Iruñeko Udalak eta Astindu gazte elkarteak sinatutako kontratua eten eta gaztetxearen eraikina behin-behinean ixteko galdea egin zuen atzo Iruñeko Udaleko Presidentetza Batzordeak, Geroa Bairen, UPNren eta PSNren botoekin. Eraikin barruan lizentziarik gabeko lanak egitea leporatzen diete gazteei, eta horrek kontratua urratzen duela adierazi dute agiriaren sinatzaileek. Gainera, obra horien ondorioz segurtasuna ez dagoela bermatuta argudiatu dute.
Argudioekin bat egin du udalak, eta gaur jakinarazi du eskatutako neurriak hartu dituela: eten egin duela kontratua, eta itxi egin duela gaztetxea. Nolanahi ere, "eraikinaren segurtasuna bermatzeko" egin beharrreko lanak egin ondoren, eraikinaren kudeaketa berriz ere lehiaketara aterako duela jakinarazi du udalak.
Presidentetza Batzordearen lan saioan, UPNk, PSNk eta Geroa Baik aurkeztutako adierazpen bana eztabaidatu zuten atzo. UPNren eta PSNren testuek ez zuten aurrera egin. Bai, ordea, Geroa Bairenak, erregionalisten eta sozialisten babesa lortuta.
Txaleta zaharberrituta, "espazio dotazional" izaerarekin aterako du lehiaketara Udalak "gazteriak gazteriarentzako autogestionatutako gure autogestionatuak izateko beharrari erantzuneko asmoz, gazteria aktibo, anitz, parte hartzaile eta konprometitua ereiteko".