Abuztuaren amaieratik Iruñerrian atxilotu dituzten gazteetatik zortzi Donibane auzokoak dira. Nahiz eta aste honetan atxilotuak Iruñeko Arrosadia auzokoak eta Zizur Nagusikoak izan, polizia operazio hori eta orain arte egin diren guztiak salatzeko manifestaziora deitu dute etziko Donibane auzoko herritarrek. Ekimen horren bidez, elkartasuna eta babesa helarazi nahi diete hiru atxilotuei eta senideei. Manifestazioa 18:00etan hasiko da, Golem zinema aretoetatik, Errepresioa ez da bidea, utzi bakean Donibane lelopean.
Atzo eguerdian eman zuten prentsaurrekoan, azken atxiloketetan komunikabide askok egin duten lana kritikatu zuten Donibaneko auzokideek: «Sufrimendua alde bietan dago, baina esanguratsua daalde baten sufrimendua eta haren aurkako erasoak isilaraztea», adierazi zuen Koldo Amatriak. Auzokideen esanetan, poliziaren iturriek emandako informazioa kaleratzen dute, beste inolako bertsiorik eman gabe.
Donibaneko auzokideek gogor salatu dute baita ere tortura salaketen inguruan isilik geratzea. «Nola liteke azken atxilotuetatik 15ek torturak salatu izanaren inguruan hitz bat bera ere ez esatea? Nola liteke ez komunikabideek ez euren burua giza eskubideen babesletzat dituzten alderdi politikoek txintik ere ez esatea?», galdetu zuen Amatriak: «Batzuek gezurra dela esango dute eta beste batzuek ezker abertzalea horrelakoez baliatzen dela biktimismoa egiteko. Gustura aldatuko genituzke rol horiek». Horrez, gainera, auzokidek salatu dute alderdiek zein komunikabideek Espainiako segurtasun indarren lana txalotu egiten dutela: «Modu batez, inkomunikazioari, torturari eta torturatzaileei babesa ematen diete».
Koldo Amatriak auzokideen izenean aipatu zuen inork ezin duela jasan bost egunez inkomunikatuta egotea. Egoera horretan senideek jasan behar duten egoera zaila ere azpimarratu zuen: «Nork jasan dezake, bere seme-alabak, senideak edo lagunak bost egunez bahitzea eta inongo informaziorik gabe egotea?».
Hain zuzen ere, uneotaninkomunikatuta aurkitzen dira Irati Mujika, Mikel Beuntza eta Oihan Ataun. Astelehen gauean atxilotuak izan ziren, lehenengo biak Iruñean eta Ataun Zizur Nagusian. Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz egin du operazioa Espainiako Poliziak, eta uneotan inkomunikatuta jarraitzen dute hiru atxilotuek.
Asteartean Madrilera igorri zituzten, baina ez dago beste informaziorik. Kontuan izanda, aurreko operazioetan atxilotu gehienek torturak salatu dituztela, errepikatzeko «arrisku biziaz» ohartarazi dute Donibaneko auzokideek. Azken atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Tolosan 100 lagun inguruk.
Isiltasuna salatu du Segik
Hiru atxilotuei Segiko kide izatea egozten die Espainiako Poliziak. Hain zuzen ere, Segik komunikabideei prentsa ohar bat igorri die atxiloketa horiek salatzeko. Euskal Herriko politikariei atxiloketen aurrean «isilik geratzea» aurpegiratzen die: «Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen batzordera edo Bruselako Friendship-era joan behar dugu ezker abertzalekoa ez den salaketa bat entzuteko».
Segik kritikatu du Elma Saiz Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariarentzat«independentziaren alde lan egitea indarkeriaren munduan sartzea» dela. «Alfredo Perez Rubalcaba espainiarren gerra ministroa ere ikusi dugu hitz totelka azken atxilotuei zer leporatu ez zekiela...», dio Segik.«PSOEk zerrenda beltz luzeak egin ditu, baina jakin behar dute eta nazioarteko ahots guztiek gogorazten diete alferrik dela. Sufrimendua alde guztietara zabaltzeko gerra estrategian sakontzen duten bakoitzeko, gure minak ez gaitu etxera bidaliko».
UPNri adierazi diote Segiren helburua dela «Nafarroa Euskal Herriaren askatasun bidean aitzindari izatea». UPNri eta PSNri Madrildik esaten dutenari men egin eta nafarren hitzari entzungor egitea leporatu diete. «Eta inork ez diezagula esan gauez polizia gure etxera bahitzera datorren bitartean estatutu berrituak direnik Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ahalbidetzea».
Iruñean atxiloketen aurka manifestatzera deitu dute etziko Donibane auzokoek
«Alde bietan» sufritzen dela eta komunikabide askok alde batena isilarazten dutela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu