Iruñeko haur eskolak: euskara ikasi ala euskaran murgildu

Hasi berri den ikasturtean, euskarazko ikaspostu gehiago eskainiko dituzte Iruñeko haur eskoletan. Zentro gehienak, baina, mistoak izanen dira. Euskalgintzak uste du aukera bat galdu dela murgiltzea sustatzeko.

Iruñean euskarazko haur eskola gehiago eskatzeko manifestazio bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñean euskarazko haur eskola gehiago eskatzeko manifestazio bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uretara jauzi egin ezean, nekez bustiko da bat. Eta hizkuntzekin ere, antzera: euskara ikasi, ikas daiteke, baina xedea baldin bada euskara aise ibiliko duten hiztunak heztea, behar-beharrezkoa da euskaran murgiltzeko aukerak eskaintzea, umetatik hasita. Hala uste dute Iruñeko haur eskolak euskalduntzeko lanean dabiltzan eragileek. Horregatik, euskarazko eskola eta ikaspostu gehiago eskatu dizkiote udalari, baina ez edonola: murgiltze eredukoak nahi dituzte. Euskara ikastea bermatuko dutenak, alegia.

Iragan martxoan, Iruñeko Udalaren haur eskoletan euskarazko eskaintza zabaltzeko akordioa sinatu zuten udaleko gobernu taldeko kideek —EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak— alde batetik, eta PSNk bestetik. Horri esker, 102 ikaspostu gehiago eskainiko dituzte euskaraz udalaren haur eskolen sarean: hamasei gehiago Arrosadia auzoko Printzearen Harresi zentroan, 43 postu Mendebaldea haur eskolan —orain arte, gaztelerazko eskaintza baino ez zegoen han— eta euskarazko 43 postu Donibaneko eskola berri batean. 2027-2028ko ikasturterako, 0 eta 3 urte bitarteko 1.147 postu eskaini nahi ditu udalak osotara, eta horietatik, euskaraz izanen dira 355, guztien %31,.

Hala ere, akordioak ez ditu euskalgintzako eragileak asebete. Eztabaida piztu duena ez da izan euskarazko postuen kopurua, eskolen eredua baizik. Euskarazko ikaspostu horiek ez dira izanen murgiltze eredukoak; aitzitik, «eredu mistoko» zentroetan ezarriko dituzte: batik bat euskara eta gaztelania uztartzen dituzten eskoletan, alegia.

«Euskarazko aukera auzo gehiagotara zabaldu dute, baina udalak aukera ederra galdu du murgiltze eredua indartzeko»

ANE APEZETXEA GORROTXATEGI Iruñeko Euskalgintza

Euskalgintzako eragileak ez daude pozik erabakiarekin. «Ilusioz hartu genuen 2023ko gobernu aldaketa, eta poz horrek goia jo zuen Joseba Asiron alkateak zera esan zuenean, agintaldia amaitu aurretik euskarazko eskaintza auzo guztietara zabaldu asmo zuela. Tamalez, agintaldiaren ia erdia igarota, ilusio hori zapuztu digute», azaldu du Iruñeko Euskalgintza plataformako Ane Apezetxea Gorrotxategik.

Plataforma horren parte dira AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen elkartea, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, HE Gurasoak, Euskal Herrian Euskaraz, Administrazioan Euskaraz Taldea, eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuak. Begi onez hartu dute Iruñeko Udalak euskarazko postuak ugaritu izana, baina ez datoz bat ez euskarazko eskaintzaren banaketarekin ez eskola gehienetan ezarri duten hizkuntza eredu mistoarekin. «Alde positiboa du akordioak: euskarazko aukera beste bi auzotara zabalduko dute, Mendebaldera eta Donibanera», esan du Apezetxeak; eta berehala egin du ñabardura: «Gure ustez, dena den, udalak aukera ederra galdu du euskara hutsezko eredua indartzeko eta hedatzeko».

Baina zer da eredu mistoa?

Eredu mistoa, funtsean, bi hizkuntza eredutako ikasleak eta hezitzaileak zentro berean biltzean datza. Bi lerro paralelo, eskola beraren barruan. Hala, euskara-ingelesa eta gaztelania-ingelesa ereduak eskaintzen dituzte Hello Buztintxuri, Lezkairu eta Printzearen Harresi haur eskoletan; eta euskarazko lerro bat eta gaztelaniazko beste bat, berriz, Mendebaldea eta Goiz Eder eskoletan. Erdara hutsezko ereduak ezarriak dituzte Donibane, Haurtzaro, Hello Azpilagaña, Egunsenti, Jose Maria Huarte eta Mendillorri zentroetan. Ikastetxe bakarrak eskaintzen du euskara hutsezko murgiltze eredua: Izartegi haur eskolak, Txantrea auzoan.

«Udalak sustatutako eredu mistoa zera da, bi eskola izatea zentro beraren barruan. Arazo handiak dakartza horrek antolaketan eta euskararen transmisioan»

AMAIA RAZKIN Hezitzailea eta LABeko kidea

«Eskola mistoak bi eskola dira, zentro beraren barruan», azaldu du Amaia Razkin hezitzaile eta LABeko ordezkariak. Sindikatu horrek gehiengoa du Iruñeko haur eskoletako langile batzordean. «Gabeziak» ikusten dizkio Iruñeko Udalaren eta PSNren arteko akordioari: «Euskarazko ikaspostuen eskaintza handitu beharra dago, bai, baina ez edonola». Izan ere, eskola bakarrean bi hizkuntza lerro uztartzeak «arazo handiak» sortzen ditu, profesionalen irudiko. Antolaketa pedagogikoari eta euskararen transmisioari lotutako arazoak, batik bat.

Azpiegitura egokirik ez izatea, horra lehen eragozpena. «Eraikin berean bi hizkuntza eredu sartu nahi badituzu, leku arazoak izanen dituzu, hori seguru. Adin ezberdinetako haurrak ikasgela berean nahasi beharko dituzu», esplikatu du Razkinek. Harekin bat dator Gari Torregrosa, Txantreako Izartegi haur eskolako zuzendaria: «Eskolak diseinatuta daude hizkuntza bakar batean aritzeko: guk lau ikasgela ditugu, eta haurrak adinaren arabera banatuta daude. Beste hizkuntza bat sartu beharko bagenu, gaztelaniazko lerroko haurrak bi ikasgelatan sartu beharko genituzke, eta euskarazkoak, beste bitan».

Horregatik, hain zuzen, eredu mistoaren ondorioetako bat da ratioak igotzea, Torregrosak esplikatu duenez: «Zenbait eskolatan, 28 edo 30 haur sartu izan dituzte hogei ikaslerentzat prestatuta zeuden geletan. Hori gertatu izan da Buztintxurin, Mendebaldean... Ez da batere egokia».

«Eredu mistoak ez du bermatzen euskarazko murgiltzea. Bi hizkuntzaren arteko talkan beti gailenduko da indartsuena: gaztelania, alegia»

ASIER BIURRUN Iruñeko Euskalgintza

Elkarbizitza eta antolaketa arazoak

Azpiegitura desegokiekin du zerikusia bigarren arazoak ere: gaztelaniaren nagusitasunak. «Eskola mistoetan, erdara nagusitzen da laneko hizkuntza gisa», azaldu du Razkinek: «Hizkuntza bat bereganatzeko, ezinbestekoa da ondo murgiltzea, eta eskola mistoetan ez da halakorik bermatzen. Hezitzaile batzuek euskaraz egiten dute, baina beste batzuek ez, eta gainerako langileei dagokienez, inork ez du bermatzen euskaldunak izanen direla».

Kritika horretan sakondu dute euskalgintzako kideek. «Labur esanda, eredu mistoak ez du bermatzen euskarazko murgiltzea», esan du Asier Biurrun Ajuriak, Iruñeko Euskalgintzako beste kideetako batek: «Eremu diglosiko batean bizi gara, eta, bi hizkuntzaren arteko talkan, beti gailenduko da indartsuena. Gaztelania, kasu honetan».

Horiek horrela, haurrei euskaraz eginen diete ikasgela barruan, baina tratu hori ez da bermatua egonen gainerako esparruetan: «Denok izan dugu ezinegon hori, ez jakitea aurrean duzunarekin euskaraz hitz egiten ahal duzun, eta, zalantza dugunean, erdarara pasatzen gara badaezpada. Bada, imajinatu zer den hori haur txiki batentzat, eskolako sukaldariak gaztelaniaz egiten badio, hezitzaile batek euskaraz eta beste batek erdaraz, garbitzaileak erdaraz berriro... Hori ez da batere onuragarria», azaldu du Biurrunek.

HorI ez gertatzeko era bakarra ikusten du: euskara ezinbesteko baldintza izatea haur eskola mistoetako zuzendaritzan eta gainerako lanpostu guztietan. PSNk, baina, bidea itxi dio jada aukera horri: «Euskara izan daiteke meritu bat, baina ez baldintza baztertzaile bat eskola mistoetan. Derrigor inposatzeak justifikaziorik gabeko arrakalak sortuko lituzke lan esparruan», adierazi zuen Marina Curielek, PSNren udal bozeramaileak, maiatzean eginiko agerraldi batean. Eskola mistoen onurak ere aipatu zituen Curielek, eta nabarmendu «bizikidetzaren eta errespetuaren balioak» bermatzen dituela eredu horrek.

«PSNk dio eredu mistoak elkarbizitza sustatzen duela. Ez da egia: eskola horiek ghetto bihurtzen dira, eta ikasleak ez dira elkarren artean nahasten»

GARI TORREGROSA Izartegi haur eskolako zuzendaria

Euskalgintzako eragileak eta haur eskoletako profesional asko, alta, ez datoz bat sozialistekin. Apezetxearen ustez, elkarbizitza eta errespetua kontzeptu «politak» dira, baina PSNk horien esanahia bihurritzen du: «Zer esan nahi dute benetan, halakoak botatzen dituztenean? Hizkuntza hautatzeko eskubidea ukatuko dietela familiei. Zure auzoan ez badago euskarazko eskolarik, kondenatuta egonen zara egunero kilometro mordoa egitera edo seme-alabak erdaraz matrikulatzera. Baina hor ez dago inposiziorik, antza».

Ideia horretan sakonduz, Torregrosak gaineratu du eredu mistoek «ghettoak» sortzen dituztela: «PSNk dio eredu honek elkarbizitza sustatzen duela. Ez da egia. Eskola mistoetan zera gertatzen da, eskola horiek ghetto bihurtzen direla. Eredu bateko eta besteko familiak ez dira elkarren artean nahasten, eta ikasleak ere ez», esan du Torregrosak.

Eredu horren aldean, elkarbizitza sustatzeko biderik eraginkorrena «euskarazko murgiltzea» dela gaineratu du Izartegiko zuzendariak: «Arrosadia auzoan, adibidez, atzerriko familia ugari bizi dira, eta, horretarako aukera izan dutenean, euskarazko ereduan matrikulatu dituzte haurrak inongo arazorik gabe. Batu egin dira euskarara; eta, horrela bai, elkarbizitza sortzen da. Bizi gaitezen elkarrekin, euskaratik abiatuta».

Udala, PSNk baldintzatuta

Langileek eta euskararen aldeko eragileek egoerari buelta emateko esperantza dute oraindik, baina uste dute udalak «eskuak lotuta» dituela, ez baitu gehiengorik PSNren babesik gabe. «Hainbat bilera egin ditugu udalarekin, eta harreman joria dugu haiekin. Sintonia onean aritu gara auzi honetaz hizketan, eta behin baino gehiagotan adierazi digute udaleko gobernu taldearen nahia zela euskarazko murgiltze eredua zabaltzea. Gaur egun, baina, EH Bilduk eta Geroa Baik ez dute gehiengorik, eta PSNren beharra dute zenbait politika garatu ahal izateko», esplikatu du Biurrunek.

«Langile batzordeak eragile politikoekin eginiko bileretan, ikusi genuen EH Bildu nahiko lerratuta zegoela murgiltze ereduaren aldera, eta, PSN eta Zurekin Nafarroa, berriz, egungo ereduarekin eroso», gogoratu du Razkinek. «Badakigu negoziazio zaila izan zela udalaren eta PSNren artekoa. Sozialistek ezinbestekotzat jo zuten eskola mistoei eustea, EH Bilduk lehenetsi zuen euskarazko eskaintza handitzea, eta, azkenean, gutxieneko akordio bat lortu zuten. Guretzat, akordio eskasa da, baina zail ikusten dut egoera aldatzea, PSN tematuta baitago eredu mistoarekin».

Hain zuzen, Iruñeko Euskalgintzak adierazi du euskarak «marra gorri» izan beharko lukeela udal gobernuaren eta sozialisten arteko negoziazioetan. Kexu azaldu da Biurrun: «Tamalez, uste dut euskara ez dagoela, gaur-gaurkoz, udalaren marra gorrien artean. Ez dut ukatuko EH Bilduk euskara sustatu nahi duela. Are: badakit hala dela, eta haiei esker lortu ditugula euskararen alorrean ditugun apurrak. Baina urrats asko falta dira oraindik, eta Iruñeko Udalak zor handia du euskaldunokin. Ez oraingoa: urteetakoa».

BERRIA saiatu da Iruñeko Udaleko Hezkuntza alorraren iritzia jasotzen, baina ez du erantzunik jaso.

Gabeziak gabezia eta oztopoak oztopo, eginiko bideari «perspektibarekin» erreparatzea galdegin du Torregrosak: «Hau ez da guk nahi genukeen eskaintza, uste baitugu ezar zitekeela kalitate handiagoko eredu bat, baina ezin uka daiteke euskarazko lerroa zabaldu dela. Lehen, bi auzotan soilik matrikulatu zitezkeen haurrak euskaraz; gaur egun, zortzitan: Txantrean, Arrotxapean, Arrosadian, Lezkairun, Mendebaldean, Sanduzelain, Alde Zaharrean eta, datorren ikasturtetik aurrera, Donibanen. Horrek bizimodua erraztu die familia askori. Ez da nahi genukeena, baina bada zerbait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.