokit. Gainera, aurren-aurrena, idatzia bezala ahozkoa ere landu duen maisu batez mintzatuko natzaizue: Andres Alberdi, nire aurretik zazpigarren aulkia bete duen euskaltzain getariarra.
Andres Alberdiren gorazarrez
Maisua baita Andres Alberdi, ikasten ez ezik irakasten ere badakiten horietakoa. Euskara Batuaren Eskuliburua batzordean Andresekin bederatzi urte igaro ondoren, ondotxo dakit hori. Ez alferrik, ia berrogei urte egin ditu irakaskuntzari emana, eta ez irakasle soil. Gabezia non, lan emankor zorrotza hantxe: horrela dabil Alberdi, artean ikasle zela eskolak emateari ekin zionetik, Donostiako Larramendi ikastetxean, noren ondoan, eta euskaltzain izandako beste maisu baten ondoan: Juan Mari Lekuona idazlea.
Elgoibarko Ikastolan lanean hasi zen 1973an, eta euskaraz alfabetatzeko gau-eskolak ere eman zituen sasoi hartan. Elgoibarko Institutura joan zen gero, besteak beste hango eta beste institutu batzuen martxa euskalduntzeko asmoz, eta Euskara eta Literaturako katedraduna izana dugu. Esan gabe doa 70eko eta 80ko urte haietan urriak baino urriagoak zirela euskarazko eskola-liburuak: irakasleek berek prestatu behar izaten zituzten, eta multikopia bidez zabaldu. Ikasmaterialaren eskasiak eta beharrak hartaratuta, mintegi bat sortu zuten Alberdik eta haren kide batzuek Elgoibarren bertan, eta testugintzari lotu: Euskara eta Literatura irakasgairako liburuak sortu zituzten 1985etik aurrera. Alberdik gogotik landu du irakasletzaren adar funtsezko hori, Elgoibarko Euskara Mintegian ez ezik Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA egitasmoan ere. Horren erakusgarri ditugu hark idatzitako zenbait lan; esaterako, Estandarizatu gabeko solasak nola eman ikasliburuetan eta Ahoskera eskuliburuak. Maisu-maistren maisu dugu, beraz, Alberdi: bidegile eta bide-erakusle.
Erretiroa hartua da orain, bai, baina lanari sekula utzi gabea, bistan denez, buru-belarri baitabil Euskaltzaindian, aspalditik ibili ere, testugintzan egiten ari den lanerako plaza aparta baita gure Akademia. Hain zuzen, 2014az geroztik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua batzordearen buru da, eta batzorde horrek 2018an atondutako eskuliburuaren prestatzaile eta egilea. Era berean, Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldean ere partaide izana da 2007-2024 bitartean, Corpus batzordeko kide ere bai (2015-2021), eta, 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioa batzorde ahaldunduko idazkaria da: oinarrizko gramatika arauemaile praktiko bat egitea du helburu batzordeak, eta erredakzio-lanaren arduraduna dugu. Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokia batzordeko kidea ere izan da oraintsu arte. Bistan denez, zaila da Alberdiren eginak aipatzea zerrenda mardula osatu gabe, halakoxeak baitira Andresen lanak: mardulak, mamitsuak, sustrai handikoak. Euskararen gozatzaile hutsa dugu: euskara goxatzeko grinan zorrotza, eta euskaraz gozatzeko orduan jostalaria.
Andresek berak, bere sarrera-hitzaldian, onartu zuen baduela antza euskal literaturako aita fikziozko batekin, pertsonaia horrek gramatika baitu ezinegonari aurre egiteko modua, seguru sentitzen baita «sintagmaren» barruan. Andresen ondoan, oso ondo ulertzen dira gramatika ez ezik gramatikaostekoak ere; besteak beste, Fernando Pessoak esaten zuen hura: «Sintaxirik gabe ez dago luzaroko emoziorik». Bada, Andresen lanak luzarokoak dira, eta emozio sakon batetik sortuak.
Hizkuntza-kontuetan ez dira munta gutxikoak emozioak, bizipenak, irudipenak, eta, esaterako, askotan...
Hitzak haizean
... askotan, ahozkoa sinplea eta apala iruditzen zaigu idatziaren sofistikazioaren aldean, eta, esaterako, ahozko literatura-generoek maiz ez dute idatzizkoek duten itzala. Seguru asko, estimazioa biltzeko orduan, ahozkoaren kalterako izan da ia nornahik izatea hizketarako gaitasuna, hau da, berez hain gauza demokratikoa izatea, hain demokratikoki humanoa izatea. Polikiago kontsideratuz gero, ordea, beste aldera makurtuta ere ikus daiteke ahozkoaren eta idatziaren arteko balantza, ahozkoaren fabore. Prosan ez bezala, ahozkoan ahotsa dugu tartean, norberaren hatz-markak bezain bakar eta geure; doinua ere hor dugu, umore onaren edo ozpinaren adierazgarri; eta gorputza, bere materialtasun guztian; eta keinuak, nahita zein nahi gabe eginak izan; eta, jakina, interakzioa, edo, lehengo soiltasun eta sotiltasun ederrez esanda, hartu-emana, edo harremana. Aurrez aurre hizketan ari garenean, dena orain gertatzen da, etengabe ihes egiten diguten istantak bezain bizi. Horrela begiratuta, eta aurreiritziak aurreiritzi, ahozkoak dirudi adierazpiderik beteena, osoena, eta idatziak, berriz, aipatu dugun horren guztiaren falta berdindu nahian dabilen herrena, kostata eta arrastaka beti, oso ondo pentsatutako ordenamenduaren eta puntuazioaren makuluaz baliatu ezean.
Idatziak, ordea, badu abantaila bat, bakarra akaso: verba volant, scripta manent, esaten zuten latinoek, hau da, gurera ekarrita, hitzak haizeak eramaten, idatziak irauten. Baina hala ote da kazetaritzan ere? Ez ote dira egunkarietako hitzak pasakorrak, ahoz esandakoak bezain, kasik? Hogeita hamabost urte euskal prentsan lanean eman ondoren, ondotxo dakit halaxe dela, bai, eta egun batetik bestera atzenduak ditugula egunkarietako hitzak, berbak eta eleak, nahi baino gutxiagotan dutela literaturaren sakontasuna, eta hainbat gutxiago kaleko hizkeraren airostasuna, baina nolabaiteko arrastoa uzten dute halere, onerako zein txarrerako: esateko modu batzuk zabaldu eta biziberritzen dituzte, eta beste batzuk, berriz, zokoratzen, galarazteraino batzuetan.
Kontatu nahi dizuet BERRIAko zuzentzaile-itzultzaileok badugula fitxategi bat Galbidean diren espezieak izenekoa. Hor biltzen ditugu gure testuetatik desagertu diren edo galtzeko bidean doazen espezie linguistikoak. Haizeak eramandakoak ere dei zitekeen bilduma, edo Auzo-hizkuntzen eta ingelesaren zirimolan galduak. Zerrenda mardulegi horretan jasota daukagu, esaterako, aditz laguntzailearen elipsia, hain ederra, euskal aditza luzeegia eta korapilatsuegia dela diotenen gezurtagarri: 'Hurbildu zitzaion, eta esan', edo 'Hurbildu, eta esan zion'. Eta hor dugu -xe atzizkia ere, pixka bat ahaztuta baitaukagu, ahaztuxea izanik ere. Eta zer esan partitibo gaixoaz... Hilzorian da Hegoaldean, baina ez, zorionez, Iparraldean, eta ez kasualitatez, noski. Izan ere, badugu errezelo bat: erdaraz baliokide peto-petorik ez duten euskal esapideak, auzo-erdaretan berdin-berdin edo berdintsu erabiltzen ez diren euskal egiturak, horiexek ari direla lasterrenik maldan behera, guztiz funtzionalak izanda ere; eta, okerragoa dena, batere komunikatiboak ez zaizkigun moldeak kopiatzen ditugula haien ordez, nahiz eta nahi gabeko anbiguotasunak ekartzen dizkiguten testuetara, behin baino gehiagotan. Testuak orrazten ibiltzen garenok, hitzen Sisifo koskor bihurturik, aldapan gora eramaten saiatzen gara lehengo esapide horiek, lau haizeetara zabaltzen, beren lehengo lekua har dezaten ostera, eta, zergatik ez, inoiz korritu gabeko mundu batzuk ere bai.
Azken batean, komunikabideetan, taxuz eta ganoraz arituko bagara, zuhur jokatu behar dugu sokatiran dabiltzan bi indarren artean: hizkuntzari lehengoan eusten dion indarraren eta hizkuntza aldarazten duen indarraren artean. Gure iparra zein den aise da esaten, zaila egiten: euskara alda dadila ahalik eta gutxien, baina behar den guztia.
Hori lortzeko, ezinbestekoa zaigu gozo-gozo edatea hiztunen jardun txinpartatsuaren eta garai guztietako klasikoen iturri gozotik, eta hango eta hemengo hitz eta esapideen ur freskoa ematea irakurleari, pentsamenduaren bizigarri eta biziaren suspergarri. Txinparta aipatu dudanez, utzidazue omenaldi txiki bat egiten nire adinkideon gurasoen belaunaldiari, euskaraz ikasteko aukerarik izan gabe ere euskara ezin adierazkorragoa darabilten edo zerabilten haiei. Antonio Zabala izango dut lagun, haren hitzak berrituko baititut hemen:
«Ni gauza batek arritu nau beti, bai Euskal Errian eta bai emendik kanpo ere: erri-gizon eta emakume asko eta asko zein kontalari onak diran. Makiña bat ordu pasa izan ditut nik, Euskal Erriko mendi eta baserrietan ez-ezik, baita Aragoi, Gaztela, Kantabria eta abarretan, artzai eta nekazari jendearekin izketan. Baiña izketan baino geiago, entzuten eta ikasten, eta bitartean nere buruari onela esanez: «Kontaera auek merezi lukete, ba, papereratzea. Zer literatura ederra egin litekean, aozko narrativa au idatziko balitz!».
Entzuten eta ikasten. Eta gehitu genezake: irakurtzen eta ikasten. Ikasi, betiko bizitzekoak bagina bezala, eta bizi, bihar hiltzekoak bagina bezala. Komunikabideetan ganorazko lana egiteko balio du, bizitzeko bezainbeste.
Arthur Millerrek esaten zuen egunkari on bat zera dela, bere buruari mintzo zaion nazio bat, eta zilegi zaigu pentsatzea halaxe izango dela hizkerari eta idazkerari dagokienez ere, egunkari on batek plazara irteteko modua eman behar diola hiztunen adieraziari bezala hiztunen adierazpideari ere. Zeregin hori, gainera, milatan premiazkoagoa eta delikatuagoa da estandarizazioa mamitu nahian dabilen hizkuntzan, hango eta hemengo hiztunak euskal kulturara erakarri nahi dituen komunikabide batean.
Euskaldunon Egunkaria, bere on-gaitz guztiekin eta haize kontra ibilita ere, euskara estandarraren probalekuetako bat izan zen, eta halaxe da BERRIA ere. Besteak beste labe horretan egosten da estandarraren orea, egunero denetariko gaiak landuz, askotariko elkarrizketatuei ahotsa emanez, orotariko euskalki eta hizkeretan oinarrituriko batua plazaratuz, irakurleentzat egokia izan nahian baita hizkera aldetik ere. Horretarako, ordea, jokaleku bat zedarritu behar da, proposatzen den hizkuntza-eredua koherentea, bizia eta bizigarria izan dadin. Egunkariak, bere txikian, baliabidez ezin urriago ibili arren, oso garbi izan zuen gogotik zaindu nahi zuela alderdi hori, eta aurreneko zenbakia kaleratu eta berehalaxe ondua zuen bere lehenbiziko estilo-liburua, sekula argitaratu gabea, Koldo Izagirrek eta Josu Landak 1991rako idatzia. Bide-urratzaile hoberik, nekez: haien argitan abiatu ginen, itsu-itsuan ibili gabe, eta haiek jarri zuten euskal kazetaritzan lehenago aritutako belaunaldiekin lotzeko zubia.
«Euskara gai da gai guztiak euskaratzeko». Halaxe zioen estilo-liburu hark, eta lantegi horri lotu gintzaizkion buru-belarri eta buru-bihotzez, euskal kazetaritzaren aitzindariek Eskualdunan, Egunan, Herri Irratian, Argian eta abarretan egin bezala, beste hainbatek irakaskuntzan, administrazioan eta abarretan egin bezala. Mundu osoa eta mundu guztiak euskarara ekarri nahi genituen, egunero. Baina orduan ez genuen ez Euskaltzaindiaren Hiztegirik, ez euskal entziklopediarik, ez Internetik, eta Orotariko Euskal Hiztegian erditsua baizik ez zegoen egina. Azak ontzeko, erdarazkoak ziren informazio-iturri asko eta elkarrizketatu franko (gaur ere diren bezala, bide batez esanda). Mundua euskaratzeaz ari garenean, ez gara metafora bat erabiltzen ari: hitzez hitz ulertzekoa da hori, batere irudirik gabe, batere poetikotasunik gabe. Zalantzak asko ziren, beraz, «gai guztiak euskaratzeko» orduan, eta tresnak, berriz, gutxi. Horregatik, eguneroko esperientzian landutako irizpideak bildurik, kazetaritzako idazkeraren oinarri sendo batzuk jarri genituen gure estilo-liburuen bitartez: 1992an eman zen argitara lehenbizikoa; 1995ean bigarrena, bertsio berritua, eta 2001ean hirugarrena, aurreko bien edukia osatu eta biribildu zuena. Guretzat lege ziren irizpide haiek, baina halaber izan ziren beste lan-esparru batzuetako hainbaten lagungarri.
Euskaltzaindia gramatika- eta hiztegi-kontuak, leku-izenak eta beste finkatuz eta arautuz joan ahala, haien berri ematen saiatu ginen, modurik diskretu eta eraginkorrenean: gure testuetan erabiliz. Seguru asko, hasierako urteetan, munta gutxiko gauzetan endredaturik ibili ginen behar baino gehiagotan: kiroletako partidu guztiak partida bihurtzen, esaterako, Euskaltzaindiaren hobespenari segika, eta estandarizazioan lagundu nahian. Nolanahi ere, gogora dezagun halako bikoetan forma bat lehenestea ez zela izan apeta txatxua: Iparraldean nahiz Hegoaldean balioko zuen estandar nazional bat onduko bagenuen, norberaren etxeko euskaratik harago ere begiratu beharra zegoen nahitaez, eta prest geunden eskuzabal jokatzeko, gu baino lehen beste hainbat eta hainbat hiztun prest egon ziren bezala, esaterako, greba ikasi eta erabiltzeko, huelga hitzaren ordez. Gauza ederra da eskuzabaltasun jakin-mintsua: norberarena ahaztu gabe, besterena ere ikastea, aise ulertzeko moduan, eta, azken batean, euskalki batekoak eta bestekoak elkarrengana hurbiltzea. Horra hor batuaren bertuteetako bat.
Gaurko talaiatik begiratuta, esperientzia eskarmentu bihurtu zaigunez, badakigu bitasun guztiak ez direla nahitaez kalterako, eta, orobat, beti ez dela txarra kontzeptu bat izendatzeko bi hitz izatea (ingelesez askotan gertatzen den bezala): esaterako, sintaxia eta joskera, lexikoa eta hiztegia, purismoa eta garbizalekeria, edo, ikuspuntua zein den, garbizaletasuna. Hobe bi hitz bizi, ezen ez bakar bat ere ez.
Nolanahi ere, kazetaritzako euskal prosa lantzeko orduan, aldaparik labainenak ez dira hiztegi-kontuak izan, eta ez dira orain ere, baizik eta joskera —edo, nahiago baduzue, sintaxia— eta fraseologia. Txostenera, moketa- eta zoko-usaineko prosa teknokratiko gordina kazetaritzatik haizatzea izan dugu lanik printzipalenetako bat, idazkera haizeberritu ahal izateko. Tradizioan XX. mendean izandako etenaldi luzea zela medio, guztiz geuretu gabeak izan ditugu euskal prosaren eredu batzuk, baina, aurreiritziak bazterturik, aspaldi ohartu ginen mordoilokeria ganoragabea bezain kaltegarria dela garbizalekeria sintaktikoa, euskal klasikoen bidea itxi eta euskarari molde bat bakarra onartzen dionez gero. Zer dela-eta egin beharko genieke uko euskararen baliabide batzuei? Zeren, nork bere ahotsa lantzeko, non aukeratua eduki behar baita, dakigun molde bakarra erabiltzera kondenaturik egon gabe. Noiz erabili hitz, esapide, egitura bakoitza, eta zertarako: horixe da gakoa, daukagun errepertorio guztian arakatuz eta aukeratuz idaztea, euskarazko euskaraz, komunikazioaren zerbitzuan eta tradizioa ukatu gabe, edo, bestela esanda, euskararen egiturari komeni zaizkion bide guztietan ibilita, erraz eta erruz. «Hitz egokiak toki egokian: horra zer den egiaz estiloa», Jonathan Swift-en hitzez esanda.
Inork pentsa dezake estandarizazioa arau batzuk zehaztu eta ezartzea baizik ez dela, eta, beraz, ez duela zerikusirik batere estiloarekin, hitz egokiak toki egokian jartzen jakitearekin. Baina, seguru asko, ikuspegi murritza eta murriztailea izango genuke horretara errendituko bagenu estandarizazioa, zinezkoa bada haren orpotik etorriko baita hiztunen baliabideen aberastea eta, horrekin batera, estiloen oparotasuna, dela idazleena, dela komunikabideena, dela hiztun bakoitzak erabiltzen dituen erregistroena. Azken batean, araugintzak eta estandarizazioak aurrera egin ahala, hau da, batua deitzen dugun aldaera hau sustraitu ahala, gero eta libreago aritzeko modua izan dugu, eta itxuraz baino ez da paradoxa. Esaterako, gaur egun, estandarrean ederki baino ederkiago aritzen diren idazleek posible dute literaturan hizkerekin eta euskalkiekin jokatzea efektu bereziak sortzeko, giro jakin batzuk antzeratzeko eta pertsonaien mintzoari kolorea emateko. Arautik apartatzeko ere behar baita araua.
Eguneroko prentsan, berriz, gutxitan apartatu gara arautik, nahita behintzat, irristadak irristada. Bat etorri gara Euskaltzaindiak seinalatutako bidearekin: kazetarien sormenaren akuilatzaile aritu bidenabar, ahal duguntxoa egin dugu eta egiten segituko dugu euskararen estandarizazioan bidelagun izateko. Esan dugu lehen ere: zer hoberik arauen eta gomendioen berri jakinarazi eta airez aire zabaltzeko, nork bere testuetan erabiltzea baino, bestela bezala, naturaltasunez.
Alde askotatik, osagarri dihardugu Euskaltzaindiak eta euskal prentsak. Jakina, Berriari ez dagokio esatea zer den gramatikala eta zer ez, edo zein den mendi-izen baten forma estandarra, edo zer erregimen dagokion halako aditzari. Ganoraz araututakoa ganoraz erabiltzea, hori bai, hori badagokio Berriari, baina horretarako ez da aski araua betetzea, lehen begiratuan hala badirudi ere: idaztea erabakitzea baita, ohartuki aukeratzea, hitzez hitz eta esaldiz esaldi, testuaren eta testuinguruaren nolakotasuna kontuan hartuta, irakurleak gogoan beti... Itzulpenaz ari zelarik, Umberto Ecok esaten zuen jatorrizko testuarekin, xede-testuarekin eta xede-kulturarekin negoziatu beharra dagoela itzuliz «ia gauza bera» esateko, ondo neurturik hautu bakoitzarekin zer irabazten den eta zer galtzen. Bada, seguru asko, beste hainbeste egin behar da testuak sortzeko orduan ere: hitzekin negoziatu, hitzekin tratua izan eta tratua egin, Bernard Shaw idazlearen harako hura gogoan: urrezko araua da urrezko araurik ez dagoela.
Zorionez, Euskaltzaindiak araugintzan aurrera egin ahala, gero eta gutxiago kezkatu behar izan dugu arautzeko moduko kontuez, eta horrek bidea zabal-zabalik utzi digu arauz besteko —ezen ez arauz kanpoko— hizkuntza-kontuak lantzeko, ez baitira ez gutxi eta ez munta gutxiagokoak, aitzitik baizik. Horregatik, gaur egun, Berriaren estilo-liburuan gero eta gehiago lantzen ditugu arlo estilistikoak, bere izenari traizio egin gabe estiloa hobetzeko liburu bat izan dadin zinez: ez estilo bat bakarra hobetzeko, ordea, baizik eta prentsan izan litezkeen estilo egoki guztietarako jokalekua izan dadin, eta kazetari bakoitzak bere ahotsa aurkitzeko lagungarria.
Arauetatik kanpoko esparru ia amaigabe horretan, esaterako, kontzeptu berriak adierazi beharra maiz-maiz egokitzen zaio eguneroko kazetaritzan ari denari, eta, askotan, alferrik joko du hiztegietara, goizegi baita behar duen hori jasoa izan dezaten. Horra erabaki beharra berriz ere: nola eman, adibidez, migratzaileen auzian devoluciĂ³n en caliente edo pushback? Espainierari segituta? Ingelesaren hegemonia globalari men eginda, frantsesez egiten duten bezala? Batzuetan, burujabetza linguistikoz jokatzea izango da biderik zuzenena edozein euskaldunek ulertzeko moduko ordainak emateko: alegia, beroan itzulketa egin eta atzera bultzatu ulertezinak bazterturik, komeniko da komunikazioa errazten ez duena mugan bertan kanporatzea, mugan bertan itzularaztea, iritsi ahala kanporatzea. Bestetzuetan, berriz, euskarak nazioarteko bidearekin bat egingo du, behar dugun hori adierazteko tradiziozko molderik edo idiomatismorik ez duenean, eta, esaterako, patata beroa erabiliko du, batere konplexurik gabe, erdaraz patata caliente, patate chaude, hot potato darabilten bezain lasai eta adierazkor.
Zorionez, gero eta maizago, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotakoari erreparatzea aski izaten da kazetaritzan behar bezain argi eta zehatz aritzeko. Esaterako, Trumpen haize harroek bultzatuta, hor ibili gara muga-zerga gora eta muga-zerga behera, gure hiztegi arauemailean aduana-zergarekin batera jasoa, arantzel mailegua bazterturik, Iparraldekoentzat arrotza delako, eta ingelesetik datorren tarifa hitzari bidea itxirik, euskaraz beste adiera batez erabili ohi delako.
Halako termino, esapide, lokuzio eta unitate fraseologiko guztiak, eta ez dira gutxi izaten, corpusetan gordetzen dira, zein bere garaiko erabileraren lekuko, eta horri esker jakin daiteke, norberaren irudipen hutsaz harago, zer adierazteko erabiltzen diren, zer testuingurutan, zer hizkera-mailatan, eta abar. Corpusetan ikusten da haizeak nondik jotzen duen hizkuntzan, eta, hain zuzen, corpusak dira Euskaltzaindiaren eta Berriaren arteko lankidetzaren beste alderdi garrantzitsu bat. Estilo-liburuak eta gure testuek, beste askorenekin batera, langai ugari baino ugariagoa ematen diete hiztegigileei eta ikertzaileei, egiazko hizkuntza baitu Euskaltzaindiak aztergai eta bizigai, eta ez inola ere bolizko dorreetan sortutako asmakeriak, baizik eta eguneroko bizimoduak arlo batean eta bestean ekarritakoa, lur heze emankorretan ernatutakoa, baita, tarteka, lokatzan sortutakoa ere, irrist egiteko arrisku eta guzti.
Esapidearen kontzeptua laxoago baina hizkuntzarena finago harturik, gogora ekarri nahi dut Juan Garziaren Joskera lantegi lan mardul bezain suspergarriko lehenbiziko esaldia: «Hizkuntza bakoitza da, osorik, esapide berezi bat (esapide-sareen palinpsesto bat, zehazkiago esanik, ezarian bezain etengabe aldatuz doana)». Hain zuzen, esateko era berezi horixe baita hizkuntzaren muina, eta horixe transmititzen baita belaunaldiz belaunaldi, taldean nahiz banaka, ahoz nahiz idatziz. Esapide-sare hori giza sarean zabaltzen da, eta, gaur egun, sareetan ere bai. Agian, gaizki interpretatu izan dugu latinoen esapidea, eta haizeak ez ditu eramaten hitzak, baizik eta hitzak haizean ibiltzen dira, hegan, denon ahotik denon belarrietara, bizi-indarra duten bitartean behintzat.
Hitzak erauntsietan
Gurea bezalako garai galernatsuetan, ordea, haizea zakartu, eta hitzak erauntsietan harrapatuta geratzen dira, zirimola zoroetan. Hori gertatzen denean, ufada bortitzak klixeak ekartzen dizkigu esapideen ordez, eta, besteak beste, kazetaritzan pilatzen zaizkigu, topikoen multzo gogaikarrian. Lelo horietako batzuk estilo pobre eta maiztuaren erakusgarri baino ez dira, aspergarriak eta astunak estilistikoki, baina kaltegabeak mundu-ikuskerari eta munduari berari dagokienez. Beste batzuk, ordea, pozoitsuak dira. Halakoxeak dira, esaterako, eufemismo zinikoak: batzuetan, begi-bistakoa mozorrotzeko edo errealitatea guztiz desitxuratzeko sortuak dira; beste batzuetan, zerbaiten egilea edo erantzulea ezkutatzeko; ia beti, hiztun arrunta anestesiatzeko, sorgortzeko. Eta ikusteko dago eufemismo onberak hobeak diren: erraza da pobreari «egoera zaurgarrian dagoen pertsona» deitzea, baina, besterik egin ezean, hitzen mudantzan bertan goxo eginez gero, pobreak pobre segitzen du, eta aberatsak, berriz, aberatsago. Hizkuntzaren ahalmen performatiboa miragarria da, baina ez du besterik gabe miraririk obratzen; ez, behintzat, botere mundutar efektiboa eskura izan ezean. Hitzek asko dezakete, bai, baina hitzak aldatze hutsak ez du aldatzen errealitatea.
Hizkuntzaren ahalmenaz eta zertarakoaz ari garenean, komunikatzeko tresna dela esan ohi dugu, baina hizkuntzan direnak eta ez direnak biltzen direnez gero, elkar ez ulertzeko tresna ere bada. Talleyranden iritziz, zer pentsatzen duen ezkutatzeko eman zitzaion hitza gizakiari, eta ez dira gutxi hizkuntza halaxe erabiltzen dutenak, hau da, norberak zer pentsatzen duen gordetzeko edo itxuragabetzeko. Nolanahi ere, xeheago erreparatuz gero zer esaten den ez ezik nola esaten den ere, ohartuko gara, Victor Klemperer bidaide harturik, norbaitek baieztatutakoa gezurra izan daitekeela, baina haren muina agerian geratzen dela, hain zuzen, darabilen hizkeraren estiloan. Merezi du Klempererren Hirugarren Reicheko hizkera edo Lingua Tertii Imperii liburuko hitz batzuk ekartzea hona:
Nazismoa haragian eta odolean sartzen zitzaien masei, hitz solteen bitartez, esapideen bitartez, milioika aldiz errepikatuz inposatzen zituen molde sintaktikoen bitartez, eta jendeak modu mekanikoan beretzen zituen haiek guztiak, oharkabean. Schiller-en harako distiko hura, «hizkuntza jasoak zure ordez sortu eta pentsatzen du» dioen hura, alderdi estetikotik interpretatu ohi da, eta, nolabait esateko, horrek inolako kalterik egingo ez balu bezala.
Baina hizkuntzak, nire ordez sortu eta pentsatzeaz gainera, gidatu egiten ditu nire emozioak, eta nire nortasun psikikoa gobernatu; zenbat eta naturalago eta oharkabeago beretzen dudan hizkuntza, orduan eta gehiago. [...] Hitzak artseniko-dosi ñimiñoen parekoak izan daitezke: batek konturatu gabe irensten ditu, ez dirudi kalterik egiten dutenik, eta, handik puska batera, eragin toxikoa dute. Norbaitek behin eta berriz «fanatiko» esaten badu «heroiko» eta «zintzo» esan ordez, azkenean irudituko zaio fanatikoa badela, izan, heroi zintzo bat, eta fanatismorik gabe ezin dela heroia izan.
Hirugarren Reichak apenas sortu zuen hitzik; beharbada, bat ere ez. [...] Baina hitzen zentzua eta maiztasuna aldatu zituen; bere pozoia sartu zien hitzei eta molde sintaktikoei; bere sistema lazgarriaren zerbitzuan jarri zuen hizkera, eta propaganda-bitartekorik indartsuena bihurtu zuen hizkuntza: bitartekorik publikoena eta aldi berean ezkutukoena.
Propaganda. Laurogei urte igaro dira Klempererrek bere gogoetak argitaratu zituenetik, eta, munduko plazan, propaganda bihurturik daukagu hizkuntza, ia erabat kolonizaturik. Uniformizaziorik unibertsalena ez da uniformedunen bitartez egiten, kalean ez dago alkandora-arrerik, kalean ez dago alkandora-urdinik: aitzitik, mantra batzuk zabalduz berdintzen da mundua orain; baita lurrarekin berdindu ere, batzuetan. Noiznahi aditzen ditugun lelo horiek, azkenerako, eta Iñaki Segurolak esango zuen moduan esanda, sentipentsatzeko hitz eta esamolde batzuk dira, konturatu gabe irensten ditugunak. Margaret Thatcherren harako «Ez dago alternatibarik» hura gaitzesten duenak ere «dagoena dago» esaten du, «es lo que hay», «c'est comme ça», etsia harturik, protestarako ere indargabeturik. Faxista nornahiri deitzea faxisten mesederako baizik ez da, gainerakoekin parekatzen dituenez gero. Espanturik eta lainezarik gabeko hitzak behar ditugu ostera. Ederra litzateke Viktor Klempererren begiz erreparatzea diskurtso edo berbaje horiei guztiei, eta duintasuna itzultzea hitzei.
Baina gure esku, gizakion esku ote dago hitza oraindik? Adimen artifizial sortzailea deitzen duten plagio-software horren ondorioz, bukatua da, itxuraz behintzat, hizkuntza gizakiaren monopolioa zeneko garaia. Makinaz sortutako testuak orain gutxi ez, eta gehiago izango dira egunetik egunera. Batzuei, lana arinduko die horrek, bai; beste batzuei, ordea, lana eta lanbidea kendu; bestetzuei, aldiz, lanak eman: Euskaltzaindian, esaterako, pentsatu beharko dugu aurrerantzean nola osatu corpus fidagarriak, hizkuntzaren bilakabide humanotzat har ez dezagun makinak artifizialki moldatutakoa; oro har, pentsatu beharko dugu nola salba ditzakegun makinak probableenaren mesederako baztertuko dituen aukera linguistiko zilegizkoak, direla euskalki jakin batekoak, direla erregistro jakin batekoak, edo, besterik gabe, zer egin dezakegun makinak aukera bakar bihur ez dezan «Zer gertatzen zaizu?» galdera, «Zer duzu?» apal apaina zokoraturik; pentsatu beharko dugu, orobat, egia ote den makinazko itzulpen artifizialak berrikusiko ditugulakoa, merkatuak ahalik eta lasterren eta merkeen —edo kasik debalde— ekoiztera behartzen duen mundu honetan... Berandu baino lehen, zertarako? galdetu beharko diogu geure buruari, eta helburua argi izandakoan ekin, eta ez alderantziz. Fatalismo teknokratikoari amore eman gabe, dimisiorik eman gabe, ahalik eta probetxurik humanoena atera beharko diogu gaur egungo jainko txikiari, ardimen ofizial gortzaile bihur ez dakigun.
Émile Benveniste-k esaten zuen hizkuntzak, komunikatzeko baino gehiago, bizitzeko direla, eta horretan bai, horretan bakarrik gaude, makinak ez baitira horra iritsi. Hitz guztiak bizipenetan mamitzen dira, eta, horregatik, hitzek asko dakite gutaz. Merezi du guk ahal den gehiena jakin dezagun hitzez.
Mila esker.