Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Irun-Brinkola trenbidearen transferentzia eskatu du EAJk

Agirretxeak uste du PSOEk «jarrera pasiboa» duela eskumenen arloan. Madrilen «talde indartsua» izateari beharrezko deritzo Legardak

Joseba Agirretxea EAJko diputatugaia, hainbat hautagai eta alderdikiderekin, atzo, Beasaingo tren estazioan. BERRIA.
jon olano
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Asteotan, bi gobernuak negoziazioetan ari dira 1979ko estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren kudeaketaren pean dauden eskumenak eskualdatzeko. Horien artean daude aldiriko trenak. Espainiako Gobernuak eskumen horiek transferitzeko prestatutako egutegian, lehen blokean daude aldiriko trenak, eta lehen bloke osoak martxorako behar zuen eskualdatuta. Testuinguru horretan, Joseba Agirretxea EAJko Gipuzkoako diputatugaiak Espainiako Gobernuari atzo eskatu zion emateko Brinkola eta Irun (Gipuzkoa) arteko trenbidearen eskumena.

EAJko hautagaiek ekitaldi politiko bat egin zuten atzo Beasainen, eta, bertan, Espainiako Gobernuak eskumenen transferentzian duen «jarrera pasiboa eta tamalgarria» salatu zuen Agirretxeak: «Euskal Autonomia Erkidegoaren barrutik igarotzen diren aldiriko trenen eskuduntzaren transferentzia behingoz gauzatzea behar-beharrezkoa da, gure garraio sisteman integratu eta zerbitzu osoago eta hobe bat eskaini dezagun».

Amaitutako legealdian ere diputatu izan da Agirretxea, eta jeltzaleek Espainiako Gorteetan egiten duten lana goretsi zuen: «EAJ ez bada, beste inor ez da mugitzen Madrilen». Zehazki, azpimarratu zuen EAJ «oso garrantzitsua» izan dela «azpiegituren sustapenean», eta argudiatu zuen azpiegitura horiek «beharrezkoak» direla «garapen jasangarrirako, zuzen-zuzenean eragiten dutelako hazkunde ekonomikoan, enpresen lehiakortasunean, hiritar guztien bizi kalitatean eta lurraldearen egituraketan».

Jeltzaleek Espainiako Kongresuan eginiko lanaren adibide gisa aipatu zuen Beasain eta Ordizia arteko trenbidea hirigunetik ateratzeko proiektua. Horrela, «erabilera urbanistikoa berreskuratu» nahi dute eremu horretan, Agirretxearen esanetan. Era berean, kritiko azaldu zen Madrilekin, uste baitu Espainiako Gobernuak «eskumenen transferentzia aukera guztiei ateak itxi» nahi dizkiela aldiriko lineak interes orokorrekoak izendatuta.

Autogobernuaren defentsa

EAJk Espainiako Kongresuan talde sendo bat izatearen garrantzia nabarmendu zuen Mikel Legarda EAJko Arabako zerrendaburuak ere. Izan ere, «euskal talde indartsu batek baino ezin du bermatu autogobernuaren defentsa Madrilen», Legardaren esanetan; «batez ere orain, Euskadin eragina izatea nahi duten birzentralizaziorako tentazioak eta ikuspegiak sortu direlako».

Eusko Legebiltzarraren atarian eginiko ekitaldi batean hitz egin zuen Legardak, Gasteizen. Harekin batera izan zen Almudena Otaola, jeltzaleen Arabako zerrendaburua Espainiako Senaturako. Legardak ere balioa eman zion EAJk joan den legealdian euskal autogobernuaren alde eginiko lanari: «Inork ez dezala pentsatu erraza izan denik. Oztopo asko gainditu behar izan ditugu». Traba horiek xehe-xehe aipatu zituen: «Murrizketak, birzentralizazioa, Gernikako Estatutua ez betetzea, krisi ekonomikoak eta inpartziala eta independentea ez den epaile bat: Auzitegi Konstituzionala».

Kanpainan ere euskal erakundeen eskumenen aurkako mehatxuak sumatu ditu Legardak, eta egoera «hodei beltzekin» alderatu zuen, adibide gisa jarrita Pablo Casado PPko presidentegaiak eginiko proposamen ugari: esaterako, Ertzaintza Espainiako Segurtasun Indarren «subordinaziora» jartzeko eta euskararen ofizialtasuna «berrikusteko» asmoak.

Casado ez da izan euskal autogobernuaren zenbait elementu auzitan jarri dituen hautagai bakarra, kanpainan zehar kupoa izan baita Albert Rivera Ciudadanoseko presidentegaiaren jomugetako bat. Legardak «erasotzat» du haren jarrera, eta ukatu egin zuen kontzertuaren eredua «pribilegio bat» dela.

Horregatik, datorren legealdian «asko dago jokoan», Legardaren iritziz: «Arriskuan daude eskubide historikoak eta kontzertu ekonomikoa, eskuin zentralistaz eta autoritarioaz gain orain PSOE ere Ciudadanosengana gerturatzen ari baita». Hori ikusita, Otaolak azaldu zuen EAJ dela «euskal autogobernuaren eta Euskadiren barne konstituzioa den estatutuaren defendatzailerik onena». Erantsi zuen arau hori «garapen ekonomiko, sozial eta politikorako tresna» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.