Iruñeko kartzelan emakume preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketak

Hiru hilabete baino gehiago pasatu dira Nafarroako Gobernuak espetxeko osasun arreta bere gain hartu duenetik, eta Salhaketak deitoratu du oraindik ez dagoela 24 orduko mediku zerbitzurik

Iruñeko espetxea, kanpotik hartuta, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Beste behin, Salhaketa erakundeak piztu du alarma eta plazaratu du informazioa. Astelehen goizaldean, Iruñeko kartzelako emakumeen moduluan zegoen presoetako bat hil egin zen: zeldako bizikideak eman behar izan zien gertatutakoaren berri espetxeko arduradunei eta osasun arloko profesionalei. Salhaketak adierazi duenez, espetxeko langileen erantzuna «ez zen izan horrelako egoera batean espero zitekeen bezain azkarra». Nafarroako Gobernuak atzo baieztatu zuen presoaren heriotza, eta Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariak adierazi zuen «zuhur» jokatu nahi dutela, ikerketa judiziala abian delako eta oraindik ez dakitelako zergatik zendu zen. Autopsiaren emaitzak izan arte itxaron nahi dute. EH Bilduk Eduardo Santosen eta Santos Indurain Osasun kontseilariaren agerraldi bateratua eskatu du parlamentuan.

Aurten Iruñeko kartzelan izandako lehen heriotza izan da —edo, bederen, jakinarazitako lehena—. Espetxe Erakundearen datuen arabera, 2006tik 2018ra hamalau preso hil ziren Iruñeko espetxean, eta gutxienez beste bi hil dira geroztik. Hala ere, gertaera lazgarriok Euskal Herriko beste lau presondegietan ere gertatu dira. Iaz, esaterako, Zaballan gutxienez sei preso hil ziren. Hain justu, urriaren 1etik Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumen osoa du. Nafarroako Gobernuari dagokionez ere, aurtengo abuztuaren 1etik Osasunbidea arduratzen da Iruñeko kartzelako presoen osasun arretaz.

Eskumen hori bere gain hartu zuenetik hiru hilabete iragan badira ere, Salhaketak deitoratu du Iruñeko espetxeak ez duela oraindik guardiako medikurik eguneko 24 orduetan. Neurri hori beharrezkotzat jo du, espetxearen funtzionamenduari lotutako protokoloak berrikustearekin eta laguntza psikologikoa ematearekin batera.

Eduardo Santos kontseilaria «nahigabetuta» azaldu da, eta doluminak azaldu dizkie hildako presoaren senideei. Gaineratu duenez, Nafarroako Gobernuak kartzelako osasun zerbitzuak kudeatu arren, «eskumen partekatua» da, eta «zaintza espetxe administrazioarena» da.

Koordinazioa behar den heinean, osasun arloko batzorde mistoa biltzeko dago, eta han hitzartu behar dira osasun arretaren neurri zehatzak. Gobernuko iturriek azaldu dute eskumena izan artean prozesuak berak denbora eskatzen duela. Berez, bi gobernuek hiru ordezkari bidaliko dituzte bilera horretara. Dena den, gobernuak ez daki noiz bilduko diren.

«Aitzakiarik ez»

«Ez dago aitzakiarik», txiokatu zuen atzo EH Bilduko Bakartxo Ruizek. Koalizio abertzaleak kezkagarritzat jo du 24 orduko medikurik ez izatea Iruñeko espetxean. Horregatik, bi kontseilarien agerraldi bateratuaz gain, galdera bat erregistratu du parlamentuan, jakiteko zer baliabide dituen kartzelak osasun arloko gertaerei aurre egiteko. Halaber, informazio eskaera bat egin du, presoen buru osasunerako eta berdintasunerako programak sustatzeko bi gobernuek sinatu duten itunaren kopia bat bidal diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.