Iruñerria, Argako urei zeharka begira

Ibaiak gainezka egin du Iruñerriko zenbait lekutan, baina kalte materialak txikiak izan dira, 2021eko uholdeetan izandakoekin alderatuta. Asiron alkateak esan du egoera «egonkorra» dela, baina «erne» egonen direla, Magdalena auzoan batez ere.

(ID_17090389262155) Arga ibaia, gainezka
Arga ibaiak gainezka egin du Arrotxapea auzoan. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
Iruñea
2024ko otsailaren 27a
14:00
Entzun

Atzotik jakina izanagatik ere, azken orduetan ezinegon handia piztu du Iruñerrian Arga ibaiaren hazkundeak. Askok gogoan izan dituzte 2021. urteko uholdeak. Orduko hartan, segundoko 530 metro kubikoko emaria erregistratu zuten Iruñean, eta kalte material ugari eragin zituzten uholdeek, batez ere Burlatako (Nafarroa) eta Arrotxapea auzoko garaje eta etxabeetan. Oraingo honetan, Arga ez da harrotu duela hiru urte bezainbeste, baina hazita dago hala ere, azken 24 orduetan botatako euri jasak bost bider handitu baitu ibaiaren emaria hiriburuan: atzo, 62 metro kubiko zeramatzan segundoko; gaur goizean, berriz, 330 metro kubiko erregistratu dituzte. Ibaia indar handiz sartu da, eta hiru metroko sakonera du hiriburuan —1,3 metro zituen atzo—. Horren ondorioz, gainezka egin du goizean goizetik, Iruñerriko hainbat lekutan.

Burlatan, Atarrabian eta Uharten, esate baterako, errepidea moztu behar izan dute, eta horrek eragozpenak eragin ditu garraio zerbitzu publikoan. Iruñeko Udaltzaingoak goizaldean itxi du Landabengo industrialderako sarbidea, putzu ugari sortzen baitira hor. Hala izan da oraingoan ere, eta larrialdi zerbitzuek ibilgailu bat atera behar izan dute urek hartutako errepidetik. Auto gidaria ospitalera eraman dute, hipotermiak jota. Ororbian ere bi pertsona erreskatatu behar izan dituzte, beren ibilgailuetan harrapatuta gelditu ostean. Kalte material batzuk ere izan dira: Arazuri-Orkoiengo industrialdean, luizia eragin du euri jasak 05:00etan, eta enpresa bateko zenbait ibilgailu lurperatuta gelditu dira. Enpresa itxita zegoen ordu horretan, eta ez da zauriturik izan.

Hiriburuan, Arga ibaiak gainezka egin du Txantrea, Arrotxapea, Magdalena eta Sanduzelai auzoetan. Aranzadiko parkea, Runako parkea eta Trinitatekoen parkeak urak hartuta egon dira goiz osoan.

Asiron: «Emaria egonkortu da»

Iruñeko alkate Joseba Asironek bilera izan du goizean Udaltzaingoko koordinazio taldearekin. Horren ostean, adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean, eta esan Arga ibaiaren emaria «egonkorra» dela orain: «09:30 edo 10:00etarako espero genuen emari handiena eta, zorionez, ez da kalte handirik izan; hala ere, zuhur jokatu behar dugu, eta erne izanen gara datozen orduetan».

Asironek azaldu du ibaiak «ohiko tokietan» egin duela gainezka, Arrotxapean eta Magdalenan alegia: «Oraingoz, Magdalena auzoa da arretagune nagusia, eta erne egonen gara datozen orduetan», gehitu du. Hala ere, emaria «egonkortu» dela adierazi du alkateak: «Azken neurketen arabera, segundoko 330 metro kubiko ur daramatza Arga ibaiak Iruñean. Asko da, baina gogoratu behar dugu 2021eko uholdeetan 530 metro kubikora iritsi zela».

Udaltzaingoa eta larrialdi zerbitzuak zoriondu ditu Asironek, azken orduetan eginiko lanagatik: «Euri abisua jasota, atzotik ari dira urak har ditzakeen tokietatik autoak ateratzen eta etxabeak husten. Lan bikaina egin dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.