Iruñean ETB ikus daiteke, hedagailu bat jarri baitute herritar batzuek
Lanaren ardura norena den erakundeak ika-mikan ari diren bitartean, herritar talde batek, urratsa egin, eta ETB Iruñerrian LTD lurreko telebista digital bidez ikusteko modua jarri du. Erreniega mendian jarri dute hedagailu bat, eta, beraz, hara begira dauden antenek jaso dezakete seinalea. Herenegun hasi zituzten probak, eta espero dute Iruñerriko herritarren %80-90ek izango dutela modua ETB ikusteko. Oraingoz lehen bi kanalak daude ikusgai. Bi horiek dira Nafarroan sistema analogikoz ikus daitezkeenak; hain zuzen ere, seinale analogikoa digital bihurtzen duen gailu bat jarri dute herritar horiek, eta, hala, LTD bidez ikus daiteke etxeetan. Besterik da hirugarren eta laugarren kanalei dagokienez; horiek sistema digitalean soilik ematen ditu ETBk, eta, beraz, aldaketaren bat egin beharko luke Erreniegan jarri duten hedagailura heldu ahal izateko. Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ez dira ados ETB Nafarroan jartzeaz; Iruñeko gobernuak dio Jaurlaritzak ordaindu behar duela; hark dio erdi bana egin behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu