Sexu indarkeria jasan duten adingabeak modu integralean artatzea. Hori da Iruñeko Barnahus egoitza berriaren helburua. Otsailean hartuko dituzte lehenbiziko adingabeak, egoitzako arduradunek gaur baieztatu dutenez. Zerbitzu horren xedea indarkeria jasan duten haurrak eta nerabeak berriz biktimizatzea eragozten duen zerbitzu bat eskaintzea da. Izan ere, zenbaitetan adingabe horiek hainbat espaziotara joan behar izaten dute beharrezko arta jasotzera, eta Barnahus ereduarekin mugimendu horiek guztiak saihestu nahi dituzte; adingabeek «leku seguru bat» izan dezaten.
3 eta 15 urte bitarteko neskak artatuko dituzte bertan —16 urtetik aurrerako neskak Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroetara bideratzen dira—, eta 3 eta 17 urte bitarteko mutilak.
Bi zatitan dago banatuta egoitza: administrazio lanak egiten diren partea, bertan lan egiten duten profesionalendako sarrera duena; eta etxearen partea, familiak eta haurrak sartzen diren lekua. Bertzeak bertze, gune horietan sukalde bat, lan egiteko bi txoko eta grabaketak egiteko bertze bi leku daude. Azken horietan umeen deklarazioak hartzen dituzte, epaitegietara joan beharrik izan ez dezaten.