Kontzeptu berri bat ezarri zuen mahai gainean Eusko Jaurlaritzak iaz, euskarazko komunikabideen diru laguntzei buruzko deialdian: irismena. Finean, zenbat kontsumitzaile dituen hedabide bakoitzak bere zabaltze eremuan, hori barnebiltzeko asmoa agertu zuen gobernuak kontzeptu horrekin. Laguntzen ebazpenari errekurtsoa aurkeztu zion BERRIAk, irizpideak bidegabeak zirela iritzita. Besteak beste, hedabide baten irismena neurtzean ez zutelako kontuan hartu maiztasuna —komunikabideek puntuaketa berdina dute egunero ala hilean behin argitaratuta—, eta hedabide bakoitzaren izaera ere—tokikoa ala nazionala izan— ez zuelako aintzat hartu. Baina helegitea atzera bota du Jaurlaritzak; erantzun du ebazpenari ez, deialdiari jar dakiokeela helegitea. Horrek, ordea, kalte handia eragingo lioke sektoreari: gehiago berandutuko lirateke laguntzak.
Iaz erabaki zuen laguntza deialdian aldaketak egitea Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. «Zabalkundea eta produktuaren kalitatea» ziren gako ordura arte, eta kolpetik, sektorearekin adostu gabe, irismena jarri zuen giltzarri: puntuen %70. Hedabide batzuei nabarmen egin die kalte; BERRIAk, adibidez, 210.000 euro gutxiago jaso zituen —%14ko jaitsiera—. Gaia bideratzeko asmoarekin, hizketan ari dira Hekimen hedabideen elkartea eta Eusko Jaurlaritza. Diru laguntzei buruz bakarrik ez, datozen urteetarako erronkez ere ari dira solasean.
Laguntzei dagokienez, txosten bat aurkeztu dio Hekimenek, bost adituk egina: Josu Amezagak, Eneko Bidegainek, Estitxu Garaik, Yosu Iurramendik eta Xabier Landabideak. Irismena kontzeptua ikertu dute, eta zer eragin izan duen laguntzetan. Batetik, dudan jarri dute irizpide egokia ote den hizkuntz politikan, eta, bestetik, ohartarazi dute ezarpenean zehaztasunik ez dela izan, hutsuneak dauzkala kontzeptuak. Aurtengo deialdia datozen asteetan ebatziko du Jaurlaritzak. Irismenean oinarritutako irizpena izango da aurtengoa ere.
Arazoa, oinarritik bertatik
Jaurlaritzak erabilitako irizpideak kolokan ipini dituzte adituek. Oinarrira jo du Garaik: «Ez zegoen planifikazio orokorrik irismenean oinarritzeko. Deialdiak dio helburua dela irismena handitzea. Ez dut ulertzen zergatik saritzen den irismen gehiago edukitzea, helburua hori handitzea bada». Amezagaren ustez, abiapuntua okerra da, xedeak eta bitartekoak nahastu egiten direlako irismenarekin: «Printzipio gisa, helburua izan beharko luke irismenak, ez saritu beharrekoa».
Puntuazioaren %70 da irismenaren araberakoa. «Deialdiak ez ditu gauzak definitzen. Zer da irismena?», galdetu du Amezagak. Deialdiak aukera bat baino gehiago ematen du irismena justifikatzeko: bai botaldia —idatzizko hedabideen kasuan, zenbat ale inprimatzen diren—, bai irakurleria —inkesten arabera zenbat irakurle dituen—. Garaik dioenez, ezinbestekoa da irizpide berak erabiltzea hedabide guztiekin: «Datuek alderagarriak izan behar dute». Haren arabera, hedabideen arteko konparazioak egitekotan, «era estandar bat» zehaztu beharko litzateke.
Publikoan ere badaude desberdintasunak. Hizkuntz gaitasunari erreparatuta, adibidez, aldea dago hedabide batetik bestera: ez dute gaitasun bera eskatzen guztiek. Garai: «CIESek berak mailaketa egiten du gaitasunaren arabera. Funtsezkoa da. Are gehiago hedabidea kontsumitzeko beharrezko ezaugarria bada hizkuntza ezagutza». Idatzizko hedabideak aipatu ditu Amezagak: «Publiko potentzialtzat hartu dira Eustaten arabera euskaldun zein ia euskaldun diren guztiak. Ia euskaldunaren definizioa da mintzatua ulertu bai baina idatzizkoa nekez uler dezakeena. Oso eztabaidagarria da egunkari edo aldizkari baten publiko potentzial gisa hartzea».
Kaltea, eremu ahulagoei
Ebazpena aztertuta, egoera soziolinguistikoaren eragina bistan geratu dela uste dute. Hara: euskara osasuntsuago dagoen lekuetako hedabideetan, %94k aurreko urtean baino laguntza handiagoa jaso zuten iaz; egoera Euskal Herriko batez bestekoa baino kaskarragoa dutenetan, berriz, %71k laguntza eskasagoa izan zuten. «Perbertsioa hori da: igual behar handiena dutenak dira gutxien iristen direnak. Demagun hedabide bat ari dela gune erdaldun batean, hango euskaldun sakabanatuak informatzen eta aukera ematen euskaraz bizitzeko. Horrek behar du diru laguntza».
Amezagaren esanetan, izan ere, guztia ez dago hedabideen esku: «Kanpo faktoreak ere badaude: eremu geografikoa, populazioaren egoera soziolinguistikoa, lehia... Horren arabera laguntzea bati eta beste bati ez, hori ez da irizpide egokia». Diru laguntzen izaeraren aurkakoa ere izan daiteke: deialdiak dio hedabideak «sendotzea, normalizatzea eta eraginkortzea» dela helburua.
Irizpide nagusitzat irismena jartzearekin batera, beste aldaketa bat egin dute: laguntzak banatzeko talde berean jarri eguneroko nazionalak, eta eskualdeetako eguneroko eta aldizkariak. Amezaga: «Multzo berean sartu dira oso komunikabide ezberdinak. Maila nazionalekoak eta herri bakar batean aritzen direnak; egunero argitaratzen direnak, eta hilean edo hamabostean behingoak; informazio orokorrekoak eta tokikoak. Ez da oso zentzuzkoa». Ez da hori egiten publizitatean, Garaik dioenez: «Hedabide plangintza egitean, ez dira zaku berean sartzen nazionalak eta tokikoak. Bi plangintza egiten dira».
Irizpideez gogoeta egin dute. Amezagak adierazi du deialdiak ez dituela irizpideak argi, eta «babesgabezia izugarria» dela hori hedabideentzat. Irizpide kualitatiboez aritu da Garai: «Publizitatean gehiago erabiltzen da irizpide kualitatiboa kuantitatiboa baino, hizkuntzaren eta euskarazko hedabideen ezaugarriengatik. Publizitatean erabiltzen denean beste irizpide hori, laguntzak banatzean irizpide kuantitatiboa erabiltzea ez dut ulertu, eta are gutxiago ondorioak ikusita».
'Irismena' neurtzeko irizmena
Eusko Jaurlaritzak atzera bota du BERRIAk 2014ko diru laguntzen ebazpenari jarritako helegitea, zuzenbide argudioetan oinarrituta. Adituen txostenek ezbaian ipini dute deialdian ezarritako irizpide nagusia: 'irismena'. Gomendioei buruzko galderei ez die erantzun, ordea, gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu