Iruñerriko mugimendu transfeministak transen «deslegitimizazioa» salatu du

Transfeministek argi dute trans-baztertzaileek «pertsona transen aurkako izu morala» sustatzen dutela. Salatu dute kolektibo trans-baztertzaileek kartelak paratu dituztela kalean, «emakume transak ez direla emakume esanez», eta erasotzat jo dute.

Iruñerriko mugimendu transfeministak Udaletxe plazan egin duen prentsaurrekoa. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñerriko mugimendu transfeministak Udaletxe plazan egin duen prentsaurrekoa. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñea
2026ko ekainaren 24a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Udaletxe plazan elkartu da Iruñerriko mugimendu transfeminista «beren burua feministatzat daukaten sektoreek zabaltzen dituzten gorroto diskurtsoak» salatzeko. Diskurtso horiek kalean «ondorio zuzenak» dituztela adierazi dute, «araua betetzen ez duten pertsonen bizitza mehatxatuz». Transek jasaten dituzten «jipoi, jazarpen, irain eta deslegitimazioan» jarri dute arreta.

Gaur goizean aurkeztu dute mugimendu transfeministarekin bat egiten duten hogei eragilek sinatutako manifestua. Helburua argia izan da: «Gure kaleetan gertatzen ari diren erasoei erantzun kolektibo bat ematea». Izan ere, eraso transfoboen gorakada ikusita, «beharrezkotzat» jotzen dute egoera hori «gizarte osora» hurbiltzea. Hori horrela, «guztioi eragiten digun eskubideen urraketa eta atzerakada» dela azpimarratu dute.

Transen aurkako diskurtso eta erasoak, hein handi batean, TERF deitzen dieten kolektiboetatik datozela azaldu dute. Jatorriz ingelesezkoa bada ere, euskarara itzulita, laburdura horrek feminista erradikal trans-baztertzailea esan nahi du. Eraso horien adibideak jarri dituzte; esaterako: «Gizonak ezin dira lesbianak izan leloa duten kartelak itsatsi dituzte kaleetan, emakume transak emakume ez direlakoan». 

Mezu horiek askotan «ezkutukoak» izaten direla salatu dute, «emakumeen eskubideen aldeko kezka edo haurrak defendatzeko diskurtsoen artean». Gainera, komunikabideetan «abolizionismoaren eta berdintasunaren aitzakiapean» agertzen direla diote. Funtsean, ordea, «diskurtso biologizista eta esentzialista onartezinak» zabaltzen dituztela argudiatu du mugimenduak, «pertsona transen aurkako izu morala sustatuz». 

Ildo horri jarraituz, azaldu dute kolektibo trans-baztertzaileak «pertsona osasuntsuen mutilazioaz» mintzatzen direla transez hitz egitean; hau da, transak mutilatu egiten dituztela esaten dute transen aurkako argudio gisa. Iruñerriko Mugimendu Transfeministak argi eta garbi utzi du hori engainagarria iruditzen zaiela, jakinda intersexualek «benetako mutilazioak jasaten» dituztela «binarismo biologiko batean sartu» behar izateko.

Koordinakunde propioa

Joan den Martxoaren 8ko mobilizazioetan gertatutakoak ere salatu dituzte. Hain zuzen, trans-baztertzaileek koordinakunde propioa sortu zuten, «Euskal Herriko mugimendu feministaren 50 urte baino gehiagoko lana zapaldu eta lurraldeko feminismoaren izena bereganatuz». Feminismoaren korronte horrek «sareetan zurrumurruak eta falaziak» hedatzen dituela nabarmendu dute, transen aurkako «eraso eta umiliazioak sustatuz eta bazterkeria dinamikak erreproduzituz».

Iruñerriko egoeraren inguruan ere mintzatu dira, eta transak baztertzen dituzten elkarteek jasotako babesaren aurka agertu. Gogor salatu dute Garenak, Iruñeko elkarte abolizionista eta trans-baztertzaileak, trans legearen aurkako elkarretaratzea antolatzen duela urtero ekainaren 20an. Izan ere, aurten Comfin Berdintasunaren Aldeko Nafarroako Emakume eta Feminista Elkarteen Koordinakundeak «babestu» dituela adierazi dute, eta «erakunde horrek Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin hitzarmen ekonomikoa» duela gehitu.

Elkarte trans-baztertzaileetatik harago

Transen aurkako eraso horiek ezin dira «bakantzat» hartu, transfeministen esanetan. «Olatu erreakzionario global baten parte dira». Hori horrela, transak, bereziki emakume transak, «arazo material eta sozialen erantzule gisa seinalatzen dira, sistema kapitalista eta neoliberala seinalatu beharrean». Gaia, «eztabaida teorikotik» harago, «eztabaida material» gisa katalogatu dute. «Gorrotozko diskurtsoek eta haien jarrera politikoek indarkeria instituzional, zuzen eta politikoaren legitimazioa dakarte, eta indarkeria horiek araua betetzen ez duten pertsonen bizitza mehatxatzen dute».

Mugimendu ultrakatoliko eta ultrakontserbadoreek «aspalditik sustatutako» mezuak direla adierazi dute, «sexuen binarismoaren defentsa, autodeterminazioa auzitan jartzea eta kutsadura transaren eraikuntza diskurtsiboa». Eskuineko gobernuek babestuta, mugimendu horiek «beldurra, alarmismoa, giro garratza» hedatzen dituztela azaldu dute. Hala ere, diskurtso horien inkoherentzia salatu dute: «Egiturazko problemei erantzun beharrean, botere kapitalistaren defentsa hutsa dira». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA