Hamabi egun daramatza Fernando Piedra 18 urteko gazte iruindarrak desagertuta. Bere lagun eta senideek ez dute haren arrastorik, eta Polizia bilaketa lanetan bada ere, oraingoz ez dakite non egon daitekeen. Familiari elkartasuna adierazi eta gaztearen bila jarraituko dutela adierazteko elkarretaratzea egin zuten horregatik atzo Iruñean, gaztearen bizileku den Sanduzelai auzoan. Ehundik gora pertsona elkartu ziren, haietako asko desagertutako gaztearen argazkiekin, eta hari zuzenduriko afixekin. Itzul zaitez etxera Fernando, itzul zaitez orain; Ez gara zure bila aritzeaz sekula nekatuko; Familia zain duzu; Maite zaitugu; Faltan botatzen zaitugu.
«Galduta» eta «zer egin ezin asmatuz». Hala dago familia, Darwin Humberto Piedra Fernando Piedraren aitaren hitzetan. Edozein albiste izpiren zain oraindik, orain arte jaso dituzten zantzuek inora eraman ez badituzte ere. Aitak esandakoaren arabera, gazteak ez zuen etxetik ihes egiteko moduko arrazoirik, eta ezta kalte egin nahi liokeen inor ere. «Horregatik, ez dakigu zer gertatu zaion».
Abenduaren 26az geroztik galdeketak egiten aritu da Polizia, eta asteartean hasi ziren lanean polizia zientifikoak ere. 26koa da gazteaz dagoen azken aztarna. Lagun bat deitu zuen telefonoz gauean Piedrak, «galduta» eta «zorabiatuta» zegoela esanez. Gero, baina, telefonoa itzali egin zen, eta ez da haren berri gehiagorik izan. Arga ibaian ere egin dituzte bilaketak poliziek, baina ez dute inolako arrastorik aurkitu.
Herritarren laguntza
Polizia ez ezik, haren senide eta lagunak ere Piedraren bila dabiltza, eta herritarren laguntza ere eskatu dute, gazteari buruzko edozein informazio helarazteko galdeginez. Bi telefono zenbaki jarri dituzte horretarako: 948-06 07 92 eta 676-11 90 98.
Hainbat dei jaso dituzte orain arte, baina ez dute emaitzarik izan. Beste gazte batzuei buruzko informazioa izan da, maiz, jasotakoa, eta, horregatik, Piedra identifikatzeko datu bat eman du familiak: F hizkia du eskuineko eskumuturrean tatuatuta.
Hamar urte daramatza Piedrak Iruñean bizitzen, baina Ekuadorkoa da jatorriz. Horregatik, Nafarroako etorkinen kontseiluko kide Floresmilo Arrobok irakurri zuen atzoko elkarretaratzean familiarekin eta Nafarroako Ekuadortarren Elkarteen Federazioarekin adostutako komunikatua. Familiari elkartasuna adieraztearekin batera, eskaera bat egin zieten Nafarroako segurtasun indarrei: «Bilaketa eta ikerketa ahaleginik handiena egiteko».
Ekuadorko eta Nafarroako agintarien arteko koordinazioa hobetzeko ere eskatu zuten, familiari laguntza eskaini eta desagertutako gaztea bilatzeko.
Iruñean desagertutako gaztearen bila segitzen dute
Abenduaren 26tik ez dute Fernando Piedraren berri, eta elkarretaratzea egin dute haren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu