Iruñeko Udalak 431 ekitaldi antolatu ditu aurten sanferminetarako. Guztira 2,4 milioi euroko aurrekontua izan du, iaz baino %8 gutxiago. Soilik ikuskizunei dagokionean, aurrekontua %12 gutxitu da, iazko kopuruarekin alderatuta.
Aurtengo jaietako berrikuntza nagusia Riau-riaua izango da. Orain hogeita bat urte antolatu zuen azkenekoz udalak, eta 1914an egin zen lehenengoz, uztailaren 6an.
Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Fermin Alonso Kultura eta Hezkuntza zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute egitaraua. Maiak Riau-riauarena "ilusiorako eguna" izatea nahi du, eta egun horretan "normaltasuna" nagusi izatea espero du.
431 ekitaldi horietatik 305 musikari lotutakoak izango dira, 77 haurrentzako jarduerak, 33 zezenketei lotutakoak, zortzi herri kirolen ingurukoak eta beste zortzi instituzionalak. Euskarazko egitaraua prestatzeke du oraindik udalak.
Gaztelu plazan kontzertua emango dutenen artean daude Guaraná, Seguridad Social, Robert Ramirez y el Pulpo, Soraya, Conchita, Danza Invisible eta Revólver.
Foruen enparantzan, berriz, Macaco, Boikot, Bongo Botrako, De Acero, Ojos de Brujo, Ken Zazpi, La Fuga eta Sidonie ariko dira.
Lagundutako gune gehiago izango dira aurtengo sanferminetan. Orain arte Foruen enparantzan eta Gaztelu plazan egon dira; aurten, Gurutzeko plazan eta Rodezno kondearen plazan ere izango dira.