Solairu batetik bestera mugitu zituzten Iruñeko erietxe publiko batean dauden hamasei pertsona gaixo herenegun gauean. Nafarroako Ospitale Guneko B eremuan, lehen Bideko Ama erietxea izandakoan, sabai faltsu baten parte bat erori egin zen asteazken gauean, 22:30 aldean. Ez zen inor zauritu, eta ez zuten inor artatu behar izan ezbeharrarengatik, Nafarroako Gobernuak atzo jakitera eman zuenez. Inor zauritu ez arren, hamasei eri solairuz aldatzea erabaki zuten.
Lau metro inguru sabai erori ziren, traumatologia eta hematologia arloetako gaixoei harrera egiten dieten lekuan. Sabaia berehala garbitu eta eremu hartan zeuden hamasei gaixoak lekuz aldatzea erabaki zuten, laugarren solairura. Nafarroako Gobernuaren esanetan, laugarren solairuan hutsik dago lekua, udan ebakuntzen egutegia murritzagoa delako. Ordubete eskasean, 23:30erako, arazoa guztiz konpondua zegoela ere ziurtatu du. Ezbeharrak ez zion eragin gaixoen zaintzari, haren esanetan. Atzo ikertzen hasi ziren zergatik erori den sabai faltsuaren zati bat; beste solairu batzuetan ere egingo dituzte azterketak.
Iruñeko erietxe bateko sabai faltsua erorita, lekuz aldatu dituzte hamasei gaixo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu