«Iparraldeak modu egokian ordezkatuta egon behar du»
Aitziber Zapirain Euskal Irratiak«Egitasmoari egitura nazionala eman nahi zaionez, eta Euskal Irratien Federazioak Iparraldean lan egiten duenez bereziki, hemen sartzea erabaki dugu garrantzitsua iruditzen zaigulako sektorea osatzea. Denon gabeziak eta erronkak antzekoak dira; batera bagoaz, errazago gaindituko ditugu. Horrez gain, zuzendaritzako kide izango gara, egitura nazionala nahi bada Iparraldeak modu egokian ordezkatua egon behar duelako. Hegoalde eta Iparralde, bat gara, baina errealitate oso ezberdinak dauzkagu. Horrelako elkarte bat ez da sekula sortu, eta bazen ordua. Asko dugu irabazteko, eta gogotsu gaude».
«Aurrera begira, ahots bateratua izango dugu komunikabideok»
Xabier Letona Argia«Guk nahi edo asmatzen dugun etorkizuna izango du Hekimen-ek. Bide horretan, hau hastapen bat besterik ez da, oso garrantzitsua. Orain arte ez da egon denok biltzen gintuen elkarterik, eta, aurrera begira, ahots bateratua izango dugu hedabideok. Gure erronka luze gabe krisiari aurre egitea da, eta horri hobeto aurre egingo diogu elkarrekin bakarka baino. XXI. mendeko komunikazioari aurre egiteko erronka asko ditugu. Irudipena daukat ondo ari garela, baina oso estu gabiltza. Orduan, sostengu publikoa handitzea behar dugu, eta guk geuk ere gure jardueran berrikuntzei erantzutea».
«Batera egingo ditugu orain imajinatu ezin ditugun hainbat gauza»
Iban Arantzabal Tokikom«Egoera ez da oso ona, eta beti esan izan zaigu batuta indar handiagoa erakutsiko genukeela bai instituzioen aurrean, bai beste erakunde batzuen aurrean. Elkartea sortzeko beharra diru laguntzen eta publizitate instituzionalaren gaiak jorratzea izan da, esate baterako. Baina hori zati bat besterik ez da. Batera egin behar ditugu hainbat gauza, oraindik imajinatu ere egiten ez ditugunak. Horien artean, esaterako, behatokiarena dago; gure datuak etxetik landu nahi ditugu, modu iraunkor batean. Elkarteak erakusten du gai garela euskarazko herri komunikabideok batzeko eta garatzeko».
«Badago zer eginik elkarlanean eta aurrera begira»
Iban Arregi BERRIA«Beti egon da beharra publiko ez garen euskarazko hedabideok elkarrekin politika eta estrategia komunak batera aurrera eramateko, eta, gaur egungo egoeran, are eta gehiago. Badago zer eginik elkarrekin. Aurrera begira jarrita, diagnostikoan jaso genituen erronka horiei eustea lehentasunezko kontua da. Etorkizuna ez da erraza izango, eta, hizkuntza normalizazioari eta herri normalizazioari begira, euskarazko hedabideak garrantzitsuegiak gara desagertzen uzteko. Orain, helburua da diagnostikoan jaso genituen erronka horiek plan zehatzetara eta egitasmo batera eramatea».