Frankismoari eta estatu kolpea eman zutenei gorazarre egiteko monumentua dena memoria historikoaren museo bihurtzea. Horra adituen batzordeak Iruñeko Udalari proposatu diona, Erorien Monumentua eraldatzeko. Akademiaren eta oroimen historikoaren esparruko hamalau espezialistak osatzen dute batzordea, eta txosten bat ondu dute —udalak hala eskatuta— galdera bati erantzuteko: zer egin Erorien Monumentuarekin? Adituon irudiko, memoriaren museo bat izanen litzateke, luzera begira, «asmo eta garrantzi handieneko proiektua hiriarentzat».
Batzordeak txostenean jaso duenez, eraikina «zeharo» eraldatu beharko litzateke, eta horri esker, posible izanen litzateke monumentuaren «balio antidemokratikoak» erauztea. «Era horretan, praktikara eramanen litzateke Museo Memorialen Nazioarteko Gutunean jasotakoa, frankismoaren apologiaren eta jazarpenen, sarraskien eta giza eskubideen bestelako urraketen egileak goresten dituen adierazpide argienetako bati dagokionez».
Txostenaren oinarrian dago monumentua «errotik» eraldatzea, hala barrualdean nola kanpoaldean, baina adituek ez dute hobesten eraikina erabat eraisteko aukera. Uste dute horrek «mesede» eginen liekeela estatu kolpearen eta frankismoko sarraskien egileei, «gertatutakoaren frogak desagerraraztea» ekarriko lukeelako. «Errepresioaren testigantza materialak kontserbatzea oso erabilgarria da oroimen historikoa eraikitzeko tresna gisa», azaldu dute. Horren ordez, «elkartasuna, giza eskubideekiko errespetua eta historiaren gaineko gogoeta kritiko eta zorrotza» uztartuko dituen leku bat proposatu dute, «biktimek egia, justizia eta ordaina lortzeko duten eskubidean sakontze aldera».
Memoriaren museoak «1936ko estatu kolpearen erroak, testuinguru historikoa eta ondorioak ezagutzeko aukera» emanen luke, adituen ustez, eta, era berean, «balio demokratikoak sustatzeko ekintza politikoa eta kulturala» izanen litzateke. Helburu «pedagogikoa eta hezitzailea» izanen luke proiektuak, beraz.
Zer eraitsi, zer utzi
Erorien Monumentua eraldatzeak zerikusia du eraikinaren esanahiarekin, baina baita elementu arkitektonikoekin ere. Hori dela eta, zenbait esku hartze proposatu dituzte txostenean. Hasteko eta behin, monumentuaren gainaldeko kupulak «protagonismoa galdu» beharko luke, adituen irudiko. «Hura ikustea eragotziko duten elementuak jarri beharko lirateke beheko solairuetan, eta gune bat egokitu beharko litzateke, bisita gidatuak egin eta haren gaineko interpretazio bat eskaini ahal izateko». Kupularen barruko margolanak «mediatizatzeko eta interpretatzeko» beharra azpimarratu dute.
Monumentuaren alboetako arkuteriei dagokienez, berriz, eraistearen alde agertu dira adituak. Uste dute horrek «lotura» emanen liokeela aurrealdeko eta atzealdeko espazio publikoari eta, horrez gain, arkuak botatzeak aukera emanen lukeela «gaur egun ikusgai ez dauden egiturak eta elementuak azaleratzeko», hala nola kriptara sartzeko tunela: «Tunela guztiz sinbolikoa da, kriptan urteetan begirada publikotik kanpo egin direnengatik».
Testu eta ikonografia faxistei eta nazional-katolikoei buruz, bestalde, horiek guztiak «museizatzea eta interpretatzea» proposatu dute: «Hortik erretiratu beharko lirateke, besteak beste, [estatu kolpean eta gerran] eroritakoen izenen zerrendak dituzten marmolezko xaflak eta bestelako inskripzioak. Horiek biltegiratu beharko lirateke, ikertzeko eta interpretatzeko.
Egitura arkitektoniko berriak aintzat hartu beharko lituzke proiektuaren erabilera eta beharrak: adibidez, erakusketa iraunkorrak eta behin-behinekoak, espazio hezigarriak, ekitaldietarako eta hitzaldietarako aretoak, artxibategia eta liburutegia. Horiek guztiak hartzeko, batzordeak proposatu du eraikin osagarri bat edo gehiago eraikitzea, «espazio arkitektoniko koherente bat» osatze aldera.
Elkarteak: «Hilobia zuritzeko tresna da»
Iruñeko Udalak adituen txostena aurkeztu baino minutu batzuk lehenago, agerraldia egin dute Erorien Monumentua eraitsi nahi duten elkarte memorialistek. Uste dute txostenak «hilobia zuritzeko» soilik balioko duela: «Hirukoak konbentzitu nahi gaitu monumentuari beste esanahi bat ematearen onurez, eta esaten digu memoria historikoan adituak direnek eta nazioarteko ospea duten arkitektoek bermatzen dutela. Botereak proiektu bat inposatu nahi duenean, adituak izaten ditu inguruan».
Eraikinaren balio historiko bakarra 1936an matxinatutako bandoa goraipatzea dela gogorarazi dute agerraldian: «Ikur frankista bat da oraindik ere, eta hala izanen da aurrerantzean ere; izan ere, udalaren arabera, eraikinari beste esanahi bat emateko prozesuak nahitaez errespetatu behar du balio historiko hori». Eraikinean memoria historikoaren museo bat egitea ere ez dute begi onez ikusi: «Hilobi handi bat izanen da, ikur frankista bat, barruan museo bat duena. Orain ere halaxe da: ikur frankista bat, barruan erakusketa areto bat duena. Erorien Monumentua izaten jarraituko du».
Adituen batzordea osatzen duten profesionalei buruz, elkarte memorialistek esan dute aurrerantzean «eraikinari beste esanahi bat emateari buruzko engainuaren mende» egonen dela beren prestigioa: «Ikur frankistak dituzten eraikinen mantentze lanetan adituak izanen dira, baina esperientzia hori ez da inon ikusten. Argi geratu behar zaie elkarte memorialistek eta frankismoaren biktimek ez dutela onartuko ez haien helburua, ez monumentuari beste esanahi bat ematearekin zerikusirik duen ezer».
ADITUEN BATZORDEKO KIDEAK
Iruñeko Udalak adituen batzorde bati eskatu zion Erorien Monumentua eraldatzeko proiektuari buruzko txostena prestatzeko. Memoria historikoaren, unibertsitatearen, ondarearen eta arkitekturaren esparruko hamalau profesionalek osatzen dute batzordea.
- Miguel Angel del Arco Blanco. Historia Garaikidean katedraduna Granadako Unibertsitatean (Espainia). 1936ko monumentu frankistei buruzko zenbait lanen egilea.
- Christian Durr. Mauthausen Memorial zentroko komisarioa eta Mauthausengo eta Gusengo zentroetako erakusketen alorreko zuzendaria (Austria). Filosofian doktorea.
- Matilde Eiroa San Francisco. HISMEDI Historia, Memoria eta Gizarte Digitala proiektuko zuzendaria. Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko akademikoa.
- Lourenzo Fernandez Prieto. Historia Garaikidean katedraduna Compostelako Unibertsitatean (Galizia). CENOMI biktimen errolda proiektuaren zuzendaria.
- Fernanda Garcia Iribarren. Santiagoko Memoria eta Giza Eskubideen Museoko zuzendaria (Txile).
- Jose Miguel Gaston Aguas. Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria eta Historian doktorea.
- Jordi Guixe Coromines. EUROM Europako Oroimenaren Behatokiko zuzendaria. Historian doktorea eta irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean.
- Nora Hochbaum. Estatu Terrorismoaren Biktimen Monumentuaren eta Memoriaren Parkearen zuzendaria Buenos Airesen. Irakaslea San Andresko Unibertsitatean (Argentina).
- Asun Larreta Aiesa. Frankismoan errepresaliatutako familia bateko kidea eta memoria historikoaren aldeko ekintzailea. D ereduko irakasle erretiratua.
- Cesar Layana Ilundain. Nafarroako Memoriaren Institutuko Dokumentazio alorreko sekzioburua. Historian doktorea eta irakaslea NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
- Emilio Majuelo Gil. Nafarroako Oroimen Historikoko Funts Dokumentalaren zuzendari ohia. Historia Garaikideko irakasle emeritua NUPen.
- Fernando Mendiola Gonzalo. Nafarroako Oroimen Historikoko Funts Dokumentalaren zuzendaria. Historia Garaikideko irakaslea NUPen.
- Iratxe Momoitio Astorkia. Gernikako Bakearen Museoko zuzendaria (Bizkaia). Museologoa eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna.
- Nuria Ricart Ulldemolins. Irakasle agregatua Bartzelonako Unibertsitatean. Hiri Birgaitzean eta Espazio Publikoan doktorea.