Ezegonkortasunak eta murrizketa gehiagoren itzalak ez dute alde egingo oraingoz Nafarroako ikastetxeetatik. Ikasturte honetan bertan mozketa gehiago egiteko atea zabalik dagoela aitortu zuen atzo Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Zertan eta zenbat murriztuko duten ez dakiela adierazi du Iribasek; diru sarrerek zer joera duten, harian-harian hartuko dituzte erabakiak: «Diru sailak aldian-aldian aztertuko ditugu, blokeatzeko edo desblokeatzeko, beharraren arabera». Oraingoz, ordea, azalpen gutxi: «Behin betiko erabakirik ez dago oraindik».
Nafarroako Parlamentuan agerraldia zuen atzo Iribasek. Ekainean, aurrekontuko 132 milioi ez erabiltzea erabaki zuen gobernuak, eta oposizioakeskatu zion argitzeko horrek zer eragingo duen Hezkuntza Departamentuan. Daturik apenas eman zuen. «Ez dakit hori oraindik», esan zuen maiz. Nafarroak defizit muga bete behar duela ohartarazi zuen —azken datuek diote komeriak izango dituela —, eta hori aintzat hartuta egingo dutela gastua.
Mozketak izatekotan ere hezkuntzak lehentasuna izango du, Iribasen hitzetan: «Hezkuntza publikoak lehentasun osoa du, eta ahal diren baliabide guztiak». Ez zuen argitu baliabide horiek zenbatekoak izango diren, ezta oraingoei eutsiko ote dieten ere: «Bermeak gustura emango nituzke nik. Ekonomia kontseilariak ez dit niri bermerik ematen, ordea».
Aurten, «normaltasuna»
Zer gertatuko den argitu gabe, aurtengo ikasturteko mozketak gutxiestera jo du kontseilariak: «Normaltasuna izan da ikasturte hasieran». Kexak izan dira ikastetxe batzuetan. «Badakizu zer gertatzen den? Eroritako zuhaitz batek hots handiagoa ateratzen duela hazten ari den baso batek baino», erantzun du Iribasek.
Gutxi, baina orain arteko mozketei buruzko datu batzuk eman ditu, ikasturte «normala» dela argudiatzeko. Irakasle kopuruaz: onartu du iaz baino 350 maisu-maistra gutxiago daudela aurten, baina horren ardura Espainiako Gobernuari egotzi dio. «Hark ezarritako neurriak ziren, eta nahitaez bete behar genituen». Finean, ordea, irakasleak gutxitzeko planak aurretik hasi zituen UPNren gobernuak, aurreko ikasturtean eskola orduak gehituta kaleratu baitzituen asko. Kopurua zehaztu du Iribasek bi urte geroago : «Oker esan nuen nik ere: ez ziren 112 irakasle kalean geratu, 98 baizik». Sindikatuek 235 kontatu zituzten.
Ordezkapenei buruz: Iruñeko gobernuak ezarri zuen postuen %10 soilik ordezkatuko dituztela. «Hezkuntzan ez gara hori egiten ari. Hor ikusten da gobernuaren sentsibilitatea. Oro har, ordezkoak hartzen dira irakasleak falta direnean». Irakasle ez diren langileak (atezainak, idazkariak...) ez ordezkatzea da arau orokorra.
Eta unibertsitateaz: berretsi du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatu baino hiru milioi euro gutxiago jasoko dituela; %5eko mozketa, beraz. Errektore taldeak ohartarazi du kinka larrian jarriko duela horrek NUP. Iribas: «Onartzeko modukoa da jaitsiera. Aurreko urteetatik diru gehiago badu gordea NUPek». Aurrezkira jo behar izan du jada.
Gobernua, «inprobisatzen»
Mozketa gehiagotarako bidea zabalik utzi arren, lasaitasun deia zabaldu du Iribasek. Areago, oposizioaren eta protesta egin duten eragileen kontra hitz egin du; arrazoirik gabe «alarma» sortzen aritu izana leporatu die guztiei.
Kontseilariaren azalpenek lasaitasun gutxi eragin dute, ordea, oposizioko taldeen artean. «Inprobisatzen» ari da gobernua, PSNko ordezkari Pedro Rasconen esanetan. «Ezin da egin ahala joan. Larria da urtea amaitzeko hiru hilabete falta direla ez jakitea zer gertatuko den diru sail batzuekin».
Murrizketak izan direla aitortzeko eskatu diote NaBaik eta Ezkerrak Iribasi. «Zuri entzunda bai baitirudi ezer ez dela ukitu». Erantzukizuna onartzeko eskatu dio Bilduk: «Ikasleak eta irakasleak ez dira erantzule, UPN baizik».
Gobernua babestu dute UPNk eta PPk: defizit muga bete egin behar dela azaldu dute. «Espero» dute hezkuntzan eragin gutxi izatea.
Iribasek zabalik utzi du mozketa gehiago aurten egiteko aukera
Diru sarrerak nola dauden, aurrekontuetako sailak erabili edo ez «aldian-aldian» erabakiko du Nafarroako GobernuakMurrizketei buruzko erabakirik «oraindik» ez dutela hartu esan du Iribas kontseilariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu