Beldurra eta ezinegona. Ustez Deustuko Unibertsitateko ikasleenak diren argazkiak batera eta bestera zabaltzen ari direla jakinda, Interneten eta gailu elektronikoen segurtasunari buruz zalantzak areagotu dira. Gazteen artean gero eta ohikoagoa den joera bat azaleratu da, bidenabar: nork bere buruari biluzik argazkiak atera eta norbaiti bidaltzea. Sexting izena eman diote. «Orain arte aritu gara esaten ez bidaltzeko argazkiak, arriskutsua dela. Orain ikusi da, ordea, edukitzea bera ere arriskutsua dela». EU Kids Online ikerketa taldeko kide da Maialen Garmendia EHUko irakaslea. Berbera da aditu guztien oharra: arriskutsua da sexting-a.
Sexu harremanetarako beste bide bat bihurtu dira teknologia berriak. Garmendia: «Ohitura zabaltzen ari da. Londresen izan nintzen gaiari buruzko jardunaldi batzuetan. Hara zer esan zuten: 'Garai batean, bizikletak gordetzeko gelak erabiltzen zituzten ikasleek sexu harremanetarako; orain, sakelakoak'». Datua: AEB Amerikako Estatu Batuetan, 12-18 urte arteko gaztetxoen %15ek aitortu dute sexting-a egin dutela.
Zuzeneko sexu harremanetan bezala, babes neurriak hartu behar dira sakelakoa bitarteko dela izandakoetan ere. «Jendea oso arduragabea da horrelakoekin, eta lasaikeria horretaz baliatzen dira beste batzuk argazkiak eta horrelakoak zabaltzeko. Ez da jenioa izan behar irudiak lortzeko». MU Mondragon Unibertsitateko Informatika irakasle Jesus Lizarragak ohartarazi du horretaz. Informazio pribatua haririk gabeko bideetatik lortzen dutela ikusita, konexioak hari bidez egitea ote da soluzioa? «Ez dut uste. Kontua ez da atzera egitea, babestea baizik».
Irudiak lortzea eta zabaltzea
Azken egunetan izandako gertakariak direla eta, bi salaketa ditu esku artean Ertzaintzak: mutil batek salatu du baimenik gabe bere argazkiak zabaldu dituztela; beste batek azaldu du sakelako telefonoan ibili zaizkiola. «Orain artekoak ikusita, sekretuak agerrarazteko delitua litzateke hori. Bi zati ditu: baimenik gabe datu pribatuetara sartzea eta horiek haizatzea». Jorge Campanillas abokatuarena da azalpena; informatika delituetan espezializatua da. Zigorrak? Datuetara sartzeak, lau urtera arteko kartzela; zabaltzeak, bi eta bost urte bitartekoa.
Emakumeak eta gizonak, denetik ageri dira ustez ikasleenak diren argazki horietan. Komunikabideetan eta sare sozialetan, ordea, nesken irudiak ari dira gehiago nabarmentzen. «Adierazgarria da: emakumeek argazkiak atera eta bidaltzea larriagotzat jotzen da», ohartarazi du Garmendiak. «Ikerketek diote intimitatea hobeto babesten dutela neskek».
Genero rolen eragina bistan da: sexting-a andrazkoak kontrolatzeko erabiltzen dute gizonek sarri askotan, adituen esanetan.Mehatxuak tartean izaten dira. «Gertatzen da bikotekide ohiaren argazkiak zabaltzea mutilak...», azaldu du Garmendiak. Ez dago urrutira joan beharrik. Iruñekoa da kasua, iazkoa: 13 urteko neska batek mutil-lagun ohiari argazki bat bidali zion —biluzik ageri zen—, eta hark bere lagunei igorri zien. Katean joan zen hedatzen. Foruzaingoak bi gazte inputatu egin zituen kasu horren harira; beste bi ere hartu zituzten erantzuletzat, baina ezin izan zituzten inputatu, 13 urte soilik zeuzkaten eta. Kasu larritzat du hori legeak: «Adingabeek babes bikoitza dute. Haur pornografiatzat hartzen dira horrelakoak. Irudia baimenduta lortuta ere, ulertzen da ez dela baliozkoa adingabeen baimena».
Hutsuneak baditu legeak, ordea. Egoera hori bera 18 urtez gorakoekin jarrita —bikotekideari argazki erotikoak bidaltzea—, ez litzateke deliturik: «Irudia edo bideoa jaso duen pertsonak hori zabalduko balu ere, ez legoke deliturik gaur egungo Kode Penalarekin. Onespenarekin lortu duenez informazio hori, zabaltzea ez da delitutzat hartzen». Bikotea hautsi eta gero bietakoren batek bestearen irudiak haizatzea ez da delitu, beraz, betiere besteak eman badizkio irudi horiek. «Hutsune nabarmena dago hor», ohartarazi du. Espainiako Gobernuak hori zuzenduko du Kode Penala aldatuta; delitu izango da irudiak haizatzea, baimenarekin lortu arren.
Aldaketa azkarrak
Hutsuneak badira beste alorretan ere. Azkar ari baitira aldatzen gauzak. «Gazteak eta teknologia berriak hezkuntza baino aurrerago doaz», esan du Garmendiak. Nolanahi ere, sumatu ditu aurrerapauso batzuk: «Kezkak badauzkate; adibidez, sare sozialetan argitaratzen dena ezabatzeko modurik ba ote den». Kezka sortzen ari baita haien artean ere. Kanadako neskato baten kasuak sona izan du: Internet bidez bularrak erakutsi gizon bati, eta xantaia egiten hasi zitzaion. Neskak bere burua hil zuen urriaren 10ean.
Babesteko mezuak dira nagusi, hartara. Bilbon izan berri denaren gisakoak saihesteaz, Lizarraga: «Ordenagailua bezala babestu behar dira sakelakoak; birusen aurkako programak behar dira. Ezjakintasuna handia da, ordea». Gurasoen rolaz, Garmendia: «Gurasoek eta hezkuntzak aurre egin behar diote erantzukizunari. Gertatu denaren gisakoez hitz egin behar da». Campanillas, salatzeaz: «Kontsulta asko ditugu, baina gutxi iristen dira auzitegira. Batzuetan txikikeriatzat jotzen da».
Irudi pribatuegiak sare publikoegirako
Ustez ikasle batzuenak diren argazkiak zabaldu izanak ezinegona eragin du Interneteko segurtasunaz. Gero eta ohikoagoa da nork bere buruari biluzik argazkiak egitea. Arriskuaz ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu