Euskara

Iruñeko bi euskaltegiren aurkako erasoak salatu ditu AEK-k

Iruñeko Txantrea eta Donibane auzoetako euskaltegietako kristalak "txikitu" dituztela salatu du gaur AEK-k. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, erasoak bart gauean izan ziren eta gaur izan dute horien berri. Azpimarratu dutenez, ez da AEK-ko euskaltegiek horrelako erasoak jasaten dituen lehen aldia.

2006ko maiatzaren 29a
19:27
Entzun
Goizeko eskolak ematera joan direnean ikusi dituzte euskaltegiko kristalak hautsita Donibane auzoko egoitzan irakasten duten maisuek. Txantrea auzoko euskaltegiko erasoaren berri bizilagunei esker izan dute. Izan ere, Txantreako euskaltegian ez da goizez eskolarik ematen.

"Ez da lehen aldia", salatu du AEK-k. Izan ere, Iruñeko euskaltegiek dozena erditik gora eraso jasan dituzte azken hiru urteetan. Kristalak hautsiz edo paretak margotuz Arrosadia, Txantrea eta Donibane auzoetako euskaltegiak eraso izan dituzte. AEK-ren oharrak azaltzen duenez, salaketak jarri dituzten arren, oraino "ez dago daturik gertatutakoa argitzeko bidean".

AEK-k "haserrea" agertzearekin batera azpimarratu du horrelako erasoek ez dutela egiten duten lana etengo: "Euskararen alde irmotasun eta gogo berdinarekin jarraituko dugu lanean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.