Jaiak. Iruñeko sanferminak

Orban handiek itzal egin diete giro onean ospatutako jaiei

Bi sexu eraso larri salatu dituzte, eta intentsitate apalagoko beste hamar eraso izan dira. Billabesetako greba mugagabeak espero baino eragin arinagoa izan du. Palestinaren aldeko aldarriak leku handia hartu du.

Mugimendu feministak eraso sexistak salatzeko igandean deitutako elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / FOKU
Mugimendu feministak eraso sexistak salatzeko igandean deitutako elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko uztailaren 14a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Denbora tolestu egiten da sanferminetan, luzatu eta laburtu aldi berean. Uztailaren 6ko eguerdi hura oso atzean dagoela dirudi, denbora luzea igaro dela; baina, aldi berean, 204 orduak begi kliska batean igaro dira, oso-oso azkar. Gauerdian Gaixoa ni abestuko dute zenbait iruindarrek, eta armairuan gordeko dituzte jantzi zuriak, zapi eta gerriko gorriekin batera, datorren urtera arte. Bestari zukua azkeneraino atera nahi diotenek, baina, parranda luzatu egingo dute, billabesaren entzierroa egin arte. 

Iruñeko kaleak normaltasunera bihurtuko dira aurki, zortzi egun eta erdiko eromen hura inoiz gertatu izan ez balitz bezala, lozorroan igarotako amets baten tankeran. Uztailaren 15a bestondoa gainditzeko, suspertzeko eta balorazioak egiteko egun aproposa izan ohi da. Eta aurtengoan, azken orduko detaileen esperoan, giro onean joan da festa, nahiz eta orban handi batzuek itzal egin dioten azkenean.

(ID_15143957) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2025-07-14, Iruñea. Sanferminak
Hesiak kentzen, sanferminak amaitzen ari diren seinale. IDOIA ZABALETA / FOKU

1

Indarkeria matxista

Orbanik handienak Udaltzaingoak uztailaren 12an eta gaur jakinarazitako bi sexu erasoak izan dira. Oraingoz, ez dago haiei buruzko detaile handirik. Edonola ere, zabaldutako informazioaren arabera, larunbatean jakinarazitako erasoa etxe baten barruan gertatu zen; bestea, osasun zentro batean. Bi kasuetan, mugimendu feministak eta Peñen Federazioak protestara deitu dute erasook gaitzesteko —igandean eta astelehenean, hurrenez hurren—. Emakumeek beldurrik eta bestelako mugarik gabe jaiez aske gozatzeko eskubidea dutela ere aldarrikatu dute, eta administrazioei baliabideak eskatu dizkiete egoera horri aurre egiteko.

Ez dira eraso bakarrak izan. Gainera, ukituak eta intentsitate apalagoko beste hamar eraso izan dira. Gertaera horiek agerian utzi dute oraindik ere tarte handia geratzen dela jaiak berdintasunean eta elkar errespetatuz ospatzeko. Asteazkenean, kasurako, bi gizonezko atxilotu zituzten emakumezkoei ukituak egiteagatik, eta asteburuaren atarian Udaltzaingoak jakinarazi zuen beste bi salaketa jarri zituztela ukituengatik. 

Gazteluko plazan informazio gunea kokatu du Iruñeko Udalak, eta batez beste 2.000 lagun hurbildu dira egunero. Ostiraleko azken datuen arabera, 11.306 emakumek eta gizonek eraso sexistei aurre egiteko argibideak eskatu dituzte bertan: 7.418 emakumeak izan dira, 3.877 gizonak, eta 11 pertsona ez-bitarrak. Bertan, eskuragarri dauden baliabideak eta eraso sexistei aurre egiteko prebentzio neurriak azaldu dituzte, eta protokoloak aktibatzen ahal dituzte.

2

Aldarrikapen politikoak

Sabino Cuadrak zera gogorarazi zuen BERRIAri emandako elkarrizketan: 1978ko sanferminetako sarraskiaren ondorengo urtean, 1979an, orduko gobernadore zibilak ahanztura sustatu nahi izan zuen, Jaiak bai, politika ez leloaren bidez. Alta, aurten kontrakoa gertatu da: politikak eta elkartasun keinuek leku handia hartu dute aurtengo sanferminetan. Betiko legez, duela 47 urteko sanferminak gogoratzeko omenaldian musikariek eman dute sorpresa handiena: Rozalen eta Erramun Martikorena izan ziren bertan, Fermin Balentziarekin batera.

Oso atzean geratu da honezkero festen leherketa hura. Ezinbestean, festen izaera ludikoak talka egiten du Mediterraneoaren beste aldean Israelgo Gobernua palestinarren aurka egiten ari den sarraskiarekin eta Gazaren drama humanitarioarekin. Alta, elkartasuna adierazteko eta drama hori salatzeko balio izan du Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak botatako suziriak.

(ID_15120134) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-07-06, Iruñea. San Fermin
Palestinaren bandera Udaletxe plazan, zapi gorrien artean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Palestinatik hainbat mezu heldu dira keinua eskertzeko, eta aintzat hartu dute israeldarrek ezarri nahi duten isiltasuna urratu izana. Kasurako, Mohammed Saha Gaza iparraldeko Al Awda ospitaleko zuzendariak esker oneko hitzak bidali ditu bideoz. Gainera, Palestinako banderak maiz ikusi dira festetan, bai Udaletxe plazan, uztailaren 6an, bai eta jai balkoi eta txoko ugaritan ere, jaiek iraun duten tarte osoan.

Herri Sanferminetan ere oso gogoan izan dute aldarria. Peñetan eta hainbat tokitan Sionistak ez dira ongietorriak leloa jarri dute ikusgai. Salam Gaza Nafarroak eta Iruñeko Peñen Federazioak elkarrekin prestatutako zapiak, halaber, lepo ugaritan ikusi ahal izan dira.

Beste hainbat aldarri izan dira festetan. Adibidez, BSHko langileen egoerak zeresan handia eman du, eta Ezkirozko lantokiaren itxiera ere salatu dute pankartetan; Gazteluko plazan, esaterako. Billabesetako langileek greba mugagabeari eutsi diote, eta lan itun duin baten alde elkarretaratu dira. CCOO sindikatuak, gainera, Glovo enpresako banatzaileen egoera prekarioa salatu du. Elkarretaratzea egin dute eguerdian, enpresaren gehiegikeriak salatzeko, bereziki festetan egiten dituenak.

Uztailaren 6an, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak zenbait aldarrikapen eraman nahi izan zituen Udaletxe plazara, baina Udaltzaingoak ez zien utzi, eta Espainiako Polizia oldartu egin zitzaien. Gazte bat atxilotu zuten, eta gogor salatu nahi izan zuten gertatutakoa. Gainera, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jota bat abestu zuen uztailaren 7an, etxegabetzeen aurka.

3

Bizikidetza

Jai irekiak dira sanferminak, baina hainbeste jende egonda beti sor daiteke gatazkaren txinparta. Aurten, baina, nahiko lasai joan dira. Uztailaren 7ko prozesioko ibilbidean iruindarrek txalo eta oihu egin izan diete beren ordezkari politikoei, batik bat Curia kalean. Oraingoan, baina, mehatxuak eta oihu iraingarriak bota zizkioten Joseba Asiron alkateari Done Saturdi elizaren parean. Gertaera ikertuko duela jakinarazi zuen Udaltzaingoak. Iruñeko alkateak biharamunean salatu zuen jazotakoa, eta gaineratu zuen eskuin muturreko taldeak bertan elkartzen direla eta eraso saiakera bat izan zela. 

Hain zuzen ere, sanferminen atarian, eskuin muturreko erabiltzaile batzuek festei buruzko mezu xenofoboak zabaldu zituzten sareetan, eta eraso antolaturen bat egiteko arriskua zegoen. Haatik, ez da halakorik gertatu. Jaietan ohikoak izaten dira kale saltzaileak, hala kale kantoietan beren materiala saltzen egoten direnak, nola salgaiekin handik hona dabiltzanak, tabernetan-eta sartzen direnak. Asteazkenean, Karlos III.aren etorbidean zeuden saltzaileen aurka egin zuten Udaltzaingoak eta Foruzaingoak, eta haietako bat atxilotu zuten. Sos Arrazakeriak salatu zuenez, esku hartze hura gerarazten ahalegindu zirenei ere mehatxu egin zieten, isunak jarriko zizkietela.

Poliziak ere toki handia hartu du festetan, segurtasunaren irudia eman nahirik; zenbaitetan, baina, haiek eragin dute segurtasun falta. Espainiako Poliziako kide ugari metraileta eskuetan ikusi ahal izan da, eta zaldizko unitate bat ere bidali dute Madrildik. Uztailaren 10ean, dianetan, parrandazaleei oldartzekotan egon ziren, kaskoak buruan eta borrak eskuan zituztela, bat-batean.

4

Zerbitzu publikoak

Jaietan Iruñea kaosean murgiltzen bada ere, dena ondo antolatuta dago, eta egitura oso bat martxan da jaiak behar bezala egin daitezen. Egitura horretan, zerbitzu publikoak funtsezkoak dira osasuna, garbitasuna, mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Hain justu ere, TCC Moventis enpresako langileen greba mugagabeak jaiak baldintzatu ditu. Garraio publikoa kolapsatuta izan ohi da jaietan, eta hainbat herritar beldur ziren, grebak ez ote zuen egoera okertuko. Beste askok, ordea, ulertu egin dute langileen aldarrikapena. %70eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, eta uste baino gutxiago nabaritu dute lan gatazkaren eragina erabiltzaileek.

(ID_15133273) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-07-10, Iruñea. Sanferminak
Gutxieneko zerbitzuak ezarri dituztenez, uste baino gutxiago nabaritu dute greba mugagabea erabiltzaileek. GORKA RUBIO / FOKU

Ezin da neurtu jaiek zenbateraino baldintzatzen duten osasun zerbitzuen eguneroko jarduna, baina argi dago entzierroen ondorioz bakarrik baliabide guztiak mobilizatzen dituztela, beren bizitza arriskuan jartzen dituztenen osasuna zaintzeko. Gainera, jaietan, Gurutze Gorriaren eta DYAren postuek herritarrak artatzen dituzte sortzen diren arazoei aurre egiteko. Nafarroako Gobernuaren arabera, larrialdi zerbitzuek 8.995 dei jaso dituzte festekin lotutako arazoak direla eta.

Garbiketa zerbitzurik gabe nekez legoke jairik. Egunero tonaka sortzen da zaborra, eta kaleak zikinkeriaz eta pixa errekaz beteta egoten dira. Lehen egunean, esaterako, 117 tona beira eta 86 tona zabor sortu ziren. Biderkatu hori zortzi aldiz. Garbitzailerik ez balego, sanferminetan zabor mendi bat sortuko litzateke.

(ID_15141448) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-07-13, Iruñea. Sanferminak, San Fermin
Zaborra jaien erdigunean, Gazteluko plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jende uholdearekin batera, ohikoak izaten dira lapurretak, baina, azken datuen arabera, salaketek nabarmen egin dute behera aurten. Larunbatera bitarte, 1.050 salaketa aurkeztu zituzten; aurreko urteko datua baino apalagoa da aurtengoa. Salaketa gehienek lapurretekin daukate lotura. Ehun lagun inguru atxilotu dituzte poliziek, baina behin-behineko datuak dira.

5

Eskaintza

Orotariko musika estiloez gozatzeko aukera izan dute herritarrek. Kalean zein eszenatokietan, musika nonahi entzun ahal izan da. Kontzertuen artean, Rozalenek arrakasta handia izan zuen, eta nabarmentzekoa izan zen taula gainean 1978ko sanferminetan gertatutakoa oroitzeko aldarrikapenari toki egin izana. Zea Maysek ere ekaitzaren mehatxuari aurre egin eta arrakastaz jo zuen uztailaren 10ean. Gazteluko plazako agertokia musikaren epizentro izan da festetan, baina Foruen plazan, Konpainia plazan, Gurutzeko plazan eta Antoniutti parkean ere askotariko aukerak eskaini dituzte.

Egitarau ofizialetik kanpo, festei beste kolore bat eman diete peñek, Herri Sanferminek, Oinez guneak, Herriko eta Arrano Beltza elkarteek eta Zaldiko Maldikok, eta gogorarazi dute herri mugimenduaren antolakuntzari ere asko zor diotela festek. Zer esanik ez haien txarangen ekarpena gehituz gero. 

Oinez gunea
Oinez gunea, lasai egoteko tokia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Aurten azpimarratzekoa da Iruñeko Udalak festa beste auzo batzuetara eraman nahi izan duela eta hainbat ekitaldi prestatu dituela Alde Zaharretik eta Bigarren Zabalgunetik urrun. 

6

Entzierroak

Zortzi entzierro, horietako sei joera berekoak: azkarrak, masifikatuak eta nahiko garbiak. Dena den, egunero sei zezen solte uztea San Domingoko aldapatik zezen plazaraino doan ibilbidean, 875 metroko tartean, arriskutsua da berez, eta, jendetza biltzen denez, harrigarria suerta daiteke ezer larriagorik ez gertatzea. Cebada Gago eta La Palmosilla ganadutegien entzierroek gogora ekarri dute triskantzaren mamua hor dagoela beti. Cebada Gagoren kasuan, solte geratu zen zezena jendea zauritzeko zorian izan zen plazaren atarian. La Palmosillako zezenek, berriz, makina bat tentsio une eragin zituzten. Baita Jose Escolar ganadutegiko zezen grisaxka batek ere, zezen plazan buelta eman zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.