Irakurri serie honetako artikulu guztiak
«Zergatik naizen boluntario? Bada, uste dudalako gaizki pasatzen ari den norbaiti irribarre eginaraztea munduko gauzarik politena dela». Gasteizko Txagorritxuko ospitaleko korridoreetan, isilpeko lana egiten du Paul Monterok, nekaezin. Mantal zuri bat du soinean, baina ez da medikua, ezta erizaina ere, eta ez du bisturirik, botikarik edo estetoskopiorik agerian. Tresna bakarra du alboan: ur botilak eta goxokiak eramateko orgatxo bat. Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko boluntarioa da, eta aldiro joaten da ospitalera tratamendua jasotzen ari diren gaixoekin egotera. Haiekin egoteak esan nahi du haiekin hitz egitea, haiei entzutea eta, ahal den neurrian, haien oinazea arintzea. Irribarrea ezpainetan duela doa beti, berezkoa du. «Ez dugu denbora luzerik ematen, baina, tarte labur horretan ere, zerbait aldatzen saiatzen gara».
Gaur egun, 253 lagunek osatzen dute Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko boluntario sarea, eta horietatik ehun inguruk aktiboki parte hartzen dute. Hainbat arlotan aritzen dira: ospitale barruan, prebentzio ekintzetan, laguntza sozial eta psikologikoan, eta ekitaldi berezietan. «Ez da zertan ospitalean egon behar. Denok daukagu zerbait emateko, bakoitzak bere neurrian», azaldu du Zuriñe Gonzalez elkarteko ordezkariak.
Ospitalean aritzen diren boluntarioen egitekoa berezia izaten da, hala ere. Emozioek pisu handia dute egunerokoan, eta haiek ongi kudeatzen jakin behar da. Horregatik, ospitalean aritu nahi duenak psikologo talde baten balorazioa eta minbiziaren aurkako elkartearen elkarrizketa pertsonala igaro behar ditu aurrena. Helburua baita «modu positiboan» komunikatzeko gaitasuna duten pertsonak topatzea boluntario lanetarako: «Laguntzeko gogoa edukitzea ez da nahikoa», esplikatu du Gonzalezek, «jakin behar da noiz den hobea isilik egotea, noiz hitz egitea, eta nola bueltatzea etxera lur jota egon gabe. Errespetuz jokatzea eta emozioak kudeatzea da gakoa».
«Ez dugu denbora luzerik ematen, baina, tarte labur horretan ere, zerbait aldatzen saiatzen gara»
PAUL MONTERO Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko boluntarioa
Beti ez da samurra izaten minbizia duen gaixo baten oinazea arintzea. Montero ahal duen guztietan joaten da ospitalera, eta gaixoekin dagoenean bere onena ematen saiatzen da, nahiz eta, askotan, latza izaten den entzun eta ikusi behar duena. «Egia da istorio gogorren lekuko naizela, baina egia da, halaber, haiengandik irakaspen ugari eramaten ditudala egunero etxera».
Ur hotza eta goxokiak daramatzan gurditxoa emeki bultzatuta egiten die bisita erradioterapia edo kimioterapia jasotzen ari diren pazienteei, edo eguneko ospitalean tratamendua jasotzen ari direnei. «Batzuek ez dute hitz egin nahi, eta errespetatzen dut. Beste batzuekin, berriz, lehen eguneko ‘ez, eskerrik asko’ hura biharamunean ‘etorri, eseri zaitez apur bat’ bihurtzen da».
Eta une zailetan, askotan konfiantzazko lagun bihur daiteke ezezagun bat: «Guk ematen dieguna baino askoz gehiago jasotzen dugu. Ikasten dugu zer den benetan garrantzitsua, zer den bizirik egotea, zer den bizitza maitatzea nahiz eta oinazea bidelagun izan».

Boluntario izan aurretik ere, ospitaleko giroa ez zitzaion arrotza egiten Monterori. Haren bikotekideak minbizia izan zuen, eta noizik behin Txagorritxun ospitaleratu behar izaten zuten. Garai horretan maiz hitz egiten zuen bere emaztearen antzeko egoeran zeuden pazienteekin, eta konturatu zen zenbateraino asebetetzen zuen haiei irribarre eginarazteak. Horrek animatu zuen gerora minbiziaren aurkako elkarteko boluntario gisa izena ematera. «Boluntario garenok motxila bat daramagu; nire kasuan emaztearen minbizia izan zen». Haren esanetan, motxila horren pisua arintzeko modua ematen dio makal daudenei «irribarre eginarazteak».
«Ez da bakarrik laguntzeko gogoa edukitzea, baizik eta jakitea noiz hobe den isilik egon, noiz hitz egin, eta nola bueltatu etxera lur jota egon gabe»
ZURIÑE GONZALEZ Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko ordezkaria
Isabel Anton ospitaleko gela batean egoten da noizean behin, besoko zain batetik tratamendua jasotzen. Minbizi metastasikoa du, eta zenbait tratamendu jaso izan ditu azken bederatzi urteetan. Erradioterapia eta aho bidezko kimioterapia jaso izan ditu, eta orain zain bidetik jasotzen ari da tratamendua. «Gogorra da, bai, baina nire bizi nahia handiagoa da», dio irribarrez.
Bizitzaren grinak lotu ditu Anton eta Montero. BERRIAren eskariz minbiziaren aurkako elkarteak lotutako hitzorduari esker ezagutu dute elkar Txagorritxuko ospitalean. Antonek maiz jaso izan ditu boluntarioen bisitak ospitalean, baina ez da sekula Monterorekin egon. «Hemendik aurrera ez zait zure aurpegia ahaztuko», esan dio, umoretsu.
Gaixo askorentzat oso lagungarria da boluntarioen konpainia, eta, sarri, ospitalean izaten duten lehen kontaktutik haragoko harreman estua sortzen da haien artean. Antonek aitortu duenez, gaixotasuna atzeman ziotenetik ezinbesteko makulu bilakatu dira ospitalera laguntza hori eskaintzera joaten diren pertsonak, eta haien artean sortzen den harremanari esker lortu du aurrera segitzeko «energia».
Energia hori transmititzeak duen garrantzia azpimarratu du Antonek, hots, gaizki dagoenari sostengua ematea. Horregatik, gaixotasunak nolabaiteko atsedenaldia ematen dionean, bera ere boluntario aritzen da beste gaixo batzuekin.
Azken batean, bestearen lekuan jartzea da helburua, eta minbizia duenari «bakea eta konfiantza» eskaintzea, Gonzalezek azpimarratu duenez. Eta lan horretan denak direnez ezinbesteko, jende berria erakarri nahi dute boluntariotzara: «Askotan uste dugu ez dugula eskaintzeko ezer, baina ez da hala; jarrera eta gogoa baino ez dira behar», gaineratu du Monterok.
Mendia guztiontzat
Erietxeetan ez ezik, mendiko zuhaitz eta landareen artean ere ibiltzen dira boluntario taldeak. Montes Solidarios irabazi asmorik gabeko elkarteak, esaterako, elbarritasun fisiko edo kognitiboren bat duten pertsonak mendira hurbiltzen ditu. Zehazki, mugitzeko gaitasuna murriztua dutenei eta ikusmen urritasuna dutenei zuzendutako jarduerak antolatzen ditu Araban, boluntario sare baten sostenguari esker.
Gurpil bakarreko mendiko aulki batean igotzen dute mendira Jone Larrauri, eta hitz bakar batekin deskribatzen du horrek sorrarazten dion sentipena: «bizipoza». Mendizale amorratua da, baina gorputzaren atal batean duen paralisia eta ikusmen urritasuna direla medio, ia ezinezkoa du bere kabuz naturaz gozatzea.
«Astelehenetan irribarrez joaten banaiz lanera, haiei [elkarteko boluntarioei] esker da»
JONE LARRAURI Montes Solidarios elkarteko erabiltzailea eta boluntarioa
«Nik guztiz baztertua nuen mendira joatea, orkatila bihurritzeko beldur bainintzen, eta ez nintzen ausartzen ezta lagunduta joaten ere». Duela lau urte jarri zen harremanetan elkartearekin, eta bizitza aldatu egin zaio han aritzen diren boluntarioei esker. Mendira aulki berezi batean eramaten dute, desgaitasunen bat duten bestelako lagunekin batera. Esker oneko hitzak baino ez ditu haientzat: «Astelehenetan irribarrez joaten banaiz lanera, haiei esker da».

Berrehun boluntario inguru aritzen dira elkartean, bereziki bi jardueratan: elbarritasunaren inguruan ikastetxeetan eta bestelako espazioetan sentsibilizazio kanpainak egiten, eta mendira joateko aukerarik ez dutenei horretarako aukera eskaintzen.
Gidari eta boluntarioentzako ikastaroak antolatzen ditu elkarteak, betiere segurtasuna eta mendiko tresneria egoki erabiltzea ardatz hartuta. Bi tresna nagusi dituzte horretarako: batetik, joelette aulkia, gurpil bakarreko mendiko aulkia, ohiko gurpil aulkiak iristen ez diren parajeetara heltzeko aukera ematen duena; bestetik, barra gidaria erabiltzen dute ikusmen urritasuna duten pertsonekin. Hiru pertsonako talde batean, gorabehera orografikoak deskribatzen dituzte, eta orientazioa ematen diete barraren bidez.
Elkarteko boluntarioa da Fernando Alonso, sorreratik. Boluntariotzan aritzen diren gehienen antzera, berak ere «motxila» bat zuelako erabaki zuen pausoa ematea eta elkartean sartzea. Diruzain lanak egiteaz gain, boluntario sareak antolatu, formakuntza eskaini eta behar dutenei mendira joaten laguntzen die. «Irribarre bat eskaintzen diegu», azaldu du, «baina eskaintzen dieguna baino gehiago da jasotzen duguna».
Mendian ibiltzen diren boluntarioak trebatu egiten dituzte urtean bitan. Teoria eta praktika ikastaroak ematen dizkiete, betiere elbarrien segurtasuna bermatzeko. «Gor edo itsu baten larruan jartzen irakasten diegu, gero mendira joaten direnean ongi moldatu daitezen, eta segurtasunez aritu». Oro har, erretiroa hartu duten lagunek ematen dute izena elkartean, baina jende gaztea ere bada, nahiz eta, elkarteko ordezkariak dioenez, ez den aski; gehiago behar dituzte.
«Irribarre bat eskaintzen diegu, baina eskaintzen dieguna baino gehiago da jasotzen duguna»
FERNANDO ALONSO Montes Solidarios elkarteko boluntarioa
Boluntario eta laguntza hitzak elkarren osagarri gisa erabiltzen dira sarri, baina hori baino gehiago izaten dela uste du Larraurik. Izan ere, «konfiantzazko» giroa ere sortzen da boluntarioen eta erabiltzaileen artean. «Ongi ezagutzen naute, eta badakite irteera bakoitzean zer komeni zaidan», azaldu du. Mendi irteerez harago doa euren arteko adiskidetasuna, gainera. «Kafe bat hartzeko edo medikura laguntzeko prest egoten dira».
Jasotzen duen laguntza bueltatu egiten du Larraurik, gainera: izan ere, berak ere boluntario lanak egiten ditu elkartean, ikastetxeetan hitzaldiak emanez edota euskarazko itzulpen lanak eginez. Etxean askotan entzuten zuen esaldi bat du lelo: «Lagun ezazu, lagun zaitzaten».
