Irungo auzokide patruilak «gorroto haztegiak» direla salatu dute

Antxeta irratiak egindako ikerketa batean ondorioztatu dutenez, xenofobia eta islamofobia sustatzen dira talde horietan. 'Lo vimos en Irun' Whatsapp taldeak 700 kidetik gora ditu.

Mikel Garcia Martikorena.
2025eko ekainaren 19a
18:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez Facebook-ik, ez ostiarik, jipoi on bat eta ikusiko duzu nola kentzen zaion ergelarena egiteko gogoa», adierazi du batek. «Jipoi on bat! Urdaiazpiko bat sartuko diot ipurditik!», erantzun dio besteak. Hori, Lo vimos en Irun Whatsapp taldeko elkarrizketa bat da, baina horrelako beste hamaika egon dira bertan. Taldea maiatzaren 5ean sortu zuten, eta haren helburua, diotenez, larunbat gauetan auzokide patruilak antolatzea da, herrian egon daitezkeen «krimenak ekidite aldera». Hainbat eragilek salatu dutenez, ordea, xenofobia sustatzeko lekua besterik ez da.

Antxeta irratiak ikerketa lan bat egin du Whatsapp taldean sartuta eta bertan bidaltzen diren mezu, argazki eta bideoak aztertuta. Eta ondorio bat atera du: «Irungo auzokide patruilak gorroto haztegiak dira». Zazpiehun lagunek baino gehiagok osatzen dute taldea gaur-gaurkoz, eta migratzaileen aurkako irainak eta mespretxuak dira mezurik ohikoenak.

Irratiak ikerketan azpimarratu duenez, bereziki magrebtarrak dituzte jomugan taldeko kideek. «Moro» eta «urdaiazpiko alergiko» terminoak behin eta berriz errepikatzen dira taldean; Antxetak kaleratu berri duen ikerketan ageri denez, argazki eta bideo gehienak arabiar jatorriko jendearenak dira. Are gehiago, «marokoar baten bila» ari diren bideo bat ikus daiteke, ekain hasierakoa. Horren ostean, bi bideo ilun, arabierazko oihu batzuk jasotzen dituztenak. Izan ere, segurtasuna ezartzeko argudioa baliatuz, marokoar jatorria duten herritarren atzetik aritzen dira maiatz erdialdetik.

Migratzaileen aurkako irainez gain, haiek jipoitzeko eta Europatik kanporatzeko deia egiten da askotan Whatsapp taldean. Antxetako kazetarien aburuz, taldean partekatzen diren mezuak gorroto delitua dira; are gehiago, sarbide publikoa duen talde bat izanik. Horiek horrela, agintarien jarrera gaitzetsi dute, haren aurkako neurririk ez dutelako hartu.

Diskurtso xenofobo eta arrazistez gain, taldeko zenbait kidek eskuin muturrekoek bereganatu duten ikonografia erabiltzen dute; Punisherren logoa, esaterako, oso ohikoa da eskuin muturreko polizien artean. Gainera, piper beltzezko espraia eta borra luzagarriak nola erabili azaldu dute zenbaitetan taldean.

Ideologia hori bereziki taldearen zortzi kudeatzaileek aldarrikatzen dutela nabarmendu du Antxeta irratiak, eta Irunen ideologia hori hedatzea dela haien helburua. Are gehiago, kritikarik ez dute onartzen: segurtasuna bai, baina «errespetua» ere eskatu zuen kide bat kanporatu zuten, esaterako.

Auzokide patruiletan aritzen direnek Poliziari adierazi diotenez, ezaguterrazak izateko txaleko horiak eramaten dituzte, eta «behaketa lana» baino ez dute egiten, «segurtasuna bermatze aldera». Whatsapp taldean partekatu izan dituzten argazki eta bideoek, ordea, bestelako zerbait islatzen dute: kaleko arropa eramaten dute, auzokide patruilako kideak direla identifikatzeko ezer gabe, eta eraso ere egin izan dute. Hala ikus daiteke, adibidez, taldean partekatu zuten bideo batean. Bertan, bi gazte magrebtar harrapatzen saiatzen ari da gizon bat, eta ez du txaleko horirik soinean.

Udalak, kezkarik ez

Ez da lehen aldia norbait auzokide patruila horien aurka agertzen dena. Iragan ostiralean, esaterako, Irungo Udalera heldu zen auzia. Herriko jaien harira, segurtasun protokoloa aurkeztu zuten, eta kazetariek gaiaz galdetu zuten. Andoni Urdangarin Irungo ertzainburuak erantzun zion galderari: «Sare sozialetan ikusi ditugu. Baina guk ez diegu halako garrantzirik ematen. Badakite zerbait ikusten badute zer egin behar duten, hori esaten digute behintzat: zerbait ikusiz gero Ertzaintzari edo Udaltzaingoari deituko diotela. Ez du inongo garrantzirik».

Ez alkateak eta ez Irungo Udaleko beste ezein arduradunek ez zuen erantzunik eman ostiraleko prentsaurrekoan. Hori, baina, ez zen ezustekoa izan. Izan ere, Antxeta irratiak asteak daramatza kargudun politikoei Whatsapp taldearen eta auzokide patruilen inguruan galdetzen; gaur-gaurkoz, ez du erantzunik jaso.

SOS Arrazakeriak ere kezka adierazi du Irunen gaur egun dagoen tentsio egoera dela kausa. Lo vimos en Irun taldeaz gain, hamaika pintaketa agertu dira migratzaileen aurkako aldarriekin herrian zehar. Horri aurre egiteko neurriak hartu behar direla adierazi du Gerard Karrere SOS Arrazakeriako kideak Antxeta irratian. Azaldu duenez, pintaketa arrazistek  tresna bat dira «gizatasuna kendu eta gorrotoa» zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.