1894an Gazteluko Plazako Cafe Iruñea kafetegi ezagunean diseinatu zen estreinakoz ikurrina. Geroztik, mende bat baino gehiago iragan bada ere, oraindik ere Nafarroako hiriburuan eskuineko sektoreek sinbolo horren aurka jotzen dutela salatu zuten atzo Cafe Iruñearen parean. Ibai Moreno gazteak hamahiru auzipeturen izenean hitz egin zuen, eta 2010eko sanferminen hasieran, txupinazo egunean, jazotako gertaerengatik fiskalak 33 urteko espetxe zigorra eta 150.000 euroko isuna eskatzen duela jakitera eman zuen. Akusazio partikularraren eskaera are handiagoa da, euren aurka 160 urteko espetxe zigorra eta 350.000 euroko isuna ordaintzea eskatzen duelako.
Ateak Ireki webgunearen bideo batean ikus daiteke 2010ean Sanferminetako udaletxe plazan gertatutakoa. Han, argi ikusten da nola gazte batzuk ikurrina erraldoi batekin sartu ziren Udaletxe plazan, eta, hori ikusirik, udaltzain talde bat bultzaka sartu zen plaza barruan, eta, ikurrina zegoen tokira iristean, borraka eta kolpeka hartu zituen gazteak. Poliziek indarkeria handiz jo zuten, harik eta ikurrina bereganatzea lortu zuten arte. Liskar horietan, norbaitek botila bat jaurti zuen, eta plaza barruan zen gazte bati jo zion. Gazte hark gaur egun zauri larriak ditu buruan.
Hiru urte iragan dira, eta botere judizialak ikurrina zeramaten pertsonen aurka jo du. Zigor eskaera handiak egin dituzte fiskalak zein akusazio partikularrak. Epaiketa azaroaren 18an egingo da.
Hori ikusita, auzipetuek iritzi publikoari jakinarazi diote euren delitua izan zela «ikurrina bat zabaltzea eta hura defendatzea». «Udaltzainek bortizkeriaz eraso egin ziguten, eta, ondorioz hainbat lagun zauritu ziren», aipatu zuen Morenok. Euren elkartasun osoa adierazi diete gertaera horien ondorioz larriki zauritu zen gazteari. Fiskalaren eta akusazio partikularraren zigor eskaeren aurrean, Ibai Morenok azpimarratu du gertatutako guztiaren oinarria ikurrinaren zabaltzea izan zela. «Halako egoera, munduko edozein bazterretan topatzea oso zaila izanen genuke».
Morenoren esanetan, auzi horrek agerian uzten du «arduragabekeriaz inposatzen zaion errealitate gordina». Hori ikusita, auzipetuek jakinarazi dute egoera larri horri aurre egiteko, arduraz jokatu nahi dutela. «Guztion eskubideak bermatuko diren Iruñea baten alde gaude, eta, beraz, guztion ikurrak errespetuz hartuak izanen diren hiri baten alde gaude».
Gogora ekarri dute ikurrinaren aurkako zein kutsu herrikoia duten ekintzen aurkako erasoak ez direla soilik epaiketa horretara mugatzen. Hala, aurtengo txupinazoan ere atxiloketak izan direla gogorarazi dute, edo kalean agerraldiak egiteagatik 500 euroko isunak ezarri zaizkiela deitzaileei. Sanfermin Txikin ere debekuen bitartez erantzun zuen Iruñeko Udalak. Bestelako Iruñea baten beharra aldarrikatu dute. Morenoren irudikoz, eskubideetan ez dago berdintasunik Iruñean. «Ikurrinaren aurka jotzen da, eta haren aldeko defentsa egitea espetxe eskaerekin zigortzen da». Hori dena «erabateko salbuespenezko egoera» bat dela deritzote.
Manifestazioa urriaren 26an
Ez dute etsi nahi, eta datozen egunetan Iruñeko hainbat eragile politikorekin, sindikaturekin eta gizarte elkarterekin bilduko dira. «Gure irakurketa helarazteko eta eskubide guztiak bermatuko dituen Iruñea eraikiz joateko gure konpromisoa adieraziko dugu». Era berean, urriaren 26an manifestaziora deitu dute, 12:00etan Udaletxe plazatik irtengo baita bestelako Iruñea baten alde.
Iruñean ikurrinaren aurkako jazarpena dagoela salatu dute
2010eko sanferminetan txupinazoan izandako istiluengatik 33 urteko zigorra eskatu die fiskalak 13ri auzipeturi

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu