Milaka pertsona bildu ziren atzo Iruñeko Udaletxe plazan. Zapi gorria lepoan ipini zuten leku berean, zortzi egun geroago, kentzea tokatu zaie. Gaixoa ni abestuz, festazaleek 2025eko sanferminak agurtu dituzte. Joseba Asiron Iruñeko alkateak aurtengo jaien «giro ona» azpimarratu du, eta, 2026ra begira, aurtengoak «ezin hobeak» izan direla adierazi du.
Iruñeko Gaiteroak eta AFAN (alzheimerra edo bestelako dementziaren bat dutenen senideen Nafarroako elkartea) igo ziren balkoira. Txupinazoa botatzeko hautaketan bigarren eta hirugarren postuan geratu ziren kideek agurtu zituzten festak. Hurrengo urteko sanferminetarako jada gutxiago falta zela adierazi zuten. Gaueko hamabietan, 2025eko sanferminak amaitu zirela esan bezain laster, «Gora 2026ko sanferminak» oihukatu zuten. Hitz horien ondoren, kandelak eskuan zituztela, «Gaixoa ni, gaixoa ni» abestuz jarraitu zuten bertaratu ziren milaka pertsonak. Txupinazoa jaurtitzeko hautatu ez zituzten beste hautagaiak, udaleko kideak eta Yala Nafarroa ere bertan ziren.
Ikusi gehiago
Uztailaren 6tik 14ra bitartean 517 ekintza baino gehiago gauzatu dira. Kontzertuak, su artifizialak, haur jolasak... Baita entzierroak ere. Aurtengo entzierroetan 41 pertsona eraman dituzte Nafarroako Ospitale Unibertsitariora; bost, adarkaden ondorioz. Lehengo urtean baino hiru ospitaleratu eta bi adarkada gehiago dira, beraz. Salaketak %20 murriztu dira, eta atxiloketa gehiago izan dira. Horregatik, Asironek «efizientzia» nabarmendu du. «Genero indarkeria kasurik gabeko festak izan arte, ez gara gustura geratuko», gaineratu du Iruñeko agintariak.
Iruñeko alkateak esan du jaiak igandean hasi zirenetik pixkanaka hobetuz joan direla, eta jende askok parte hartu duela. Zenbait egunetan ekaitzaren mehatxupean egon direla nabarmendu du, baina horrek «zerbitzuak proban jartzeko» balio izan duela. Horretaz gain, aipamena egin dio billabesen autobus zerbitzuen grebari: «Tamalez, ezin izan da konpondu».