Igor Navarro. Eginaren Eginez elkarteko bozeramailea

«Irisgarritasun legea paperean geratu da: sistematikoki urratzen da»

Irisgarritasuna Sustatzeko Legea ez da betetzen, Navarroren esanetan, nahiz aitortu duen pauso batzuk eman direla. Uste du garai egokia dela legea berrikusteko eta «egin denaz eta egin ez denaz» hausnartzeko.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abenduan hogei urte bete ziren EAEn Irisgarritasuna Sustatzeko Legea onartu zutenetik. «Aitzindaria» izan zen bere garaian Europan, eta «eredua» ere bai, aditu askoren iritziz. Aurrerapauso «nabarmenak» egon direla uste duen arren, balorazio ezkorra egin du Igor Navarrok (Gasteiz, 1978), Eginaren Eginez ezintasunen daukatenen Arabako elkartearen bozeramaileak: «Lan asko dago egiteko oraindik».

Abenduan hogei urte bete ziren irispideak errazteko legea onartu zutenetik. Zein balorazio egiten duzue?

Legea bere garaian aitzindaria izan zen: ordu hartan, Europako aurreratuenetako eta osatuenetako bat, irisgarritasunarekin lotutako hainbat ertz ukitzen baitzuen. Hogei urte pasatu dira legea onartu zenetik, eta bistakoak dira aurrerapausoak, hori egia da; erakundeek ere pauso garrantzitsuak eman dituzte, eta hobekuntza garrantzitsuak egin dira. Baina berdintasunarekin eta justizia sozialarekin lotutako kontu batez ari gara, eta hori ez da lortu: hogei urteren ondoren, hein handi batean legea ez da bete: paperean geratu da. Eta, are larriagoa dena, sistematikoki urratzen da, batez ere erakunde publikoen aldetik.

Zergatik? Legearen zein alor urratzen dira?

Esango nuke legearen alor guztiak urratzen direla. Irisgarritasunaren legeak aurrera eta atzera arautzen zuen: alegia, ezinbesteko baldintza ezarri zuen etorkizuneko proiektuentzat, irisgarritasunaren betaurrekoetatik begiratzeko, baina baita ordura arte egindakoa berrikusteko eta egokitzeko ere. Eta, hain zuzen, azken horretan izaten dira arau-hauste handienak.

Hain zuzen, adituak kexu dira salbuespen neurriak arau bilakatu direlako urteen joanarekin. Diotenez, irisgarritasun irizpideak betetzen ez dituzten lanak onartzen dira egun ere...

Erabat ados nago. Legeak hainbat betetze maila baimentzen ditu: legeak dioena %100 bete daiteke, edo gutxieneko irizpideak onartu. Salbuespeneko kasuak ere onartzen ditu, ordea. Legeak hainbat hutsune ditu, eta horietako batzuk dira salbuespeneko kasuak, malgutasun handia baitute. Edonola ere, onartzen dugu gutxieneko malgutasun batzuk egotea, beste hainbat legerekin gertatzen den moduan, baina, gehiegi erabiltzen direnean, zerbaitek huts egiten du.

Alde horretatik, EAEko arartekoaren ikerketa batek «gabezia errepikakorrak» atzeman zituen ospitaleetan mugikortasunari eta komunikazioari dagokienez. Horren adibidea dela uste duzu?

Onartezina da halakoak egotea oraindik. Noski, osasun arloko eraikinek eredu izan beharko lukete gai honetan, baina ez dira. Askotan, uste dugu arau hausteak sarbideetan egoten direla soilik, eta ez da horrela. Irisgarritasuna hori baino kontzeptu zabalagoa da. Ospitaleen kasua eredu argia da, zenbateraino betetzen den irisgarritasun legea. Araua betetzen da, bai, baina zenbateraino eta nola?

Alor pribatuan, etxebizitzak dira oztoporik handienak oraindik?

Etxebizitzen gaiak publikoarekin eta pribatuarekin du zerikusia, nire ustez. Noski, beti izan da irisgarritasun arazo handiena duten alorretako bat, baina legea gehien eta egokien aplikatu den esparrua ere izan da. Hala ere, egun oso zaila da irisgarriak diren eremu pribatuko etxebizitzak aurkitzea.

Behar beste laguntza bideratu dituzte erakundeek egokitze lanak egiteko?

Ezetz erantzungo nuke, uste baitut zerbitzu eta ondasun orok irispide errazekoa izan beharko lukeela. Baina gai hau beste ikuspegi batetik aztertu behar delakoan nago: onartezina da irisgarritasun irizpideak betetzen ez dituzten obrak egitea oraindik ere, eta, gero, salaketa bat egonez gero, egokitzeko lanak egiteko diru laguntzak horretara bideratzea. Uste dugu diru laguntza horiek ez direla egoki bideratzen. Alor guztietan gertatzen da: etxebizitza bat edo eraikin publiko bat eraiki nahi duenak bezala, irisgarritasun baldintzak kontuan hartu beharko lituzke taberna bat edota denda bat ireki nahi duenak ere, beste hainbat irizpide bete behar dituen moduan, baina sarritan ez dute irisgarritasuna kontuan hartzen, arauak berak duen hutsunea baliatuta. Uste dugu diru laguntzak eman beharko liratekeela legea onartu aurretik egindako eraikinak egokitzeko, eta ez nahita gaizki egin dena konpontzeko.

Hobekuntzarik ekarri du legeak? Zer nabarmenduko zenuke?

Mugikortasuna aipatuko nuke, nahiz eta alor horretan ere arau urratze asko egon. Egia da hasierako puntua ere beste bat zela, eta hobetzeko tarte nabarmena zuela beste alor batzuen aldean. Baina, duela bost urtera arte, oso zaila zen euskal hiriburuen artean garraio publikoan mugitzea. Herri arteko garraio publikoaren irisgarritasuna hutsala baitzen ordura arte. Azken urteetan, zorionez, eta hasiera puntua zein zen kontuan hartuta, aurrerapauso nabarmenak eman dira.

Legea onartzearen batera, Irisgarritasunaren Euskal Kontseilua ere eratu zen. Zein balorazio egiten duzu erakundearen ibilbidearen inguruan?

Erakundeek eta hainbat gizarte eragilek bat egiten dute bertan, eta garrantzitsua da. Baina, beste hainbatetan gertatu moduan, paperean geratzen dira erabakiak, eta horrek etsipena sortzen du. Zertarako sortu halako erakunde bat, haren erabakiak aintzat hartzen ez badira? Esaterako, lege urraketen salbuespenen berri eman behar diote udalek erakundeari, eta askok ez dute egiten. Nolanahi ere, arau hauste horien arrazoia ematea ere ez da derrigorrezkoa. Horrek, noski, salbuespen neurriak sistematikoki onartzea dakarkigu. Pisu handiagoa beharko luke izan erakundeak, eta aholku emailea baino gehiago izan beharko luke. Finean, gaitasunik ez duen erakunde bat izateak ez baitu ezertarako balio.

Zer eragin izan du legeak gizartean? Kontzientziaziorako tresna gisa balio izan du?

Eskubide eta aukera berdintasunaren gaineko kontzientzia gizarte osora hedatzen denean, irisgarritasun legearen urraketak hutsalak izango dira. Pertsona orok zerbait eraiki, sortu edo ireki aurretik irisgarritasun irizpideak kontuan hartuko balitu, ez litzateke beharrik izango hainbat kontu arautzeko ere. Zalantzarik gabe, oztoporik handiena gizartearen kontzientziazio falta da oraindik. Diskriminazioaz hitz egiten ari gara, azkenean. Bi hamarkada pasatu dira, eta gizartea ere aldatu da. Uste dut garai egokia dela legea berrikusteko, edo, gutxienez, atzera begira jarri eta orain arte egin denaz eta egin ez denaz hausnartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.