Euskara

Iruñeko Agiria: berrogei urte

Hilabete honetan berrogei urte bete dira Iruñean Sortua taldea eratu eta Iruñeko Agiria idatzi zutenetik. Espainiako Konstituzioak hizkuntzen mailakatzea aplikatzen zuen berdintasunaren izenean, eta horren aurka elkarrekin gogoeta egiteko bildu ziren Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako hainbat soziolinguista, Iruñean.

Iruñeko Agiria dokumentua hainbat hizkuntzatan, eta Getxon egin zen kongresuari buruzko artikulua Jakin aldizkarian. BERRIA.
Sara Iriarte Lasa
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Didaktika, komunikabide, eta gizarte zientzien alorrean ari garen profesional euskaldun, katalan eta galiziar batzu; baita talde herrikoietan, eta erabilpen linguistikoaren eztabaidaketan eta aldakuntza demokratikoaren bultzadan ari garen beste batzu, bildu gara Iruñera; geure esperientziak eta aurkikundeak elkarrekin jartzekotan». Hitz horiekin hasten da 1983ko uztailean Iruñean elkartu ziren 35 lagunek idatzitako dokumentua: Iruñeko Agiria.

Ikusi gehiago:UEMAko hautetsiak batu dira euskaraz lan egiten jarraituko dutela adierazteko

Espainiako Estatuko hizkuntzen egoeraren inguruan eztabaida eta gogoeta egiteko antolatu zen biltzar baten emaitza izan zen, eta han Iruñean Sortua taldea ere eratu zen. Bileran parte hartu zutenen artean zeuden, besteak beste, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx, Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi, Sagrario Aleman, Kike Amonarriz, Lluis Vicent Aracil, Miren Egaña, Iñaki Larrañaga, Jordi Serra eta Joan Mari Torrealdai. Urte bereko urriaren 29tik azaroaren 1era bitartean, Lleidan (Katalunia) bildu ziren, eta Santiago de Compostelan (Galizia) 1984ko martxoaren 17tik 19ra bitartean. Ibilbide laburra izan zuen taldeak; izan ere, barne eztabaidak tarteko, urte bereko urrian egin zuten azken kongresua, Getxon (Bizkaia).

Ikusi gehiago:Analisia: 'Aterkirik gabe'

Iruñean Sortua taldeak, Kike Amonarrizen iritziz, «oso baliagarriak» eta «emankorrak» izan ziren harremanak eragin zituen soziolinguisten artean. Galizian, Katalunian eta Euskal Herrian lantzen zituzten gaiei, eta horien inguruan zituzten kezkei eta egiten zituzten ekarpen teorikoei buruz aritzeko aukera eman zuen. Bestalde, «oinarri zientifikoak» beraien jardunean zuen «garrantzia» nabarmentzeko «bide bat zabaldu» zuen. Sagrario Alemanek adierazi du «diskriminatuak eta gutxietsiak» ziren hizkuntzetan jarri zela arreta taldeak iraun bitartean, eta «elkarrekin jokatzearen garrantzia» azpimarratu zela. Horrekin batera, hizkuntza hauetan egin beharreko lanei «oihartzuna» eman zitzaien.

Diskriminazioa eten zedin

Garai hartan, Espainiako Konstituzioa eta autonomia estatutuak onartu ziren, eta hizkuntza gutxituen egoera juridikoa egituratzen ari ziren erakundeak. Amonarrizek gogoratu du Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian hizkuntzen biziberritze prozesuak «indartzen» ari zirela, eta hizkuntza gutxituen egoeraren eta haien etorkizunaren inguruko «kezka soziala» zegoela.

Alemanek gaineratu du hizkuntzei «trataera desberdina» eman zitzaiela konstituzioan: hain justu gaztelaniak izena badu, propio aipatzen da testuan, eta beste hizkuntzak, berriz, ez. «Sortzez» heldu zen desberdintasun hori: «Bata hegemonikoa zen, eta besteak ez». Alemanen iritziz, «itxura demokratikoa» eman nahi zitzaion diskriminazio horri, baina «oso desberdin» tratatu ziren hizkuntza gutxituak konstituzioan bertan.

Frankismoaren desegiteak «esperantza» sortu zien hizkuntza gutxituen sustatzaileei. Alemanek gogoratu du ordura arteko «errepresioa» eta hizkuntza gutxituen diskriminazioa «demokraziak konponduko» zituen iritzia oso zabalduta zegoela. Amonarrizen ustez, «nahiko argi» zegoen konstituzioa aldatzea «ia ezinezkoa» izango zela epe motzean. Hala ere, uste zuten garrantzitsua zela «hizkuntza gutxituen aldeko dinamika soziopolitiko indartsuak bideratzea eta indartzea».

«Konstituzioak hizkuntza gutxituen diskriminazioa legeztatu zuen, eta hori zen salatu nahi zena», gogoratu du Alemanek. Egoera bidegabe hori «ez betikotzea» zen helburua. Hala ere, aukera hori «galdu» egin zela uste du; diskriminazioak iraun egin zuen, eta legean agertzen ez zen horri «itxura demokratikoa» eman zitzaion.

Amonarrizek esplikatu duenez, taldeak izan zuen ibilbide laburrean ondorioztatu zuten hizkuntza gutxituen egoerari aurre egiteko «bestelako neurriak» behar zirela eta «aktibazio soziopolitiko sendo bat» beharko zela. Getxon egin zen kongresuaren ideia; hortik sortu zen: «Ikusten genuen hizkuntza gutxituen egoeraren inguruan hausnartu behar genuela». Hausnarketa horretatik «bestelako dinamika batzuk» ere eragin beharko zituztela ondorioztatu zuten. Alemanek gaineratu du Getxon ere aipatu zutela «elkarrekin aritzeko beharraren» eta «zabaltzearen» garrantzia.

Berrogei urteko distantzian

Legezko egoera ez dela aldatu baieztatu du Amonarrizek. Horri dagokionez «atzerapausoak» badirela eta gehiago izateko «arrisku latza» dagoela gaineratu du. Haren ustez, duela berrogei urte egindako «desorekaren irakurketak» bere horretan balio du gaur egun ere. Alemanek gehitu du urte hauetan «pausoak» eman direla eta «euskarak presentzia askoz toki gehiagotan» duela. Hala ere, haren ustez, «betikotu» egin da «hizkuntzen arteko desberdintasuna eta diskriminazioa». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitatera begira, bereziki, erakundeek urratsak egin dituztela esan du Alemanek baina gainerakoan gehiegitan «borondate eskasa» erakutsi dutela euskara sustatzeko. Hizkuntzen berdintasuna betetzen ez den bitartean «ezinean» ibiliko direla ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.