AHTrako diru sailei eutsiko diela jakinarazi ondoren, ez dela «proiektu faraonikoen garaia» esan zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregik gaur zortzi. Bi hilabete inguru daramatza sailburu lanetan Oregik, eta bere lehentasunak zein diren azaldu du denbora tarte horretan: AHTarekin aurrera jarraituko du, Donostiako metroa eta Pasaiako kanpoko portua ez zaizkio «lehentasunezko» gaiak iruditzen; aireportuak indartu behar dira, eta birtziklatzearen alde dago, baita errauste plantaren alde ere.
Pasaiako kanpoko portua eta Donostiako metroaren proiektuak zalantzan daudela jakinarazi zuen joan den hilabetean Oregik. «Herritarren beharrak» kontuan izan behar dituztela adierazi zuen Donostiako metroaren proiektuari erreferentzia zuzena eginez: «Denon artean pentsatu behar dugu zein den Donostia alderako garraiobide onena».
Pasaiako kanpoko portuari buruz esan du orain arte «kontra» egon dela eta hala jarraituko duela, bertako herritarrei ez dielako «mesederik» egiten. Gaineratu du badakitela «diru kantitate handi» horri epe motzean aurre egitea ezinezkoa dela.
Portu horren aldeko jarrera azaldu zuen, ordea, Gipuzkoako EAJk atzo zabaldutako oharrean: «Gure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko eta Gipuzkoaren lehiakortasun baldintzak sendotzeko, lehen mailako erronka da Pasaia aldea erabat biziberritzea eta kanpoko portua eraikitzea, abiadura handiko trena, Tabakalera eta Donostiako trenbide sarea moduko mugikortasun beharrei erantzuna ematea».
Gipuzkoako EAJren ustez, «funtsezkoak» dira proiektu horiek. Eta elkarlanean aritzeko deia egin die erakunde guztiei, Gipuzkoa «lehiakor, moderno eta iraunkorra» lortzeko asmoz.
Iritzi kontrajarriak EAJn
Ingurumen sailburu Ana Oregik esan du ez dela «proiektu faraonikoen garaia». Pasaiako kanpoko portuaren aurka egin du; Gipuzkoako EAJk, ordea, alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu